Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Break dance ikastaroa, aurtengo berritasuna

Urriarekin batera, ikastaroak ere martxan jarri dira. Eta aurtengoan ere bada berritasunik. Break dance ikastaroa eskainiko da. Horrez gain, iazko ikastaroak ere atera dira. Denera, 14 ikastaro izango dira 2021-2022 ikasturte honetan eta 105 herritar animatu dira. Iaztik zertxobait handitu da kopurua eta antolatzaileak oso pozik daude erantzunarekin.

Pelotak badu arrakasta Igeldon

Azken urteetan indartuz joan da pelota Igeldon eta aurten ere iazko arrakasta bera izan du. Denera, 23 ume dabiltza: 3 infantil, 10 alebin, 8 benjamin eta 2 benjaminak baino txikiagoak. Iñaki Enbil, Onditz Urruzmendi eta Aratz Urruzmendi dabiltza monitore lanetan eta azken honek azaldutakoaren arabera, nesken kopuruak izan du igoera (sei dira aurten) eta benjaminak baino txikiagoak ere hasi dira probatzen. Astean behin izaten dute horiek saioa (astearteak).

Eskolako patioa berritzeko proiektua aurrera doa

Guraso elkarteak jakinarazi duenez, iazko ikasturtean proposatutako eskolako patioaren berritzearen proiektua aurrera doa. Ziklo bakoitzetik ikasle talde bat bilduko da irakasleekin euren ideiak proposatzeko eta ondoren, proposamen hauek proiektua aurrera eramango duten guraso taldeari helaraziko dizkiete, auzolanean berri­tze lanekin hasteko.
Bestalde, elkartetik gaineratu dute gizartean COVIDaren aurkako neurriak pixkanaka arintzen ari diren bitartean, hezkuntzak ez duela eskoletan neurririk malgutu: «Igeldoko eskolan ere oraindik musukoarekin jarraitzen dute ikasleek bai eskola barruan, nola espazio irekietan ere».

Izena emateko epea irekita dago Neguko Pala Txapelketarako

Igeldoko III. Neguko Pala Txapelketa azaroaren 26an hasiko da eta izena emateko epea irekita dago. Azaroaren 7an bukatuko da. Emakumezkoak tenis pelotarekin ariko dira eta gizonezkoak mazizarekin bi mailatan banatuta. Izena emateko, mezu bat bidali behar da Whatsappez: 648 268 216. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Partiduak ostiralero jokatuko dira 18:00etatik aurrera. 

Plazako bizilagunekin bilera, kotxeak direla eta

Plazako bizilagunek kotxe eta motoak plazan aparkatzen dituztela eta, zenbait bizilagun eta herritar kexatu direla ikusita, Herri Kontseiluak bilera egingo du bertako bizilagunekin. Kotxeak ezin direla bertan aparkatu gogoraraziko die. Bilera urriaren 26an izango da 19:00etan.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom