Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Viewing posts for the category Azaleko Nabarmendua

IKOn ere Gabonak ate joka

Urtero bezala, aurten ere, IKOk abenduan zehar hiru zozketa antolatu ditu. Sariak, 30 euroko hiru erosketa txartel izango dira. 10 euroko erosketa gastu bakoitzeko, bezeroak zozketarako txartel bat eskuratuko du.
Era berean, Gabon jaiak ate joka ditugula eta, kooperatibako produktuekin osatutako poltsak oparitzeko aukera eskainiko dute. Bazkideek eta gainerako bezeroek eskatzeko aukera izango dute, eta bertako eta inguruko enpresetan ere zabalduko dute eskaintza. Bi poltsa mota izango dira: Tximistarri poltsa, 30 eurotan, eta Agiti poltsa, 60 eurotan.

Vietnamgo har inbaditzailea

BIPALIUM KEWENSE. 2014ean, Ondazarten, Eneritzek zizare arraro bat aurkitu zuen, zelaiaren ertz batean, zimaurtegitik hurbil. Zizare itxura zuen, baina burua oso zabala: mailu zapal bat zirudien. Hemen eta han begiratuz eta galdetuz, jakin genuen Bipalium kewense baten aurrean ginela. Jatorria Vietnamen duen har zapala da, eta gurean inbaditzailea da. Igeldon, beste espezie arrotz inbaditzaile bat, alajaina (lezka panpa, mimosa, Aedes eltxoa …).
Gipuzkoan zegoenik ere! Urte hartan, Iberiar Penintsula osoan toki gutxi batzuetan bakarrik zegoela agertzen zen bibliografian.
Toki hezeetan agertzen da eta zizareak jaten ditu, lepo; zimaurtegiaren ondoan aurkitu zuten: zizarea bai, baina tontoa ez!
Bada, 2020an beste ale bat aurkitu zuen, irailaren bukaeran hirugarren bat eta oraintxo beste bi. Zuetakoren batek halakorik aurkituko balu, ez utzi libre: eskertuko genioke Kultur Etxera ekartzea. Eskerrik asko.
Bibliografia: Álvarez-Presas M, Mateos E, Tudó À, Jones H, Riutort M. 2014. Diversity of introduced terrestrial flatworms in the Iberian Peninsula: a cautionary tale. PeerJ 2:e430 https://doi.org/10.7717/
peerj.430

Bost adibide aberasgarri

Azaroaren 15ean, Udalen eta energia komunitateen arteko elkarlanaren inguruko energia jardunaldi bat anto­latu zuen IKEk Igeldon. Bost herrietako esperientziak ezagutzeko aukera izan zen bertan. Bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak entzun ondoren, denen artean gogoeta egitea izan zen jardunaldiaren helburua. Herri ezberdinetatik 50 pertsona gerturatu zirela adierazi dute IKEko ki-deek eta oso aberasgarria izan zela.
Gonbidatutako herriak Lasarte-Oria, Leitza, Orexa, Otxandio eta Usurbil izan ziren, eta hauekin batera, Igeldoko, Donostiako, Zeraingo, Tolosako, Zestoako, Azpeitiko, Oiartzungo, Altzoko, Hernaniko eta Getariako lagunak elkartu ziren.
Herrietako esperientziak azaltzeaz gain, Udalbiltzako lehendakari eta Getariako alkate den Haritz Alberdik Udalbiltza osatzen ari den bigarren mailako kooperatibari buruzko informazioa eman zuen.
Lau orduko jardunaldian kontatutakoak hitz gutxitan adieraztea zaila dela azpimarratu dute IKEko kideek, baina ideia batzuk luzatu dituzte.

Jubilatuak topera ibili dira azken hilabeteetan

Igeldoko Jubilatuek ekintzaz betea izan dute udazkena. Honakoak antolatu dituzte ohiko ikastaroez gain: arnasketa ikastaroa, Bilboko Alondegira irteera, Donostiako  Aquariumera bisita, Gallartako meatzaritza museora, Josema Gomez psikologoaren hitzaldia, Kantujira Loiolakoekin batera... Orain geldialdia egingo dute Gabonetan. Urte berriarekin ekingo diote berriz.

Kantari agurtu dute hiruhilekoa Eskolan

Proiektu amaierako zabalkundeak prestatzen aritu dira Eskolan azken asteetan: HH mailakoak baratzan landatzen hasiak dira. Barraskilo eta bareen etxea Egoitzek egin die eta Txorimalo bat egingo dute. 1. mailakoek munduko animaliak aztertu dituzte eta honen erakusketa egin zuten. 2 eta 3. mailakoek, berriz, landareak ikertu eta gero, 1. mailakoei egin zieten erakusteka txiki bat. Eta 4 eta 6. mailakoek, aurkezpen desberdinak egin zituzten eta bukatzeko aldizkari bat sortu zuten.
Eskoatik azaldu dutenez, irteera gutxi izan dituzte hiruhileko honetan proiektuekin erlazionatuta. HH 4-5 eta 1. mailakoak Kristina Eneara joan ziren.
Bestalde, egun bereziak gogoan izan dituzte: Azaroak 25ean, Giza eskubideak landu zituzten eta Abenduak 3an, Euskararen eguna. Talo goxoak jan zituzten eta jolasak izan zituzten.
Abenduaren 19an eman diote amaiera hiruhilekoari. Herrian zehar kantuan atera ondoren luntxa izan zuten Guraso Elkartearen eskutik.

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom