Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Bigarren, Ondazarte baserriko behia

Uztailaren 1ean urtero moduan Irunen ospatzen den Frisoi arrazako behien konkurtsoan izan ziren Ondazarte baserrikoak. Aurtengoan lehiaketa honen 21. edizioa ospatu zen eta zenbait sari lortuta itzuli ziren etxera. Behien kategoriari dagokionean, lehen umezkoen atalean Otaitz izeneko behiarekin lehen postua lortu zuten Ondazartekoek eta behi guztien arteko finalean, txapeldunordea izan zen Otaitz. Bigantxekin ere hainbat sari lortu zituzten. Azken hiru lehiaketetan lehendabiziko postua lortu izan dute behien atalean, 2017an Afrodita behiarekin, 2018an Tximistarri behiarekin eta 2019an Afrodita behiarekin berriz ere. Aurtengoan ez dute lehendabiziko postua manten­tzerik lortu, baina gustura daudela adierazi dute. Zorionak beraz Ondazarteko familiari!

Junta berria aukeratuta martxan da Din Din elkartea

Herriko jaietan lanean aritu dira Din Din elkartekoak. San Pedro eguneko hamaiketakoa beraiek prestatu zuten eta Santa Ixabel egunean egin zen herri bazkaria ere beraiek antolatu zuten. Catering baten bidez eman zen bazkaria eta 133 herritar elkartu ziren.
Junta berria berriz, maiatzean egindako urteko batzarrean aukeratu zuten. Lehendik zeuden Jexux Albeniz, Itziar Uranga eta Igor Agirrerekin batera, Iraitz Santa Kruz, Xabi Imaz eta Josu Izagirre izango dira Din Din elkartearen kudeaketaz arduratuko direnak.
Batzarrean hitz egindako gaien artetik, erretzearen gaia azpimarratu dute. Bozketa bidez erabaki zuten eta elkarte osoan erretzea debekatzearen alde bozkatu zuten batzarrean elkartu ziren bazkideetatik %90ak.

Luntxa, egindako lana eskertzeko

Azken urteetan egin bezala, festen ondoren luntx txiki bat eskaini zuen Herri Kontseiluak festetan lagun­tza emandako herritarrei begira. Uztailaren 7an izan zen eta 30 lagun inguru elkartu ziren. Dena dela, festetan lanean eta lagun­tzen aritutakoak ehundik gora izan direla nabarmendu du Herri Kotseiluak. «Eskerrik asko denoi!!!».

Aspaldian ikusi gabeko irudia utzi zuten festek

Ekainaren 23tik uztailaren 3ra gozatu dugu San Pedro jaiekin. Adin eta gustu guztietarako ekintzak izan dira eta orokorrean, giro onean eta herritarren partehartzearekin igaro dira festak. Azpima­rratzekoa da gazteen egunak izan zuen arrakasta eta Igeldora gerturatu zen jendetza iluntzean. Aspaldian ikusi gabeko irudiak utzi zituen ostiral hark: plaza gaztez beteta. Ondorioak ere izan ziren, herritarrak demandari ezin eutsirik ibili baitziren eta edaria ere bukatu zen!

Giro ederra jarri zuen Oinatzen partiduak

Ekainaren 3an Pilota Jaialdia izan zen Igeldon Lizardi Pilota Elkarteak antolatuta. Bengoetxea-Aranguren eta Urmeneta-Erasun aritu ziren lehian. Partidu parekatua izan zen, baina Urmeneta eta Erasun nagusitu ziren azkenean, 25-21. Hasi ere, aurretik hasi ziren irabazleak, baina partidu erdian berdinduta ibili ziren. Markagailua 22-21era iritsi zenean, 25era luzatzea erabaki zuten, baina Bengoetxeak eta Arangurenek ez zuten aurrea hartzea lortu.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom