Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Viewing posts for the category Azaleko Nabarmendua

EKAITZ TABERNA: Etxean bezala jan, etxean bezala sentitu

Izaskun, Mari Jose eta Maite Etxabe ahizpei jubilatzeko garaia iritsi zaie 38 urtez Ekaitz taberna martxan izan ondoren. Kristina iaz jubilatu zen. Maiatzaren 31n itxi zituen ateak aurretik Polipaso taberna izan zenak. Merezitako agur festa ederra jaso zuten.

Zorionak IKO!

Pasa den uztailaren 17an, IKOK 6 urte bete zituen. Eskerrik asko lozorroan zegoen proiektu hau berrabiarazi eta aurrera egiteko indarra atera zuten ausart horiei.
Pandemiak bete-betean harrapatuta ere, ahal zen bezala, lanean jarraitu zutenei.
Eskerrik asko egitasmo honetan sinestu, babestu eta lagundu zuten eta laguntzen duten bazkide guztiei. Baita erabiltzaile den herritar orori ere.
Proiektu kolektibo bat delako, jarrai dezala IKOk urte askoan!
ZORIONAK IKO!!!

Jubilatuek ere, geldialdia egingo dute udan

Dagoeneko agurtu dute ikasturtea Jubilatuek, baina aurretik hainbat ekintza egin zituzten ekainean zehar. Aipatzekoak dira: Arantzazu-Oñati eskursioa, Kizkitzako ermitara ibilaldia eta San Pedro jaietan egindako kantujira eta dantza emanaldian izandako partehartzea. Maiatzean, San Isidro egunean, Pako Aristiren hitzaldia eskaini zuten. Uztapide eta Xalbador izan zituen hizpide.
Irailetik aurrera berriz izango dira martxan ohiko dinamikarekin. Datorren ikasturtean ere, ekintza mordoa antolatuko dituzte ziur.

Ez gara “txitxa” galtzen ari, paisaia aldatzen ari da

Orri informatiborako zerbait idazteko Karmeleren gonbitearen mezua jasotzean, orain dela gutxi baterien funtzionamendua hobeto ezagutzeko Zeraingo lagunekin egin genuen bilkurari buruz idaztea bururatu zitzaigun hasieran, baina duela hiru urteko uda aurreko hilabetetan Igeldoko Komunitate Energetikoa (IKE) sortzeko lehen bilerak egiten hasi ginela eta, zuekin gogoeta hau partekatzea erabaki dugu.
Garai hartan helburua argia zen: gure herrian ere energia berriztagarria sor-tzea eta partekatzea, elkarlanean. Eta gure proiektura guk uste genuena baino jende gehiago bildu zen, batzuk energia-enpresa handietatik ihes egin eta guk geuk gure komunitatean energia kontuak erabakitzeko asmoz, beste batzuk fakturan aurrezteko, besteak klima aldaketaren aurrean zerbait egin behar zutela pentsatuz...
Hiru urte geroago, lau instalazio mar-txan ditugu, monitorizazio sistema ezar-tzeko zain eta baterien inguruko gogoetarekin gabiltza. Gainera, proiektu berriak ditugu buruan eta bazkide gehiago lortzeko ilusioa... baina, Kontseiluko kideok, behintzat, gero eta argiago ikusten dugu IKE ez dela eguzki-plaken eta baterien proiektu bat bakarrik. Beste zerbait ere bada. Herri batek elkarrekin, komunitatean, amets egiteko eta gauzak egiteko duen gaitasunaren adierazpena da.
Azkenaldian, ordea, sarritan entzuten dugu eta gure buruan bueltaka dugu esaldi bera: "Lehen baino “txitxa” gutxiago dago herrian, gizartean." Edo: "Jendeak ez du lehen bezala parte hartzen."
Burutazio hau egia al da? Agian bai... eta agian ez, baina baliteke ez egotea indar gutxiago, baizik eta beste garai batean bizitzea.
Urte batzuk ditugunok, askotan uste izan genuen gure gizartea "GU" handi baten inguruan antolatu behar genuela. Elkarteak, auzolanak, jaiak, euskalgintza, kooperatibak... Horri esker eraiki dugu gaur egun ezagutzen dugun Igeldo, ezagu-tzen dugun Euskal Herria.
Baina, onartu behar dugu, garai hartan askotan pertsona bera geratzen zela bigarren planoan. Militantziak eta konpromisoak denbora, energia eta baita bizitza per-tsonalaren zati handi bat ere eskatzen zuten, baina gaur egungo gizarteak beste erronka batzuk ditu. Lan erritmoak, familia eredu berriak, zaintza-lanak, ziurgabetasuna... Horrek guztiak "NI"-aren beharra ekarri du. Eta hori ez da albiste txarra. Norberaren zaintza ere komunitate osasuntsu baten oinarria baita.
Horregatik, agian ez gara "GU"-tik "NI"-ra pasatzen ari, agian, "GU" berri bat eraikitzen ari gara! Ni aitortzetik, Gu eraikitzera! Hau da, pertsona bakoitzaren duintasuna eta autonomia errespetatzen dituen komunitate bat. Bidean inor erre gabe, bakoitzak ahal duen neurrian parte hartzen duen herri bat. Elkar zaintzea, zainduak izateko eskubidea eta norberaren mugak errespetatzea uztartzen dituen komunitatea.
Eta, egia esan, nahikoa da gure ingurura begiratzea konturatzeko zein den gure herriko errealitatea: Udal berria martxan jartzeko lan eskerga egiten ari diren herritarrak; elikadura kooperatiba indartzeko gaueko bilera amaiezinetan murgilduta dauden IKOko kontseiluko lagunak; baserrian edota etxetik kanpoko lana bukatzean, esnea ekoizten, bertako ganadua hazten edota baratzako produktuak lortzen ari diren baserritarrak; eskolako guraso elkarteko kideak; jubilatuen elkartekoak, euskara taldekoak, kirol taldetakoak, emakumeen taldekoak, jai batzordekoak, kultur mahaian lanean daudenak, musika eskolakoak, Ieltxokoak, gazteen taldekoak, Din-din elkartekoak, Herri Kontseilukoak, tarteka antolatzen diren auzolanetan parte hartzen duten bolondresak...
Zenbat herrik daukate hainbeste bizi-tza 1.100 biztanlerekin? Hor dago gure benetako aberastasuna.
Agian ez dugu gehiago egin behar. Agian, lehenik eta behin, egiten duguna balioan jarri behar dugu. Eta, batez ere, herri hau bizirik mantentzen duten boluntarioak zaindu.
Boluntarioak ez dira agortezinak. Herri baten altxorrik handiena dira. Haien ilusioa, denbora eta konpromisoa zaintzea ere komunitatea zaintzea da.
Horregatik, IKEtik galdera bat luzatu nahi dugu: Eta hemendik hamar urtera, nolako Igeldo nahiko genuke?
Energetikoki burujabeagoa, bai. Baina baita elikaduran, zaintzan, kulturan, euskaran, naturarekin dugun harremanean eta herritarren arteko konfiantzan ere.
Burujabetza ez baita bakarrik energia edo elikagaiak ekoiztea. Burujabetza da elkarrekin etorkizuna irudikatzeko gai izatea eta horixe da, agian, komunitate baten indarrik handiena.
Eta guk uste dugu indar hori Igeldok oraindik baduela.
Ez gara txitxa galtzen ari, paisaia aldatzen ari da.
Eta paisaia berri horretan, agian, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da elkar zaintzea, ilusioa partekatzea eta herria elkarrekin eraikitzen jarraitzea.
Energia badugu… ondo ari gara!

Josi Oiarbide Alustiza
IKEko Kontseilu kidea

UDALEKUAK: Jolasak eta irteerak

Ekaina bukaeran eta uztailean zehar Udalekuak izan dira Igeldon. Ekintza ugari egin dituzte: jolasak, eskulanak, tailerrak, irteerak... eta primeran ibili dira. Denera 29 umek hartu dute parte aurtengo udalekuetan, aste desberdinetan banatuta. Begiraleak lau izan dira: Naroa, Elene, Aroa eta Malen. Sekulako lana egin dute eta orain oporrekin gozatzera!

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom