Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Errigorako kanpaina berria iritsi da

Abiatu da berriro Errigorako kanpaina, oraingo honetan Oinak lurrean leloarekin. Nafarroan ekoiztutako olioak, kontserbak, pasta, arroza, lentejak eta txitxirioak erosteko aukera paregabea izango dugu Igeldon. Halaxe azaldu dute arduradunek: «Nafarroako elikagai propioak diren produktuak erosiz, gu guztion ekarpenekin, euskaratik, euskararako eta euskaraz burutzen den ekimen honi beste bultzada bat emango diogu».
Errigorako arduradunek eta boluntarioek IKOn egin dute azken bilera, udaberriko kanpainaren informazioa jaso eta xehetasunak argitzeko. Denda asko gustatu zi­tzaiela jakinarazi dute eta aukera baliatu zutela Donostian abian jarri nahi duten egitasmo berri batentzako ideiak jaso eta argazkiak egiteko.

«Moda gustatzen bazaizu eta kalitatezko arropa prezio onean nahi baduzu, bigarren eskuko arropa da bidea»

Onintze Olasagasti (1985, Igeldo) izena hartzen ari da bigarren eskuko arroparen munduan (OninPintage). Top Market egitasmoaren sortzaileetako bat da eta Gipuzkoan zehar dozenaka azoka antolatu ditu dagoeneko. Igeldon ere bai. Oso pozik dago izaten ari den harrerarekin. Pelukeria ikasi zuen, baita lanbide bezala probatu ere, baina ez zela bere ofizioa konturatu zen. 18 urterekin hasi zen arropa dendan saltzaile. Dendan bai, gozatu egiten du, eta azoken kontu honekin, oraindik gehiago!

Zuzendaritza aldaketa izan da Guraso Elkartean

Bi urtez Igeldoko Eskolako Guraso Elkartea zuzendu eta gero, Olatz Astiazaran, Ainhoa Ezeiza eta Lierni Ezeizak zuzendaritzaren erreleboa lanerako gogotsu datozen beste hiru gurasori eman berri diete. Guraso Elkarteko partaide berriak Nagore Garin, Nerea Zendoia eta Izaskun Urteaga dira.
Azken urteotan ez da erraza izaten lanerako bolondresak topatzea eta aurten ere zuzendaritzarako lortu da hirukotea osatzea.

Zer ekintza antolatu jakiteko galdetegia banatu du Jubilatu Elkarteak

Aurreko Orri Informatiboan adierazi bezala, Jubilatuen Elkarteak galdetegi bat banatu du bere kideen artean, hauen asmoak jasotzeko. Momentu honetan jada biltzen ari badira ere, emaitzak hurrengo alean zabalduko dituztela adierazi dute. Kideen nahiak eta beharrak asetzea litzateke galdetegi honen helburua eta mota ezberdinetako ekintzak egiteko interesik baduten jakin nahi dute. Esate baterako: hitzaldiak, ikastaro ezberdinak, ibilaldiak, bidaiak...
Bestalde, urte berriarekin batera iaz izandako ikastaroak martxan jarri dituzte aurten ere. Pilates eta memoria ikastaroak dira martxan direnak eta aurten jende berria ere apuntatu da ikastaro hauetan. Galdetegian adierazten den beste galdera bat, ikastaroekin lotura zuzena duena litzateke. Hau da, ikastaroetara joateko jubilatuek garraio zerbitzuren bat behar ote duten jakiteko. Hala ere, galdetegietako erantzunak jakitean, Herri Kontseiluarekin aztertu beharko dutela gaia azaldu dute.
Azkenik, osasun egoera hobe­tzen doan heinean gauza berriak antolatzeko asmoa badutela esan dute. Gogotsu dabiltza!

Argazki zaharren erakusketa, taberna ezberdinetan zehar

Orain dela pare bat urte hasi zen Jabier Iraola etxez-etxe argazki zaharrak biltzen. Bere helburua argazki zaharren bilduma liburu bat osatzea da. Bitartean, herritarrek utzitako argazki horietako batzuekin herriko tabernetan erakusketak egiten hasi zen. Nahiz eta hasiera batean Iraola hasi zen lan honetan, orain, beste zenbait herritarren laguntzarekin talde lanean ari dira aurrera eramaten proiektua.
Erakusketa ibiltari hauek 2 epe ezberdinetan egin dira. Lehenda­bizikoa, uztailean hasi eta urria hasiera artekoa izan zen eta bigarrena berriz, Gabonen bueltan hasi eta martxan dago oraindik. Calonge Sagardotegian egin zen lehendabiziko erakusketa, iazko uztailean, herriko jubilatuek bertan egin zuten bazkaria aitzakiatzat harturik eta ondorenean herriko taberna ezberdinetan egon ziren ikusgai. Guztira 24 argazki erakutsi ziren lehendabiziko biran, eta Udazkeneko Azokan kultur etxean egin zen erakusketa zabalean, hasierako 24 argazki horiei beste 24 argazki gehitu eta guztira 48 argazki zahar jarri ziren ikusgai.
Orain beraz, tabernaz-tabernako bigarren erakusketa ibiltaria mar­txan da, azken 24 argazki horiekin. Honako hauek dira parte hartu duten tabernak edo herriko guneak: Mendizorrotz, Iko kooperatiba, Kanpiña, Etxe Nagusi, Nikolas, Ekaitz, Txapela eta Calonge sagardotegia. Beraz, argazki zaharrak ikusi nahi badituzue, bisitatu herriko tabernak, batean edo bestean aurkituko dituzue eta!

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom