Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

ATZERA BEGIRA: 60 urte Zapatari Berri baserria lur-jauzi batek irentsi zuela

1959 urteko irailaren 25ean izan zen. Uholdeak eta eguraldi oso kaxkarra izan zen inguruetan. Donostian bertan ere uholdeak izan ziren zenbait auzoetan eta Estatu mailan ere elurte izugarriak izan ziren. Igeldoko errepide nagusian, Zapatari Berri baserriaren parean, lur-jauzi handi bat izan zen eta baserria osorik irentsi zuen. Goizeko 10:30ak inguruan izan omen zen eta bertakoek zerbait bazetorrela atzeman eta baserritik garaiz ateratzeko aukera izan zuten, baita ganadua eta ahal zuten guztia ateratzeko ere. Isidro 55 urteko gizonak 8 urte zeramatzan ohean gaixorik eta Mikaela emazteak ahalegin guztiak eginaz senarra ohetik altxatzea lortu eta bizirik irten ziren biak. Hauen alaba, semea eta honen emaztea ere bertan bizi ziren. Suhiltzaileen laguntza ere izan omen zuten eta senarra berehala ospitalera eraman zuten. Ondorengo egunetan ikusmin handia sortu zuen gertaerak eta laguntzeko asmotan, herriko gazte koadrila bat etxez etxe ibili zen Zapatari Berri baserriko familiaren alde dirua biltzen.

Jubilatu elkartea, itxura hartzen

Azken aldian herrian jubilatu elkartea osatzeko lanean ari dira zenbait herritar eta adierazi dutenaren arabera, pixkanaka itxura hartzen ari da.
Legalizazio prozesua martxan jartzeko dokumentazio guztiak uztaila bukaeran aurkeztu zituzten, baina zuzendu beharreko zenbait akats zituztela erantzun zieten iraila erdialdean eta berriz ere akatsak zuzenduta, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu berri dute.

«Sariak ez, baino sektorea hil ala biziko egoeratik aterako duten politikak behar ditugu baserritarrok»

Ondasarte baserriak Gipuzkoako esne ustiategi onenaren saria jaso berri du. Ondorioz, 1.000 euroko saria jaso du, hain zuzen. Ondasartekoek gustora hartu dute saria, ez zuten espero gainera, baina kritiko ere badira halako ekimenen aurrean: «Sariak ez, baino sektorea hil ala biziko egoeratik aterako duten politikak eta erabakiak behar ditugu baserritarrok. Herri hau elikatzen jarraitu nahi dugu!», adierazi du Eneritz Otamendik.
Urriaren 7an izan zen sari banaketa Gernikan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba mailako sariak banatu ziren eta baita Erkidegokoak ere. Maila bakoitzean launa sari izaten dira: esne, haragi, ardi eta forraje onenaren sariak. Hiru lurraldeetako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute urtero sari banaketa.

Ikuilu onenaren saria Zendoiarentzat

Lea-Artibaiko 36. Urriko Azoka Nagusia ospatu zu­ten urriaren 12an Markinan. Bertan, Euskadiko 24. Blonda Txapelketa jokatu zen eta Joxe Angel Zen­doiak hainbat sari eskuratu zituen. Azpi­ma­rra­garriena, Ikuilu onenaren saria jaso izana, Orioko Longa baserrian duen ikuiluagatik, hain zuzen.
Sailka banatutako sariak ere izan ziren eta honakoak eskuratu zituen igeldotarrak: 6. saila (30-36 hilabete bitarteko bigak): Longa baserriko Nahia. 10. saila (4-5 urte bitarteko behiak txekorrik gabe): Longa baserriko Jai. 11. saila (5-7 urte bitarteko behiak txekorrarekin): Longa baserriko Igeldo. Eta 13. saila (7 urtetik gorako behiak txekorrarekin): Longa baserriko Greta.

Mekanografia, frantsesa eta joskintza jarri dira aurten martxan, ohiko ikastaroez gain

Ikastaroak antolatzeaz arduratzen den taldea oso pozik dago ikastaroek izan duten erantzunarekin. Iazko 10 ikastaroak aurrera atera­tzeaz gain, beste hiru berri ere martxan jarri dira aurten. Hain zuzen, mekanografia, frantsesa eta joskintza dira ikastaro berri horiek. Eta denera 107 ikasle dabiltza, haur zein heldu.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom