Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Kooperatibako kanpo aldean berrikuntzak egin dituzte

Kooperatibaren kanpo aldearen erabilera, fase ezberdinetan hobe­tzen hasteko asmoa dutela adierazi dute Kooperatibako juntako kideek. Lehen urratsa eman dute jada. Apirila hasieran aparkalekuan egindako obrei esker, Kooperatibara iristeko irisgarritasun eta segurtasun arazoa konpontzea lortu dute. Kaxkotik IKOraino doan espaloia osatu dute eta aparkalekurako sarrera egokitu dute kotxeentzako koska gutxituz. Nahiz eta aparkalekuko lurra osorik ez den konpondu, kotxeen sarrera hobetu da eta baita euri-urak kanalizatu ere. Orain, Kooperatibako kanpo aldeko gunea nola txukundu aztertzen ari dira. Errepidetik duen gertutasuna dela eta, itxitura bat jartzeko pen­tsamendua darabilte buruan eta baita uda garaiko eguraldi onetarako, kanpoan mahai batzuk jartzea ere. Horrela, barruko kafearen txokoaz gain, kanpoan ere kafea har­tzen edo eta bertan erositako beste produkturen bat dastatzen egoteko aukera zabalduko da.
Azkenik, komunikazio azkar eta zuzenagoa bideratzeko, difusiorako whatsapp talde bat osatu dute, hasiera batean bazkideei zuzendu zaie aukera hau, baina bertan kon­tsumitzen duen beste edonork parte izan nahiko balu, dendan bertan informazioa eska dezake.

IGELDO-ERNIO: Ohiturari eutsiz

Pandemia tarteko, azken bi urteetan ez da Igeldotik Erniorako mendi irteera egin, baina aurten bai. Gauza bat eta beste, talderik ez zen osatu, baina bi herritarrek behintzat eutsi diote ohiturari. Apirilaren 30ean Igeldotik goizean goiz abiatuta egin zuten Erniorako bidea. Bejondeizuela Iker eta Anjel!

DESAPIYUA: Presoen aldeko topaketa

Urte askoren ostean, Añorga-Antiguo-Igeldo topaketa egin zen apirilaren 23an Añorgan. Euskal Presoak etxeratzeko aldarria zabaltzeko baliatu zen eguna. Giro ezin hobean manifestazioa, herri bazkaria, herri  kirolak  eta kontzertuak egin ziren. Bazkarian 180 lagun elkartu ziren. Desafioan, berriz, lehia bizia izan zen eta azkenean añorgatarrak izan ziren nagusi. Igeldoarrak azken postuan geratu ziren, antiguotarren atzetik.

Banatzaileen lana eskertuz, afaria

Orri Informatiboa edo bestelako ohar eta eskuorriak etxe guztietara banatzeko, banatzaile talde bat dago eta egiten duten lana eskertuz, afari eder bat eskaini zien Herri Kontseiluak martxoaren 25ean. Banatzaile talde horretan 12 lagun aritu dira azken urteetan borondatezko lan hori egiten. Afariaren aurretik, taldearen eta tadekideen egoeraz hitz egiten aritu ziren eta batzuk errelebo edo laguntza beharra adierazi zuten. Baja bat izan da, baina hiru lagun berri lortu ditu Herri Kontseiluak taldea sendotzeko. Kaxkoko banaketarako kide gehiago lortzea da orain asmoa.

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraz azalpenak eman zituen Rekondok

Apirilaren 6an, Igeldoko EH Bilduk gonbidatuta, Txente Rekondo izan zen kultur etxean, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra, nola iritsi dira egoera honetara? izenburupean hitzaldia eman zezan.
Rekondo nazioarteko analista da. Komunikazio Zientzietan lizen­tziaduna, politologoa, eta komunikabide desberdinetan ibilitakoa.
Errusia eta Ukraina artean sortutako gatazkaren eta honen ondorioez aritu zen, ordu pare batez, bertaratu ziren 20 lagunei horren gakoak eskainiz. Izan ere, denbora tartea motz gelditu zen eman nahi zuen informazio guztia azaltzeko.
Parte hartu zutenen iritziak en­tzunez eta egindako galdera ugariei erantzunez amaitu zen saioa.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom