Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Karmele Garmendia

Eguraldiak ez zuen giroa zapuztu

Beste behin ere, giro ederra jarri du herrian Udazken Festak, nahiz eta eguraldiak ez askorik lagundu. Pentsioen inguruko hitzaldiarekin ekin zitzaion ostiralean festari eta 20 bat lagun gerturatu ziren eskolara, Duintasuna elkarteko hiru kideren azalpenak entzutera. Herri Kontseiluaren laguntzarekin, 65 urtetik gorako herritar batzuk elkartzen hasi dira hilabeteko azken ostiraletan eta hitzaldi hau beraien ekimenez antolatu zen. Luntxa ere izan zuten Itsas Aurren. Eta orain, afari bat egin eta gaiaren inguruan mobilizatzen hastekoak dira. Afaria azaroaren 23an izango da eta 19:00etan jarri dute hitzordua.

Eskaera Udalean: "Boca de riego" eta hidranteak gertu dauzkaten baserri eta etxeek, giltzak eta mangerak eskura izatea

Herri Kontseiluak eskaera berri bat luzatu dio Donostiako Udalari, suteei aurre egiteko neurri gisara: "Boca de riego" eta hidranteak gertu dauzkaten baserri eta etxeek giltzak eta mangerak eskura izatea proposatu dio Herri Kontseiluak, «suteren bat piztuko balitz, bertako bizilagunek lanean hasteko aukera izan dezaten suhiltzaileak iritsi bitartean». Suteei aurre egiteko 2016ko planaren arabera (PAMIF), 47 boca de riego eta 37 hidrante daude Igeldon eta Herri Kontseiluak suteen aurrean arrisku gehien izan dezaketen zonaldeetarako eskatu ditu giltzak eta mangerak.
«Dakigunez, beste herri ba­tzuetan halako neurriak badituzte (Astigarragan, esaterako), eta Igeldorako ere egokia eta baliagarria izan daitekeela pentsatzen dugu», gaineratu du.
Herri Kontseiluak gaiaren inguruko idatzia aurkeztu du Udal erregistroan eta udaletxekoak harremanetan jarriak dira.

Dorronsoro anai-arrebak, Gure Esku Dagoren abestian

Donostiako Gure Esku Dagok galdeketa egingo du azaroaren 18an, Igeldon eta beste hainbat herritan egin bezala. Eta aurretik, kalejira erraldoia egin dute (urriak 28). Egun horri begira, abesti bat prestatu zuten, kalejira bat, eta abesti horretan, Iker eta Gurutze Dorronsoro anai-arreba igeldotarrek hartu dute parte trikitixa eta panderoarekin. Donostia eta inguruko musikari ugarik hartu dute parte. Musika Joserra Senpe­re­nak sortu du eta letra Harkaitz Cano­rena da. "Hatz puntetan" izena du abestiak.

Sinadurak biltzen, Babes Ofizialeko Etxebizitzak igeldotarrentzat izateko

Festen bueltan, Herri Kontseiluak mar­txan jarri zuen sinadura bilketa Babes Ofizialeko 36 Etxebizitzak igeldotarren beharrak asetzeko izan daitezen eskatuz. Lan­ke­ta sakonagoa egiteko asmoa du He­rri Kontseiluak eta gaia aztertzen ari da. Dena dela, gogorarazi du sinadurak biltzen jarraitzen duela eta herriko puntu desberdinetan dagoela aukera orria sinatzeko: kultur etxeko bulegoan, Txapela tabernan, Mendi­zorrotz tabernan eta Calongen.
Horrez gain, internetez ere badago sinatzeko aukera change.org atariaren bidez. Dena dela, aukera izanez gero, Herri Kontseiluak adierazi du hobe dela paperean sinatzea.
Bestalde, ahalik eta sinadura gehien lortzeko, herritarren laguntza beharko duela ere azpimarratu du.
Herri Kontseiluak gogorarazi du Igeldoko Babes Ofizialeko Etxebizitzak egin zirenean, horietatik 36 igeldotarrentzat izatea lortu zela, ederki borrokatu ostean: «Gaur egun, ordea, jabe aldaketa dagoenean, Donostiako Udalak ez du onartzen baldintza hori; eta hori ezin dugu onartu».

Udazken Festari ekiteko, pentsioen inguruko hitzaldia antolatu dute

Asteburu honetan, Udazken Festa izango dugu Igeldon (urriak 26, 27 eta 28) eta hiru egunetan ekintza ugari izango dira adin ezberdinetako herritarrentzat. Ostiralean, pentsioen inguruko hitzaldia izango da eta larunbatean, umeek gozatzeko aukera izango dute skate eta patinete ikastaroarekin eta zirko tailerrarekin. Arratsalde-iluntzea, kantu jirak eta Mexikortxo Bandek girotuko dute. Igandean, berriz, ez dira faltako azoka, erromeria, bazkaria eta taloak!

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom