Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: maiatza, 2018

Asteburu ederra pasa dute Asteasun

Guraso Elkarteak antolatuta, asteburu pasa ibili dira 35 lagun Asteasun. Hain zuzen, Asteasuko Otabardi aterpean pasa dituzte bi gau (maiatzak 18 eta 19) eta giro ederrean ibili direla azaldu dute. Ostiralean iritsi ziren eta larunbatean mendi buelta egin zuten. Eta ez nolanahikoa: Iturriotz-Gazume-Zelatun-Ernio-Iturriotz. Arratsaldean, berriz, Elizmendin futbolean eta saskibaloian ibili ziren ume eta guraso. Eta igande goiza, Altxorraren bila jolasean igaro zuten Otabardi inguruetan. Bazkalondoren, etxera bueltatzeko garaia iritsi zitzaien.

Oraingoan porruak lapurtu dituzte eskolako baratzetik

Eskolako baratza buruhauste eta frustrazio ugari sortzen ari zaie azken bi urteetan, Lehenengo zikloko ikasle eta irakasleei. Azaldu dutenez, gauzak biltzeko garaia iristen zaienean, lapurtu egiten dizkiete bertako barazkiak. Azken lapurreta orain gutxi izan da eta porruak eraman dituzte. Honen inguruan idatzi dute Eskolako blogean (maiatzak 11): «Lehenengo zikloko ikasleak gara. Gaur goizean baratzera irten garenean ezusteko handia jaso dugu. Lehenengo hiruhilabetean, beste barazkiekin batera, porruak landu genituen. Ederrak zeuden. Gaur etxera eramateko baratzetik gure porruak hartu behar genituen eta ezin izan dugu. Baratza garbi zegoen eta gure porruak ez ditugu inon ikusi».

Giro paregabean ospatu da San Isidro

San Isidro Eguna ospatu da aurten ere Igeldon eta giro paregabean ibili ziren Toka Txapelketa eta afaria tarteko. Tokan 20 lagunek hartu zuten parte eta Jabier Sorondok irabazi zuen, 4 aldiz jota (2 tirada batuz). 

Dominak eskuratuta, Txinatik buelta

Martxoaren hasieran goma gaineko sokatira mundiala izan zen Xuzhoun, Txinan. Euskal Herriko txapelketa bukatuta, 6 talde joan ziren Euskal Herritik eta horien artean Ibarrako taldea. Talde honetako kide den Joxe Mari Uranga igeldoarra bertan izan zen eta berarekin elkartu gara Txinan bizitako esperientzia nolakoa izan den jakiteko asmoz.

ONDITZ URRUZMENDI: «Nire helburua sprinera iristen diren karrerak lehiatu eta irabaztea da»

22 urteko txirrindulari igeldoarra da Onditz Urruzmendi. Afizionatutan, 23 urtez azpiko mailan dabil, Eibar Energia Hiria taldean. 2010 urtetik, infantil mailatik, txirrindularitzan dabil bere anaiak erosi zuen bizikleta bat tarteko (2011ko martxoko Orri Informatiboan elkarrizketa egin genion). Momentu honetan, karreterako denboraldian dabil eta denboraldia ezin hobeto hasi du, Zumaian jokatu zen aurreneko karrera irabaziz, hain zuzen.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom