Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Hainbat eskaera, Partaidetzako zinegotziari

Herri Kontseilua Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Herri Partaidetzako zinegotziarekin elkartu zen apirilaren 11n. Bi urte eta erdi paseak ziren zinegotzia Herri Kontseiluarekin azkenekoz bildu zenetik, eta ordutik gauza askok berdin jarraitzen dutela gogorarazi zien Herri Kontseiluko kideek. Aurrerapauso askorik ez dutela ikusi, alegia. Udalarekin dagoen harreman eza ere salatu zuten eta bere garaian Udal Gobernu berriak Igeldorekiko trataera berezia izango zuela gogorarazi. Herri Kontseiluak eskatu zuen Partaidetzako zerbitzuarekin bilerak maiztasun batekin egitea eta baita Udal Gobernuarekin ere, aurreko legegintzaldian egiten zen bezala. Eta horrez gain, Igeldori buruzko informazio guztiaren berri emateko eta edozein plan edo proiektu egin aurretik harremanetan jartzeko.

Garraioaren eta espaloiaren inguruko mozioei ezezkoa, Donostiako Udalak

Udaletik jaramonik egiten ez dutela ikusita, Herri Kontseiluak erabaki zuen eskaera guztiak Udal erregistroan sartzea eta baita oposizioko alderdiei zabaltzea ere. Garraioaren (autobus zerbitzua) eta espaloiaren gaien inguruan, besteak beste, EH Bilduk eta Irabazik eskaerak egin dituzte. Martxoko plenoan, esaterako, Irabazik mozio bana aurkeztu zuen eta ez ziren onartu EAJ-PNV, PSE eta PPren kontrako botoekin. Irabazik eta EH Bilduk alde bozkatu zuten.
Mozio horietan honakoa eskatzen zen:
Espaloiari lotuta, Udalak berriz aztertu dezala proiektua, ahalik eta azkarren, eta bere esku dauden aukera guztiak baliatzeko: bere garaian baimena eman ez zuen jabearekin negoziatzea edo beharrezko metroak desjabetzea edo espaloiaren zati bat bakarrik egitea. Udal  Gobernuak ezetz bozkatzearen arrazoia izan zen, jabego pribatuaz ari garela eta ezin dela ezer egin.
Garraioari lotuta: Udalak aztertu eta diseinatu dezala igeldotarrei behar bezala erantzungo dien mugikortasun zerbitzu integral bat, Behemendiren zerbitzua kontuan hartuz, besteak beste. Eta 2004an egin zuten galdeketa egin dezatela berriz, baina igeldotar guztiei, ez autobus erabiltzaile batzuei bakarrik. EH Bilduk ere zentzu berean hitz egin zuen eta galdeketa hartatik 14 urte pasa direnez, egungo egoera aztertu eta erantzuna horri eman behar zaiola gaineratu zuen.
Udal Gobernuko ordezkariak adierazi zuen galdeketa berriz egingo balitz, erantzuna bera izango litzatekeela: «Jendeak nahiago du ibilbide luzea, zentrora eramanez ». Ordu aldaketari dagokionez, auzo askoren eskaria dela eta sare osoa aztertu ondoren jarri behar direla lehentasunak azaldu zuen. Behemendiren zerbitzuari buruz ez zuen ezer esan.

Urteko batzarra egin du Din Din elkarteak

Pasa den martxoaren 25ean urteko batzarra egin zuen Din Din elkarteak. Urtero bezala, batzarrarekin batera junta aldaketa egin ohi da eta aurtengoan, Julen Areizaga, Mikel Altuna eta Iker Zinkunegi izan dira sartu direnak eta Eneko Dorronsoro, Anjel Altuna eta Garikoitz Galarraga berriz, atera direnak.
Bestalde, batzarrean iazko kontuak onartuta, aurtengo proposamen eta erabakiak planteatu ziren. Honako hauek izan ziren hartutako erabakiak: Erabiltzaileen Kuota igotzea erabaki zuten (iazko urtean jaitsi egin baitzen), beraz, aurtengo urtean bazkide direnek 1€ ordaindu beharko dute elkartea erabiltzeagatik eta bazkide ez direnek, berria: 2€. Elkartean eskaintzen diren produktuen prezioak urte askoan zehar ez direla berrikusi eta, aurten prezioak eguneratzea erabaki dute, urteetan hasierako prezioak mantenduz produktuen marjena txikitzen joan baita eta prezioen eguneraketa hori eginaz, hasierako marjenak mantentzea espero dute. Ikastaroei dagokienean ere, aurten saiakera berezi bat egiteko asmoa adierazi dute, aurreko urtean ez dela egin ikusirik.
Azkenik, Din Din elkarteak herriko beste ekintzetan parte hartu izana ere baloratu zuten, orokorrean ongi baloratuz.

«Ez da epea bukatu eta 140 sinaduratik gora lortu ditugu»

Gure Esku Dagoko kideak sinadurak biltzen ari dira Igeldon galdeketa egin ahal izateko. Maiatzaren erdira arte ariko dira. Honako idatzia bidali dute deialdia eginez.

Emandako azken pausoak azaldu zituen Kooperatibak batzarrean

Kooperatibaren batzarra izan zen apirilaren 22an eta emandako azken pausoen berri eman zien bazkideei. 42 bazkide elkartu ziren.  Azaldutako pausoetako bat izan zen bideragarritasun plana egin dela eta kalkuluen arabera, denda irekita, bigarren urtearen bukaeran  irabaziak lortzen hasiko liratekeela. Plan horren arabera, egokiena seina orduz ariko diren bi langile kontratatzea ikusten dute eta kontsumoa dela gakoa. Beraz, hasierako urterako kontsumo-kuota bat ezartzea proposatu dute (hilean 30 eurokoa), proiektua martxan jartzeko beharrezkoa, baina lehenengo urtea pasata, kuotarik ez izatea da asmoa. Kuota hori egun daukaten finantziazioaren arabera kalkulatua da, baina denda irekitzerakoan hobeto zehaztuko dute. Izan ere, lortzen duten finantziazioaren baitan aldatu daiteke.
Bideragarritasun plana prestatuta, diru laguntza bat ere eskatu da Eusko Jaurlaritzan. Udara ingururako aterako da ebazpena.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom