Lumarik ez, Igeldon | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Lumarik ez, Igeldon

(0 iruzkin)

Hori du helburu, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA). Luma edo Panpa Lezka landare bat da, inbaditzailea eta Igeldo kolonizatuta dauka, geroz eta gehiago; Tximistarri ingurua, nagusiki.
Latinez Cortaderia selloana dei­tzen da, izen ezin aproposagoa bere hosto luzeek, estuek eta la­tzek erraz ebakitzen digutelako azala. Loreek berriz, ezin leunagoak, luma zuri ederrak ematen baitute. Hazi ugari botatzen dute eta alergikoentzat ez dira onak. Buena Vistatik hasi eta Leku Ederreraino ikusiko dituzue, itsasora begiratuz gero. 30 hektarea baino gehiago hartu dituzte, GFAren arabera.
Habitat naturalen oreka meha­txatzen duten espezieetako bat da eta, ondorioz, debekatuta dago, adibidez, horiek landatzea. Are gehiago, legez, EAI bat –Espezie Arrotz Inbaditzailea- duten lursailetako jabeak behartuta daude neurriak hartzera espezie horiek kontrolatzeko eta ezabatzeko. Luma­ren kasuan, neurri horiek dira landarea indarrez ipurditik ateratzea. Kimikoki ere tratatu daiteke, baina hori egiteko baimen berezia behar da, produktuaren toxikotasuna dela-eta.
GFA, baina, Panpa Lezka ezabatzeko Europako proiektu batean hartzen du parte. Helburua du Lisboatik (Portugal) Arroxelaraino (Frantzia) Kantauri isurialdean dauden Luma guztiak desagerraraztea. Eta Mendizorrotz pare-parean suertatu zaie.


Dagoeneko bidali dizkiete gutunak Tximistarri inguruko lur-jabeei, baimena eskatzeko landare horiek ezabatzeko. GFAk berak tratatuko ditu, modu koordinatu eta sistematikoan; ez dute, ondorioz, jabeek egin beharko. Lanak gutxienez hiru urte luzatuko direla aurre ikusten dute; izan ere, Luma desagerrarazteaz gain, ekosistema lehengoratu nahi dute, bertakoak diren espezieak sartuz berriro, ametzak, haritzak, txilarrak, karraskila… Denbora pixka batean, beraz, inguruan ikusiko ditugu lanean.
Aldundiak dei egiten dio Panpa Lezka duen edozein lur-jaberi jar­tzeko haiekin harremanetan.
jzulaika@gipuzkoa.eus 943112333 / 649857369.

ESPEZIE ARROTZ INBADITZAILEAK (EAI)
EAIak dira habitat natural edo erdi-natural batean ezartzen diren espezieak, kanpotik nahita edo nahi gabe ekarritakoak. Habitat horretan hedatu eta mehatxu bilakatzen dira bertako espezieentzat, tokia kentzen dietelako edota geneak kutsa diezazkieketelako.
EAItzat hartzen diren espezieen zerrenda bat badago, Errege Dekretu batean jasota. 43 landare-espezie daude bertan. Horietatik honakoak Igeldon ikusi baietz:

Mimosa

Fallopia

Budleja

TXILARDIA ETA ITSAS LABARRAK,
Europako Intereseko Lehentasunezko Habitatak.
Igeldoko ipar hegian txilardia eta itsas labarrak ditugu. Biak dira ekologikoki oso bereziak. Esprai batek bezala, itsasoak airera botatzen ditu gatza duten tantatxoak eta horiek landareetan pilatzen dira. Gainera, arroka –hareharria, Igeldon- izaten da lurra baino gehiago eta landareek baldintza horietan bizitzera ohitu behar dute. Espezie gutxi ba­tzuk lortu dute; nagusiki txilarrek (Erica vagans, E. cinerea, Calluna vulgaris) eta oteak (Ulex europaeus). Galiziako mendebaldeko ertzean hasi eta, kosta jarraituz, Frantziako ipar mendebaldeko puntaraino soilik hedatzen diren habitatak dira; Bretainia Handian ere badituzte.

-----------------------------------

EAIei eragiten dizkieten legeak: 630/2013ko Errege Dekretua; 2090/2008ko Errege Dekretua; Euskadiko Ondare Naturala Babesteko legea, 9/2021koa; Ingurumen Erantzukizunari buruzkoa, 26/2007koa. Gainera, habitaten kontserbaziorako, Kontseiluaren 92/43/CEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa.
Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom