Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

'Ukimenez' ikastaroa antolatu dute jubilatuek udazkenerako

Urrian hasi eta abendura bitartean "Ukimenez" izeneko ikastaroa antolatu dute Jubilatu elkartekoek. Ikastaroaren helburuak honakoak dira: mina arindu, lotura emozional eta soziala landu bakardadearen eta isolamenduaren aurrean, malguta­su­na eta mugikortasuna handitzea, zirkulazioa hobetzea, estresa eta an­tsietatea murriztea, loaren hobekun­tza, inmunitate sistema indartzea...
Helburu horiek lortzeko, honakoa egingo dute ikastaroan zehar: zure burua eta besteak ezagutu, beroketak, mugimendua, adierazpen emozionala landu, masajea eman aurretik nere buruarekin ondo sentitzen ikasi, automasajea eta besteei masajea eman.
Hau dena modu ludikoan, errespetuz, ikasiz, gozatuz eta komunitatean partekatuz egingo dela azaldu dute.

Udalekuetan gustora dabiltza

Ekaina bukaeran eta uztailan zehar Udalekuak izaten ari dira Igeldon. Hiru txanda izango dira aurten eta guztia kontuan hartuta, 32 umek hartuko dute parte. Hiru txandetako begiraleak ere hainbat izango dira: Maddi, Naiara, Elene, Lur, Harkaitz, Libe, Maialen, Aroa, Telmo eta Malen.
Goizero-goizero ekintza ugari egiten dituzte eta primeran dabiltza giro ederrean. Jolasak, eskulanak, hondartzara irteerak, sukaldaritza, ur-jolasak, tailerrak, ginkana, altxorraren bila, pelikulak, dantza, herri kirolak... ez dute aspertzeko tarterik!

Entitate Txikiaren sorrera atzeratuta

Apirilaren 14an egin zen Tokiko Entitate Txikiaren inguruko herri galdeketa Igeldon. Emaitza aldekoa izanik, Donostiako Udalak Foru Aldundira bidali zuen espedientea apirilaren 19an beronek eraketaren inguruko erabakia hartu zezan. Ekainaren 4an, ordea, Igeldoko TETa eratzeko espedientea osatzeko errekerimendua jaso zuen Donostiako Udalak, hainbat zehaztapen falta zirela eta. Ordutik, Donostiako Udal teknikariak zeregin horretan dabiltza, ahalik eta azkarren osatu eta Foru Aldundira bidaltzeko berriz espedientea.
Honek guztiak atzeratu egingo du TETa sortzea eta ez dago argi noiz izango den.

Ehundik gora herritarrei eskerrak

Uztailaren 11n afari-me­rien­da txiki bat eskaini zuen Herri Kontseiluak festetan lagun­tza emandako herritarrei eskerrak emateko. 40 lagun inguru elkartu ziren plazan. Dena dela, aurten ere, festetan lanean eta lagun­tzen aritutakoak ehundik gora izan direla jakinarazi du Herri Kotseiluak eta oso eskertuta azaldu da. «Festak primeran eta giro onean joan dira eta zuei eskerrak izan da!».

Eskolako jaialdia eskainita, oporrak iritsi dira

Eskolako umeek ekainaren 21ean agurtu zuten ikasturtea eta aurretik, eskolako jaialdia ospatu zuen eskolako komunitate osoak.
Ekainaren 8an izan zen jaialdia, frontoian. Haur Hezkuntzako ikasleek "Munduko dantzak" izeneko abesti batekin dantza emanaldi bikaina eskaini zuten, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Olinpiada berezi batzuk antolatu zituzten. Ikuskizun paregabea izan zen eta asko gozatu zuten denek. Emanaldiko argazkiak ikusgai jarri dituzte eskolako web orrian, "Ikasleen Argazkiak" atalean.
Ondoren bi bideo jarri ziren denek ikusteko: ikasturtearen laburpen-bideoa eta aurten eskola utzi duten 6. mailako ikasleentzako agur-bideoa. Hain zuzen, Pagoa, Amaiur, Irati, Aiert, Unai eta Adur agurtu zituzten. Bideo horiek ere ikusgai jarri dituzte.
Eguna bukatzeko Guraso Elkarteak bazkari goxoa antolatu zuen eskolako komunitate guztiarentzat. Primerako eguna pasa zutela adierazi dute. Orain, datorren ikasturterako pilak kargatzeko, oporrekin gozatzeko garaia iritsi da!

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom