Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Viewing posts for the category Azaleko Nabarmendua

Meteorologikoa kolokan

Herri Kontseiluak jakinarazi duenez, urriaren hasieran hainbat meteoafizionatu Herri Kontseilua­rekin harremanetan jarri ziren, Meteorologia-Behatokiaren etorkizuna kolokan zegoela eta. Azaldu dutenez, Margarita Martín orain arteko Behatokiko arduraduna jubilatuarazi egin dute eta ondorioz, eten egin da orain arteko eguneroko neurketa modua. Jakinarazi dutenez, 12 ordutara murriztu dute datu bilketa eta gauez ez dago inor. Kontuan izan behar da Igeldoko Meteorologikoa berezia dela, 1905. urtetik jaso baitira datuak bertan 24 orduz eta eskuz (maiatzeko Orri Informatiboan erreportajea argitaratu zen 120 urte bete zituela eta).
Meteoafizionatu hauek egoerarekin kezkatuta daude, beraien ustetan «AEMET zentralak behategia itxi edo automatizatzeko asmoa du».
Ekimen bat ere abiarazi dute. Da­tu­ak biltzen jarraitu nahi dute eta horretarako kolaboratzaileak behar dituzte. Interesa izanez gero, jarri harremanetan: 606311734 / herrikontseilua@gmail.com.

Xakea eta dantza garaikidea antolatu dira ikasturte honetan

Iraila bukaera-urria hasieratik mar­txan dira berriz Ieltxoko ikastaroak. Denera 10 ikastaro antolatu dira ikasturte honetan eta 101 ikasle dabiltza. Berritasunen artean, xakea eta dantza garaikidea daude. Helduentzako euskal dantza taldea atera izana ere azpimarratzekoa dela adierazi dute Ieltxotik. Gainerako ikastaroak honakoak dira: pianoa, ingelesa, euskal dantza, trikitixa, panderoa, yoga, joskintza eta mintzalagun taldea.
Irakasleen artean ere berritasunak daude: yogan (Lurdes), pianoan (Maialen), gazteen euskal dan­tzan (Naroa) eta joskintzan (Yolanda).

Gogotsu ekin diote pelotari

Irailaren 23an hasi zuen Pelota Eskolak ikasturte berria. Aurreko ikasturtean ibilitako hainbat umek jarraipena eman diote eta gogotsu ekin diote. LH 4. mailako 6 ume apuntatu dira. Horiez gain, 2. mailako pare bat ume ere gerturatu dira probatzera. Saioak asteartetan izango dira 18:00etatik 19:00etara. Pe­lo­ta Eskolatik azaldu dutenez, 2. maila­tik gorako umeentzat irekia da eta interesa daukanak azaldu besterik ez du.  

Jubilatuak jarri dira martxan, adinekoen bizitza aktiboa bultzatuz

Igeldoko Jubilatuek heldu diote berriz ikasturteari eta ekintza ezberdinak antolatzen jarraitzen dute «adineko pertsonen bizitza aktiboa bultzatzeko asmoarekin». Gainera, ikastaro berri bat ere jarri dute mar­txan urritik abendura bitartean: arnasketa ikastaroa. Ohiko ikastaroekin jarraitzen dute eta eskursioa ere egin zuten urriaren 8an Bilbora.
Azken asteetan egindako ekin­tzen argazki batzuk bidali dituzte.

Palestinaren egoera salatuz, kontzentrazioak egin dira Eskolan

Guraso Elkarteak deituta, "Gure haurrak ere badira" ekimenarekin bat egin eta kontzentrazioak egin dituzte Eskolako patioan. Palestinako egoera salatu eta haiei babesa erakutsi diete urriko hiru ostegunetan, eskola bukatu ondoren. Bertan elkartu dira ikasle, irakasle eta gurasoak.

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom