Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

«Sariak ez, baino sektorea hil ala biziko egoeratik aterako duten politikak behar ditugu baserritarrok»

Ondasarte baserriak Gipuzkoako esne ustiategi onenaren saria jaso berri du. Ondorioz, 1.000 euroko saria jaso du, hain zuzen. Ondasartekoek gustora hartu dute saria, ez zuten espero gainera, baina kritiko ere badira halako ekimenen aurrean: «Sariak ez, baino sektorea hil ala biziko egoeratik aterako duten politikak eta erabakiak behar ditugu baserritarrok. Herri hau elikatzen jarraitu nahi dugu!», adierazi du Eneritz Otamendik.
Urriaren 7an izan zen sari banaketa Gernikan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba mailako sariak banatu ziren eta baita Erkidegokoak ere. Maila bakoitzean launa sari izaten dira: esne, haragi, ardi eta forraje onenaren sariak. Hiru lurraldeetako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute urtero sari banaketa.

Ikuilu onenaren saria Zendoiarentzat

Lea-Artibaiko 36. Urriko Azoka Nagusia ospatu zu­ten urriaren 12an Markinan. Bertan, Euskadiko 24. Blonda Txapelketa jokatu zen eta Joxe Angel Zen­doiak hainbat sari eskuratu zituen. Azpi­ma­rra­garriena, Ikuilu onenaren saria jaso izana, Orioko Longa baserrian duen ikuiluagatik, hain zuzen.
Sailka banatutako sariak ere izan ziren eta honakoak eskuratu zituen igeldotarrak: 6. saila (30-36 hilabete bitarteko bigak): Longa baserriko Nahia. 10. saila (4-5 urte bitarteko behiak txekorrik gabe): Longa baserriko Jai. 11. saila (5-7 urte bitarteko behiak txekorrarekin): Longa baserriko Igeldo. Eta 13. saila (7 urtetik gorako behiak txekorrarekin): Longa baserriko Greta.

Mekanografia, frantsesa eta joskintza jarri dira aurten martxan, ohiko ikastaroez gain

Ikastaroak antolatzeaz arduratzen den taldea oso pozik dago ikastaroek izan duten erantzunarekin. Iazko 10 ikastaroak aurrera atera­tzeaz gain, beste hiru berri ere martxan jarri dira aurten. Hain zuzen, mekanografia, frantsesa eta joskintza dira ikastaro berri horiek. Eta denera 107 ikasle dabiltza, haur zein heldu.

Indartsu hasi du aurten ere ikasturtea Pelotak

Iazko gorakadari eutsi dio aurten ere Pelotak. Urriko lehenengo astean hasi zirenetik, 15 neska-mutil dabiltza, lehenengo eta seigarren maila bitartekoak. Iñaki Enbil eta Onditz Urruzmendi begiraleek azaldu dutenez, iaz aritu ziren zaharrenek ez dute jarraitu, hau da, DBH egitera behera jaitsi direnek, baina lau ume berri sartu dira. «Aurten txiki dexente animatu dira: 4 benjamin eta 5 alebin dabiltza», azaldu dute.
Astearte eta ostegunetan ari­tzen dira ordu eta erdiz; 17:30etatik 19:00etara. Azken urteetan bezala, eskuz aritzeaz gain, pala ere sartuko dute tarteka. Oraindik badago apuntatzeko aukera, baina interesa izanez gero, lehenbailehen apuntatzeko azaldu dute, «gainerakoak martxa hartzen joango direlako eta gero zailagoa delako besteen erritmoa hartzea».

“Barruan eta kanpoan ikertzen” ekin diote ikasturteari eskolan

Ikasturte hasieraren berri eman diote eskolako kideek Orri Informatiboari: «Ikasturte berria hasi dugu eta urtero legez, ilusio eta proiektu berriak ditugu. Aurten guztira 68 ikasle ditugu eskolan eta 10 irakasle gara.
Aurten ere zientziak landuko ditugu lehenengo hiruhilekoan. Proiektuari “Barruan eta kanpoan iker­tzen” izena jarri diogu. Honekin erlazionatuta, eskolako proiektu desberdinak landuko ditugu hiruhilekoan zehar (Robotika, E-bug, Inspira eta Danio).
Bi pantaila interaktibo berri ere ekarri dizkigute eskolara. Hortaz, ia gela guztietan aukera izango dugu mundu digitalean aritzeko.
Urriak 10-11 Legasako aterpetxera joango ginen LHko ikasle guztiekin. Han hainbat jarduera egin genituen eta sorpresaren bat ere izan genuen.
Beraz, nobedade faltarik ez dago Igeldoko eskolan. Hurrengo alean gauza gehiago kontatuko dizkizuegu.
Gutaz gehiago jakin nahi baduzue, eskolako bloga jarrai ezazue. (http://igeldoeskola.blogspot.com/)».

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom