Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Aitor Etxeberria Euskadiko txapeldun

Otsailaren 5 eta 6an Euskadiko pista estaliko txapelketa jokatu zen eta Aitor Etxeberria txapeldun izan zen 1.500m-ko proban eta 3.000m-koan. Ez da lehenengo aldia Etxeberriak titulu horiek lortzen dituela, baina oraingoan sorpresaz hartu dituela azaldu dio Orri Informatiboari eta pozik dago lortutako emaitzekin: «Egia esan, nahiko justu irabazi nituen, baina helburua aurrean ibiltzea zen eta disfrutatzea. Eta emaitzak ikusita oso gustora nago. Ez nuen espero, izan ere, nere helburua Behobia zen eta prestaketa guztiaren ondoren, oso egun kaxkarra izan nuen. Ordutik lasaiago nabil, entrenamenduen erritmoa jaitsita, disfruta­tzeko asmoz. Dena ez da korrika eta!».
Bere helburua hurrengo Behobia da. Orain lasai hartu eta udaratik aurrera berriz serioago hasiko da.
Tartean, Igeldoko igoera tokatuko litzateke, eta antolatzen bada, eta ondo baldin badago behintzat, txapela irabazteko lehian izango da Etxeberria. Bere lasterketa faboritoetako bat dela aitortu dio Orri Informatiboari.

Laguntzeko eta aholkuak emateko prest
Noizbait herritarren batek edo bestek entrenamenduak jartzeko eskaera egin izan diote Etxeberriari, baina ez du horretan jartzeko tarterik izan. Orain, zentzu horretan laguntzeko eta aholkuak emateko prest dagoela adierazi du eta nahi duena lasai jartzeko berarekin harremanetan. Orion entrenatzen ditu batzuk.

Txapelek badituzte jabeak

III. Neguko Pala Txapel­ke­ta otsailaren 25ean bu­katu zen. Ondorengo bi­ko­teek jokatu zituzten finalak eta emai­tzak haue­xek izan ziren. Lehe­nengo maila: Elejalde-San Miguel 25/Ansa-Loidi 22. Biga­rren maila: Gu­rru­txaga-Conde 25/Lan­da-Koldo 21. Eta neskak: Iza­gi­rre-Garate 25/Maialen-Iduzki 21.
Oraingo honetan ere arrakasta izan du txapelketak. Denera, 42 bikotek jokatu dute: gizonezkoen lehenengo mailan 7 bikotek, bigarren mailan 28k eta nesketan 7k.

Jesus Mari Balerdik irabazi du Gabonetako saskia

Bertako produktuen saski eder bat zozketatu zen urtarrilaren 6an El Niñoko loteriarekin. Hain zuzen, 500 eurotan baloratutako saskia. 1.665 zenbakia izan zen sariduna eta Jesus Mari Balerdik eskuratu du saria. Zorionak!

EUKEN OSTOLAZA ZAMORA TENOREA: «Taula gainean rol bat antzezteak zoriona ematen dit»

Gabonak eta kantua elkarrekin lotuta doazela ezin uka dezakegu eta aspalditik burutan genuen elkarrizketa bat egiteko aprobetxatu dugu. Euken Ostolaza Zamora (1961, Igeldo) tenorearekin hitz egin dugu. Euskal Herrian topatu dugu, aldakatik operatu berri, bajan, «oporretan». Esker onez hartu gaitu eta abegikor erantzun. Gustuko du hitz egitea eta gai desberdinen inguruan du ze esana: musika, kultura, euskara, politika... aho bizarrik gabe hitz egiten du gainera. 28 urterekin joan zen Frantziara. Parisen bizi da duela 31 urtetik, baina ahal duenero etortzen da Euskal Herrira. Atotxan dauka etxea, Tabakalera ondoan. 60 urte, baina nerabe baten bihotza omen du. Ezkondu ere martxoan egin zen.

Plazan ezin dela aparkatu gogorarazi die Herri Kontseiluak bizilagunei

Herri Kontseiluak bilera egin du plazako bizilagunekin bertan ezin dela aparkatu gogorarazteko. Bilerara azaldutako hainbat bizilagunek adierazi zuten momentu puntualetan uzten dutela ibilgailua, oso eguraldi txarra dagoenean eta inori kalterik egiten ez dionean. Bilerara ez ziren bizilagun guztiak azaldu, baina Herri Kontseiluak denekin hitz egin du bere jarrera adieraziz eta seinaleak errespetatzeko eskatuz.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom