Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: abendua, 2024

Jubilatuak gustora daude ekintzen dinamikotasunarekin

Jubilatu Elkartetik adierazi dutenez, urteko egutegia egiteko garaian, kontutan gehien hartzen duten alderdia aktibitateen barietatea da «gure bazkide eta jubilatuen beharrei hobeto erantzutea baita gure helburua». Jubilatuen parte hartzea zabalagoa izateko, aktibitate berriak eta desberdinak aurki­tzen saiatzen direla gaineratu dute. Hori horrela, ikasturte berriaren errepasoa eginda, gustora daude ekintzen dinamikotasunarekin.
Alde batetik, hasieratik martxan dauden ikastaroak dauzkate: Pila­tes, mantentze gimnasia eta memoria lantzeko ikastaroa. Ikastaro hauek nahiko finkatuta dauzkate.
Bestetik, aurten hasitako ikastaro berriak dauzkate: Musikoterapia ikastaroa (aurreko ikasturte bukaeran probatu zen eta irailarekin jarraipena eman zaio) eta Autozaintza eta automasaje ikastaroa. Proba bezala, hiruhileko honetan eskaini da. Ikastaro honetan, masajea ikasteaz gain, nork bere buruaren autozainketa nola egin behar duen irakasten dute. Hamabost pertsonek parte hartzen dute eta datorren urteari begira, aurrera jarraitu edo ez aztertu behar dute.

Autobusarekin konponbide eske

Azaroaren 15ean deialdia egin zuen Herri Kontseiluak autobus zerbitzua dela eta, Udala eta DBusi haserrea adierazteko. Prentsa ohar bat ere kaleratu zuen konponbide eske: «Ezarrita dagoen zerbitzua ez da betetzen eta beti gabiltza atzerapenekin. Ez dakigu autobusa noiz iri­tsiko den, horrek dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin. Egoera honen aurrean, eskaera zehatza egin diegu DBusi eta Olatz Yarza mugikortasuneko zinegotziari. Konponbide bat topatu dezatela».
Konponbide bila beraiekin hainbat bilera egin dituztela gaineratu dute, baina ez dutela ezer egin: «Bilera horietan adierazi zuten Igeldo eta Antigua lotuko lituzkeen lanzadera bat jartzea aukera posible bat litzatekeela zerbitzua hobetzeko. Hala ere, hori lantzeko ere ez dira prest azaldu gerora. Horretaz gain, zerbitzua hobetzeko ez digute beste planteamendurik egin. Urte honetan guztian prest egon gara hobekuntza bat izango den edozein proposamen lantzeko, baina zain jarraitzen dugu oraindik».
Eta berriz egiten diete dei arduradunei: «Egoera hobetzeko zerbait egin behar du Udalak. Zerbitzu duin bat da eskatzen dugun gauza bakarra. Ez dugu pribilegiorik eskatzen, ezarrita dagoen zerbi­tzua betetzea eta gaur egun daukagun komunikazio arazoa konpontzea baizik. Behingoz, Udala jabetu dadila igeldoarrentzat autobusak duen garrantziaz eta zerbi­tzu duin bat eskaintzeko lanketa zintzoan hasi dadila».

«Azkenean, badugu espaloia»

Azaroaren erdialdetik kaxkoa eta kanpina lotzen dituen espaloi berria dauka Igeldok. Hainbeste urtetako eskariari azkenean eran­tzun zaiola eta pozik daude Herri Kontseiluko kideak. Aspaldiko behar bati erantzun zaio eta poztekoa da». Dena dela, azpimarratu dute espaloia ez dela nahi bezala egin, dena alde beretik egitea eskatu zuen Herri Kontseiluak, besteak beste, «eta horrez gain, oraindik telefonoko posteek erdi-erdian jarraitzen dute». Azken kontu hori jakinarazi diote Donostiako Udalari eta lehenbailehen mugitzeko eskatu diote telefono konpainiari.

Eskolan egindako lana erakusgai jarri dute oporrak hartu aurretik

Hiruhileko honetan zehar, ingurua eta mundua arakatzen ibili dira Eskolan, eta orain, ikasitakoa zabal­tzeko ordua iritsi zaie. Eskolako guraso zein igeldotar guztiei erakutsi nahi diete landutakoa.
HH 4-5 mailako ikasleek itsasoaren zaintzaz ikasitakoa eta material birziklatuarekin sortutakoa erakutsi diete beren gurasoei abenduak 4 eta 5ean Itsas Aurren. Horretarako, erakusketa gidatu bat osatu zuten eta ikasleak izan ziren guasoen gidari. Amaitzeko, elkarrekin meriendatu zuten etxeko bizkotxoekin.
1. zikloko ikasleek, gure ingurua nola garbi eduki landu dute. Igeldon zehar zenbait kartel zintzilikatu dituzte, herria garbi mantendu ahal izateko. Horretaz gain, Orri Informatiboarekin batera, jarraibide bat jasoko dute herritar guztiek.
2. zikloko ikasleek, sites bat argitaratu dute landutako gauza guztiekin: datuak, grafikak, bideoak... Buru belarri aritu dira unibertsoa, eguraldia, klima... ikasten. Hemen QR-a.

EUSKARAREN EGUNA: Euskara erabiliz, gozatu!

Abenduaren 3an Euskararen Eguna izan zen eta urtero bezala, ekintza desberdinak antolatu ziren egunaren bueltan.
Azaroaren 29an umeentzeko pelikulak egon ziren ikusgai eta biharamunean, Gozaldia Egunarekin bat eginez, eskain­tza zabala izan zen: sexologia gaztetxoentzat, "Txuri-beltza da ta..." emanaldia familientzat eta Dana D´Caprichoren kontzertua mokadu eta guzti. Igandearekin eman zitzaion bukaera egitarauari kantujira eta III. Euskaldun Peto lehiaketarekin. Herriko lau talde aritu ziren lehian. Lehia estua izan zen eta gazteak fin ibili ziren, baina azkenean helduak izan ziren nagusi. Beste behin ere, argi geratu da euskara erabiliz gozatu egiten dela!

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom