Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraz azalpenak eman zituen Rekondok

Apirilaren 6an, Igeldoko EH Bilduk gonbidatuta, Txente Rekondo izan zen kultur etxean, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra, nola iritsi dira egoera honetara? izenburupean hitzaldia eman zezan.
Rekondo nazioarteko analista da. Komunikazio Zientzietan lizen­tziaduna, politologoa, eta komunikabide desberdinetan ibilitakoa.
Errusia eta Ukraina artean sortutako gatazkaren eta honen ondorioez aritu zen, ordu pare batez, bertaratu ziren 20 lagunei horren gakoak eskainiz. Izan ere, denbora tartea motz gelditu zen eman nahi zuen informazio guztia azaltzeko.
Parte hartu zutenen iritziak en­tzunez eta egindako galdera ugariei erantzunez amaitu zen saioa.

Jubilatuen ekintza berriak: oinezko ibilaldiak eta eskursioak autobusez

Jubilatu Elkarteak otsailean egindako galdetegiaren emaitzak jakinarazi ditu. Galdetegi honekin, aurtengo urtean zer ikastaro eta ekintza antolatu jakiteko informazioa jaso dute eta baita elkarteko bazkideen gustuko gaiak eta beharrak zeintzuk diren ezagutzeko ere. Ia Elkarteko bazkide guztiei zabaldu zieten galdetegia, 102 bazkidetatik 98ri, hain zuzen ere, eta hauetatik %75en erantzuna jaso dute.
Bazkideen iritziak oso baikorrak izan direla ondorioztatu dute eta ekintza ezberdinetan interesa azaldu duten guztiek errealitatean ezingo dutela parte hartu ere jakitun dira. Beraz, aurtengo urteari dagokionean, jadanik martxan dituzten ikastaroez aparte, ekintza arrakastatsuenak burutuko dituztela azaldu dute: oinezko ibilaldiak eta eskursioak autobusez.

Azken txanpan sartuta, opor aurrekoari errepasoa

Aste Santuetako oporretatik bueltan, proiektu berriarekin burubelarri dabiltza berriz eskolan. Azken txanpa geratzen zaie ikasturtea bukatzeko. Baina oporren aurretik ere, lan eta lan ibili ziren eta bigarren hiruhilekoaren berri eman diote Orri Informatiboari.
Talde guztiek hiruhileko amaieran beraien proiektuaren ondorioak aurkeztu zituzten "ExpoIgeldo"-n. Honakoak ikusi ahal izan ziren: gurasoen lanbideen aurkezpenak, sortutako inbento bereziak, asmakizunak, objektu zaharren erakusketa, asmatzaileen biografien poster eta liburuxkak, robotikan egindako aurrerapausoak eta performance eder bat.

MARTXOAK 8: Morez jantzi zuten herria

Urtero bezala, aurten ere Mar­txoaren 8aren bueltan, herriko emakumeek zenbait ekintza antolatu zituzten. Bezperarako, herria apaintzeko deialdia egin zuten eta pankarta batzuk egiteaz aparte, herriko aparkalekuko barandan zinta moreak jarri zituzten, baita Eskola Zaharreko balkoian trapu morea ere. Emakumeen egunean, Donostiako manifestaziora jaitsi ziren, Igeldotik oinez 6 bat lagun eta beste horrenbeste elkartu ziren bertan. Hurrengo egunerako, pin­txo-tertulia antolatu zuten eta 14 emakume elkartu ziren asteazken iluntzean pintxo batzuk janaz tertulia egitera. Hizketa gai ezberdinak izan zituzten. Batetik, emakumeek gorputzaren inguruan izaten duten presio mediatiko, sozial eta kulturalaz aritu ziren (Emakunderen kanpainako gaiaren arira) eta bestetik, Maialen Lujanbioren “Beti bezperako koplak” (Santa Ageda eskeko koplen bertsio ezberdin bat) aditu zituzten eta kopla hauek planteatzen dituzten egoera ezberdinen inguruan hausnarketa egin zuten, sortutako gorputz tenple ezerosotik. Hala ere, tertuliak berezkoa duen modu informalak, beste hainbat gai planteatzeko aukera ere eman zien.

ATZERA BEGIRA: San Isidro eguneko prozesioa

San Isidro eguna, baserritarren eguna dugu eta maiatzaren 15ean ospatzen da. Gaur egunean, Udaberri Festaren barruan ospatzen dugu egun hori, baina lehen eguna bera izaten zen ospakizun eguna. Garai batean herritar asko ziren baserritik bizi zirenak eta baserriak garrantzi handia zuen Igeldon. Bestalde, elizaren presentzia ere handia izaten zen herriko ospakizunetan eta hortik, San Isidro egunean egin ohi ziren meza, prozesio eta bedeinkazioak.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom