Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: maiatza, 2024

Juntakide berriak martxan dira Din-din elkartean

Martxoaren 17an urteko batzarra egin zuen Din-din elkarteak. Besteak beste, junta berria osatzea onartu zuten. Bi urtez juntan lanean aritutako hiru kideak atera ziren: Iraitz Santa Kruz, Xabi Imaz eta Josu Izagirre. Beraien ordez, beste hiru kide sartu dira: Beñat Perez, Iñaki Berzosa eta Ander Zubeldia. Urtebete daramaten beste hiru kideekin osatuko dute taldea orain, Pello Galarraga, Iker Bazterrika eta Ibai Beñaranekin.

Gela bakoitza bere proiektuarekin

Oporren bueltan, indartsu etorri dira Eskolako kideak eta gela bakoitza bere proiektuarekin hasi da lanean. Haur Hezkuntzako ikasleak Olinpiadak prestatzen hasi dira, gorputzaren zainketarekin eta elikadura osasuntsuarekin lotuta. Lehen Hezkuntzako geletan, berriz, makinak eta energiak landuko dituzte ikerketa desberdinak eginaz (robotika, esperimentuak…).

Martxoan jokatu ziren finalak

Neguko Pala Txapelketako finalak martxoaren 15ean jokatu ziren. Bigarren mailan, Josu eta Txube nagusitu zitzaizkien 25-14 Arregi eta Arrutiri. Nesketan, Mitxelena-Mitxelena izan ziren txapeldun 25-9 Laburu-Lertxundiri irabazita. Eta Lehenengo mailan, Luixa-Luixak jantzi zuten txapela 25-20 irabazita Aldazabal-Arregiri.

BERTIZARANERA IRTEERA - Arroilak, tirolinak eta mendi buelta lagunartean

Aurten ere, Gabon eskean ateratako umeekin asteburu pasako irteera antolatu du guraso talde batek. Bertizaranera joan ziren apirilaren 27 eta 28ko asteburuan. Adin ezberdinetako 41 ume eta gaztetxo apuntatu ziren eta Bertizgo abentura parkean ibili ziren lehenengo egunean. Asmoa zen goizean arroilak egin eta arratsaldean gaztetxoak tirolinetan ibiltzea, baina eguraldi kaxkarrarekin, plana aldatu zuten. Gaztetxoek goizez egin zituzten tirolinak eta arroilak. Ondoren, Elizondoko frontoian bazkaldu zuten eta Lekaroz aldera bueltatxoa eginda, Narbarteko aterpetxera joan ziren autobusez.
Igandean, egun pasa joateko aukera izan zuten Haur Hezkuntzako umeek familiekin, eta 6 familia animatu ziren. Denek batera, eguraldi bikaina lagun, mendi buelta egin zuten. Ondoren, Narbarteko aterpetxean bazkaldu, jolasak egin eta Igeldorako autobusa hartu zuten.

MUS TXAPELKETA - Usurbilera joan dira Lapak

Lapa Txapelketa jokatu zen martxoan zehar eta hiru saioren ostean, Usurbilgo Juantxo eta Aitor izan ziren txapeldunak. Azpitxa­peldunak Miguel eta Aitor igeldotarrak izan ziren. Atzetik geratu ziren Lazaro eta Luixen, eta Guille eta Txutxi. Bestalde, Mus Txapelketa azkarrak ere jokatu ziren otsaila eta martxoko ostiraletan.
Antolatzaileek balorazio azkar bat egin dute txapelketen inguruan eta partehartzea ez dela oso ona izan azaldu dute, gainera herriko jendea oso gutxi gerturatu omen da. Datorren urterako buelta batzuk eman beharra ikusten dute.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom