Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Entitate Txikiaren sorrera atzeratuta

Apirilaren 14an egin zen Tokiko Entitate Txikiaren inguruko herri galdeketa Igeldon. Emaitza aldekoa izanik, Donostiako Udalak Foru Aldundira bidali zuen espedientea apirilaren 19an beronek eraketaren inguruko erabakia hartu zezan. Ekainaren 4an, ordea, Igeldoko TETa eratzeko espedientea osatzeko errekerimendua jaso zuen Donostiako Udalak, hainbat zehaztapen falta zirela eta. Ordutik, Donostiako Udal teknikariak zeregin horretan dabiltza, ahalik eta azkarren osatu eta Foru Aldundira bidaltzeko berriz espedientea.
Honek guztiak atzeratu egingo du TETa sortzea eta ez dago argi noiz izango den.

Ehundik gora herritarrei eskerrak

Uztailaren 11n afari-me­rien­da txiki bat eskaini zuen Herri Kontseiluak festetan lagun­tza emandako herritarrei eskerrak emateko. 40 lagun inguru elkartu ziren plazan. Dena dela, aurten ere, festetan lanean eta lagun­tzen aritutakoak ehundik gora izan direla jakinarazi du Herri Kotseiluak eta oso eskertuta azaldu da. «Festak primeran eta giro onean joan dira eta zuei eskerrak izan da!».

Eskolako jaialdia eskainita, oporrak iritsi dira

Eskolako umeek ekainaren 21ean agurtu zuten ikasturtea eta aurretik, eskolako jaialdia ospatu zuen eskolako komunitate osoak.
Ekainaren 8an izan zen jaialdia, frontoian. Haur Hezkuntzako ikasleek "Munduko dantzak" izeneko abesti batekin dantza emanaldi bikaina eskaini zuten, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Olinpiada berezi batzuk antolatu zituzten. Ikuskizun paregabea izan zen eta asko gozatu zuten denek. Emanaldiko argazkiak ikusgai jarri dituzte eskolako web orrian, "Ikasleen Argazkiak" atalean.
Ondoren bi bideo jarri ziren denek ikusteko: ikasturtearen laburpen-bideoa eta aurten eskola utzi duten 6. mailako ikasleentzako agur-bideoa. Hain zuzen, Pagoa, Amaiur, Irati, Aiert, Unai eta Adur agurtu zituzten. Bideo horiek ere ikusgai jarri dituzte.
Eguna bukatzeko Guraso Elkarteak bazkari goxoa antolatu zuen eskolako komunitate guztiarentzat. Primerako eguna pasa zutela adierazi dute. Orain, datorren ikasturterako pilak kargatzeko, oporrekin gozatzeko garaia iritsi da!

ESKOLA TXIKIEN FESTA: 60 lagun Igeldotik Adunara

Oraingo honetan, Adunan ospatu zen Eskola Txikien eguna ekainaren 16an. Igeldotik autobusez joan ziren gehienak eta egun paregabea pasa zutela azaldu dute Guraso Elkartetik: «Herria zoragarria eta antolaketa bikaina, ezin gehiago eskatu. Igeldotik 60 pertsona elkartu ginen bazkaltzeko eta antolakuntzatik esan zutenez, talderik haundienenetakoa ginen. Beraz eskerrik asko denoi zuen parte hartzeagatik!!! Hurrengo urtean Ezkio Itxaso izango da antolatzailea eta bertan ikusiko geralakoan, ondo pasa oporrak!!!».

AMEZTIKO FESTAK: Denek gozatzen duten festa

Ameztiko Festak apirilaren 25ean ospatu ziren, aurten, bigarren aldiz. Jaia Buenavistan hasi zen eta hasiera emateko bertso bat eta hitz batzuk eskaini zizkieten Buenavistako familiari, oroitzapen ahaztezinak utzi eta denon etxea izan dela eskertuz.
Ondoren ibilbideari ekin zioten trikitixak lagunduta: Amezti zarren barrenea eta haur jolasak, Amezti baserrian toka, Itsaso etxean altxorraren bila eta harrobi zarren aperitiboa eta kontzertua Alvaro Modregoren eskutik.
Ibilbidea Buenavistan bukatu zen eta bertan bazkari ederra egin zuten.
Arratsaldean plastiko erraldoi batekin eta urarekin jaitsiera egin zuten eta gozatu ederrak hartu zituzten haurrek... baita heldu ba­tzuek ere!
Bitartean, zelaiko eszenatokian, Sweat Sara & ps Kahuna izan zituzten eguna borobiltzeko.
Ateratako dirua Jai Batzordeari eman zioten herriko festak bultzatzeko.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom