Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

Lan eskaintza IKOn aritzeko

IKOk langileen oporrak, bajak… betetzeko lan eskaintza jarri du martxan. Lanaldi osoko lanpostua izango da (astelehenetik larunbatera txandaka) eta 2 hilabeteko kontratua izango da gutxienez, uztailean hasita.
Curriculumak bidaltzeko edo eta zalantzak argitzeko igeldokoop@gmail.com helbidera idatzi behar dela azaldu dute maiatzaren 30a baino lehen.

Pausoz pauso, martxa hartzen

Igeldoko Toki Entitate Txikia abenduaren 20an sortu bazen ere, ofizialki martxan jartzeko, lehenengo ba­tzarra egin beharra zegoen eta Foru Aldundiak jarri behar zuen eguna. Azkenean, martxoaren 6an izan zen eta bertan Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak izendatu eta presidentea aukeratu zituzten (Udal hauteskundeak egin bitarte). Honakoak dira Batzorde Kude­atzailea osatzen duten kideak: Iker Zinkunegi (presidentea), Eneko Dorron­soro, Pello Galarraga, Karmele Garmendia eta Iñigo Barandiaran.
Azken Udal Hauteskundeetan alderdi politikoek Igeldon lortutako emaitzen arabera izendatu behar zituzten ordezkariak. EH Bilduk 4 izendatu behar zituen eta EAJ/PNVk 1. Herri Kontseiluko kideek alderdiei eskatu zieten orain artean prozesuan lanean aritutako herriko ordezkariak izendatzeko, prozesuari jaraipena eman eta lanean jarraitzeko prest zeudelako. EH Bilduk proposamena onartu eta herriko lau ordezkari izendatu zituen. Barandiaran, berriz, EAJ/PNVk izendatua izan da.

Komunitate energetikoak bere lehen proiektu fotovoltaikoa gauzatzea lortu du!

Apirilaren 10ean burutu zuen IKEk bazkideen batzar orokorra, eta albiste pozgarri batekin hasi zuten bilkura: lehen proiektu fotovoltaikoa burutzea lortu da!
Kontseilu Errektoreko kideek adierazi dute oztopoz eta arazoz betetako ibilbidea izan dela. Baina, azkenean, plaka fotovoltaikoak instalatzeko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako epean amai­tzea lortu da, eta horren baitan zegoenez erakundeak esleitu zion 75.000 euroko dirulaguntza jaso­tzea, baldintza hori beteta, aldundiak energia-komunitateari baieztatu dio zenbateko osoa jasoko duela.
Hortaz, proiektuan parte hartu duten guztien laguntzari esker, bi urteko ibilbide luze eta malkartsuaren ondoren lehen proiektua gauza­tzea lortu du.

Historia lantzen ari dira Eskolan

Eskolan azken bi hilabeteak besterik ez zaizkie geratzen ikasturtea buka­tzeko eta azken proiektuarekin burubelarri dabiltza. Historia lantzen ari dira.
HH mailan, Eskola jatetxe bihurtu eta menuak eta elikadura lantzen ari dira. Ondoren, familiei bazkaria zerbitzatuko diete ikasleek.
1. zikloan lehengo, oraingo eta etorkizuneko etxeetaz arituko dira. Hiostorian zehar erabilitako materiala eta hauen ezaugarriak aztertuko dituzte.
2. zikloan Historian zehar aurkitutako energia motak landuko dituzte eta azalpenarekin bideoa partekatuko dute.
3. zikloko ikasleek, berriz, Historian zehar izandako asmakun­tza garrantzitsuenak aztertu eta hauekin infografia bat egingo dute. Ondoren, pelikula bat prestatuko dute ekainean familiei erakusteko.
Bestalde, HHko ikasleak herriko aiton amonekin Musikoterapiako saio batean egon ziren eta LH-ko ikasleak Kantujirakoekin batera abesti batzuk entsaiatzen ari dira Udaberriko Festan denak batera abestu ahal izateko.

LASTURRERA IRTEERA: Jolasak, espeleologia, eskulanak... eta parranda!

Aurten ere, Gabon eskean ateratako umeekin asteburu pasako irteera antolatu du guraso talde batek. Lasturrera joan ziren martxoaren 29 eta 30eko asteburuan. Larunbat goizean jolasak egin zituzten eta arra­tsaldean zaharrenak espeleologia egitera joan ziren. Txikienek berriz, eskulanak egin zituzten aterpetxean. Afalondoren, Gaubela egin zuten eta zaharrenak goizeko ordu txikiak arte ibili ziren!
Igandean, egun pasa joateko aukera izan zuten Haur Hezkuntzako umeek familiekin, eta denek batera, mendi buelta egin zuten. Ondoren, bazkaldu, arratsaldea lasai pasa eta Igeldorako autobusa hartu zuten. Asteburu guztia kontuan hartuta, 60 lagun inguru elkartu ziren.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom