Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Igeldon EH Bildu izan da nagusi

Apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren eta Igeldon EH Bilduk jaso zituen bozka gehien.
Emaitza orokorrak kontuan hartuz, EAJ eta EH Bilduk 27na eserleku lortu dituzte, jeltzaleak aurretik egonda botoetan. PSE-EE hirugarren indarra izan da, 12 eserlekurekin. PPk 7 eserleku lortu ditu. Sumarrek eta Voxek eserleku bana eskuratu dute.

Jubilatuak Artikutzan ibili dira

Igeldoko Jubilatuen Elkarteak antolatuta, apirilaren 3an Artikutzako naturgunera bidaia egin zuten. Urtegia izandako paraje eder horretan 34 pertsona elkartu ziren, 2004tik Europako zaintza berezien natura-ondare sarean sartuta dagoen lurraldea gertutik ezagutzeko asmoz. Taldearen parte batek, lehengo urtegiaren inguruan 4km-ko ibilaldia egin zuen gidariaren azalpenak entzunaz. Bigarren taldekoek, beste gidaren laguntzarekin, Artikutzaren historia eta ematen ari diren aldaketak ikusentzunezkoen bidez ezagutzeko, bertako natur eskolan gelditu ziren.

Juntakide berriak martxan dira Din-din elkartean

Martxoaren 17an urteko batzarra egin zuen Din-din elkarteak. Besteak beste, junta berria osatzea onartu zuten. Bi urtez juntan lanean aritutako hiru kideak atera ziren: Iraitz Santa Kruz, Xabi Imaz eta Josu Izagirre. Beraien ordez, beste hiru kide sartu dira: Beñat Perez, Iñaki Berzosa eta Ander Zubeldia. Urtebete daramaten beste hiru kideekin osatuko dute taldea orain, Pello Galarraga, Iker Bazterrika eta Ibai Beñaranekin.

Gela bakoitza bere proiektuarekin

Oporren bueltan, indartsu etorri dira Eskolako kideak eta gela bakoitza bere proiektuarekin hasi da lanean. Haur Hezkuntzako ikasleak Olinpiadak prestatzen hasi dira, gorputzaren zainketarekin eta elikadura osasuntsuarekin lotuta. Lehen Hezkuntzako geletan, berriz, makinak eta energiak landuko dituzte ikerketa desberdinak eginaz (robotika, esperimentuak…).

Martxoan jokatu ziren finalak

Neguko Pala Txapelketako finalak martxoaren 15ean jokatu ziren. Bigarren mailan, Josu eta Txube nagusitu zitzaizkien 25-14 Arregi eta Arrutiri. Nesketan, Mitxelena-Mitxelena izan ziren txapeldun 25-9 Laburu-Lertxundiri irabazita. Eta Lehenengo mailan, Luixa-Luixak jantzi zuten txapela 25-20 irabazita Aldazabal-Arregiri.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom