Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: maiatza, 2018

Errepide nagusia eta herri bideak hobetzeko, bilera egin da teknikariarekin

Apirilaren 18an, Donostiako Udaleko Mantentze eta Zerbitzuetako teknikariarekin bildu zen Herri Kontseilua. Errepide nagusia eta herri bideak hobetzeko hainbat eskaera egin zizkion, besteak beste. Honako abisuak pasa zizkion: Agiti bideko zuloak tapatzeko, Polipasoko konkorraren aurreko zuloa, Lizardiko aldapako zuloa, Buena Vistatik Tximistarrirako bide ko espaloia garbitzeko, Gudamendiko aldapa hasieran sortzen den putzuari konponbidea emateko, Etxe Nagusi parean dagoen saltoa seinalizatzeko, Iturritxo iturriko bidea irekitzeko... Ahalik eta azkarren erantzutekotan geratu dira.
Bestalde, azken hilabetean hainbat herri bide garbitzen ari direla azaldu zuen teknikariak. Bost laguneko bi talde ari dira. Eskuz ari dira, atxurrekin, ur-bideak eta behar bezala garbitzen. Hiru hilabete eta erdiz ariko dira denera eta tarte horretan egin dezaketena egingo dute. Honako bideak behintzat garbituko dituzte: Pilotegi, Igara, Tximistarri, Mara bieta, Arritxulo, Txalin, Bus tin zuri, Agiti, Iturrieta eta Gudamendi.
Horrez gain, Aita Orkolaga bidea asfaltatuko dutela jakinarazi zuen. Zehazki, kanpinetik Biorretara.

Leku Eder eta Sirenako malkarrak
Leku Eder inguruan eta Sirena parean, bide bazterretako malkarretan lur-jausiak izan ziren orain dela hilabete batzuk. Leku Ederren garbiketa lanak egin zituzten, zuhaitz-ipurdiak bertan utziz, eta momentuz egonkor dago. Dena dela, zati batzuk zalantzan geratu zirela eta, azterketa egin du geologo aditu batek eta aktuazio bat egitekoak dira. Teknikariak ez zuen azaldu ez zer egingo duten ez noiz.
Sirenakoari dagokionean, dirudienez, bukatu dituzte lanak. Malkar hori ere garbitu zuten eta geologoek ikusi ostean ez zegoela seguru adierazi zuten. Malkarra egonkortzeko lanak egin dituzte azken asteetan eta semaforoa ere kendu dute.

Bentalegreko kruzeari soluzioa
Azken asteetan, sustoren bat edo beste izan da Bentalegreko kruzean eta lehendik ere jakina zen ez dela oso kruze segurua. Hori horrela,  zerbait egin beharra adierazi zion Herri Kontseiluak Udal teknikariari. Lehen, abiadura moteltzeko konkorrak zeudela azaldu zion, baina Klasikarekin kendu egin zituztela eta ez dituztela berriz jarri. Konkor dobleak jartzeko proposamena egin du Herri Kontseiluak, errepide osoa hartuz alderik alde, jendeak konkorra saihesteko beste karrilera pasatzeko joera baitu bestela. Gaia Mugikortasun sailera bideratuko duela azaldu zuen teknikariak.

Hainbat eskaera, Partaidetzako zinegotziari

Herri Kontseilua Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Herri Partaidetzako zinegotziarekin elkartu zen apirilaren 11n. Bi urte eta erdi paseak ziren zinegotzia Herri Kontseiluarekin azkenekoz bildu zenetik, eta ordutik gauza askok berdin jarraitzen dutela gogorarazi zien Herri Kontseiluko kideek. Aurrerapauso askorik ez dutela ikusi, alegia. Udalarekin dagoen harreman eza ere salatu zuten eta bere garaian Udal Gobernu berriak Igeldorekiko trataera berezia izango zuela gogorarazi. Herri Kontseiluak eskatu zuen Partaidetzako zerbitzuarekin bilerak maiztasun batekin egitea eta baita Udal Gobernuarekin ere, aurreko legegintzaldian egiten zen bezala. Eta horrez gain, Igeldori buruzko informazio guztiaren berri emateko eta edozein plan edo proiektu egin aurretik harremanetan jartzeko.

Garraioaren eta espaloiaren inguruko mozioei ezezkoa, Donostiako Udalak

Udaletik jaramonik egiten ez dutela ikusita, Herri Kontseiluak erabaki zuen eskaera guztiak Udal erregistroan sartzea eta baita oposizioko alderdiei zabaltzea ere. Garraioaren (autobus zerbitzua) eta espaloiaren gaien inguruan, besteak beste, EH Bilduk eta Irabazik eskaerak egin dituzte. Martxoko plenoan, esaterako, Irabazik mozio bana aurkeztu zuen eta ez ziren onartu EAJ-PNV, PSE eta PPren kontrako botoekin. Irabazik eta EH Bilduk alde bozkatu zuten.
Mozio horietan honakoa eskatzen zen:
Espaloiari lotuta, Udalak berriz aztertu dezala proiektua, ahalik eta azkarren, eta bere esku dauden aukera guztiak baliatzeko: bere garaian baimena eman ez zuen jabearekin negoziatzea edo beharrezko metroak desjabetzea edo espaloiaren zati bat bakarrik egitea. Udal  Gobernuak ezetz bozkatzearen arrazoia izan zen, jabego pribatuaz ari garela eta ezin dela ezer egin.
Garraioari lotuta: Udalak aztertu eta diseinatu dezala igeldotarrei behar bezala erantzungo dien mugikortasun zerbitzu integral bat, Behemendiren zerbitzua kontuan hartuz, besteak beste. Eta 2004an egin zuten galdeketa egin dezatela berriz, baina igeldotar guztiei, ez autobus erabiltzaile batzuei bakarrik. EH Bilduk ere zentzu berean hitz egin zuen eta galdeketa hartatik 14 urte pasa direnez, egungo egoera aztertu eta erantzuna horri eman behar zaiola gaineratu zuen.
Udal Gobernuko ordezkariak adierazi zuen galdeketa berriz egingo balitz, erantzuna bera izango litzatekeela: «Jendeak nahiago du ibilbide luzea, zentrora eramanez ». Ordu aldaketari dagokionez, auzo askoren eskaria dela eta sare osoa aztertu ondoren jarri behar direla lehentasunak azaldu zuen. Behemendiren zerbitzuari buruz ez zuen ezer esan.

Urteko batzarra egin du Din Din elkarteak

Pasa den martxoaren 25ean urteko batzarra egin zuen Din Din elkarteak. Urtero bezala, batzarrarekin batera junta aldaketa egin ohi da eta aurtengoan, Julen Areizaga, Mikel Altuna eta Iker Zinkunegi izan dira sartu direnak eta Eneko Dorronsoro, Anjel Altuna eta Garikoitz Galarraga berriz, atera direnak.
Bestalde, batzarrean iazko kontuak onartuta, aurtengo proposamen eta erabakiak planteatu ziren. Honako hauek izan ziren hartutako erabakiak: Erabiltzaileen Kuota igotzea erabaki zuten (iazko urtean jaitsi egin baitzen), beraz, aurtengo urtean bazkide direnek 1€ ordaindu beharko dute elkartea erabiltzeagatik eta bazkide ez direnek, berria: 2€. Elkartean eskaintzen diren produktuen prezioak urte askoan zehar ez direla berrikusi eta, aurten prezioak eguneratzea erabaki dute, urteetan hasierako prezioak mantenduz produktuen marjena txikitzen joan baita eta prezioen eguneraketa hori eginaz, hasierako marjenak mantentzea espero dute. Ikastaroei dagokienean ere, aurten saiakera berezi bat egiteko asmoa adierazi dute, aurreko urtean ez dela egin ikusirik.
Azkenik, Din Din elkarteak herriko beste ekintzetan parte hartu izana ere baloratu zuten, orokorrean ongi baloratuz.

Udaberri Festa, berezia

Aurtengo Udaberri Festa berezia izango da. Azken urteetan, festa honetan ateratako dirua Kooperatibari laguntzeko erabili izan da eta aurten, helburu hori izateaz gain, Kooperatibaren proiektu berria izango da ardatz. Proiektua herrian eta herritik kanpora zabaltzeko aprobetxatu nahi da aurtengo Udaberri Festa eta horretarako, egitarau ederra prestatu dute. Azpimarratzekoa da, igandean egingo den Barazki, Lore, Landare eta Zuhaitz azoka. Kanpoko jende ugari gerturatzea espero da.
Dena dela, ohiko esentziari ere eutsiko dio eta primerako barrikotea, zentollo eta guzti, eta San Isidro eguneko afaria ere izango dira Alkorta anai-arreba trikitilariek girotuta, besteak beste.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom