Aurkezpena
![]()
Igeldo Donostia eta Orio batzen dituen mendi hegalean kokatua dago. Hegoldean Usurbilekin eta iparraldean itsasoarekin egiten du muga. Igeldoko bi isuriek morfologikoki bitan banatzen dute herria; hegoaldekoa A8 autopista pareraino iristen da eta iparraldekoak itsaslabar malkartsuetan du bukaera. Igeldoko biztanleria 1100 pertsona inguruk osatzen dute eta lurraldea berriz, 10,4 km-koa da.
Mendizorrotz (452m) mendia nagusitzen den ingurunean, belazeak, baso mistoak, hariztiak edo koniferez birpopulatutako zonaldeak baserri eta txalet bakunekin tartekatzen dira. Hala ere, badira, gainontzekoetan baino jende kopuru handiagoa bizi den zonaldeak. Nagusiena Igeldoko kaskoa da, San Pedro elizaren eta herriko plazaren inguruan sortua. Bertan, azpiegitura gehienak kokatzen dira: frontoia, eskola, kultur etxea....
Bestalde, Ameztiko eta Gudamendi-Etumeko zonaldeak urte askotan zehar eman den kontrolik gabeko hazkunde urbanistikoaren ondorio dira. Gune erresidentzialak dira, nagusiki txalet bakunez osatuak, inguru horiei izena ematen dioten baserri eta etxebitza bloke batzuen (Etumekoa batez ere) salbuespenarekin. Bertako biztanleriaren jatorria, nagusiki, Donostia eta Gipuzkoan kokatzen bada ere, atzerritik etorritako biztanleriak gero eta garrantzi gehiago dauka.
Hirugarren sektorea eta nekazaritza
Igeldon, ekonomikoki hirugarren sektorea eta nekazaritza dira sektore garatuenak. Zenbait baserri jatetxe, ostatu eta nekazalturismo bihurtu dira; beste batzuk, berriz, nekazal ustiapen maila altua mantentzen dute. Azpimarratzekoa da zenbait nekazal ustiapeni garrantzi estrategikoa aitortu diela Nekazal Ingurunea garatzeko departamentuak. Horiez aparte, beste hainbat hotel, ostatu, nekazalturismo, landetxe eta jatetxe daude. Donostiari zerbitzua ematen dioten bi kanpinak ere, Igeldoko lurretan kokatzen dira.
Herri kontzientzia
Igeldon gaur egun, herri kontzientzia nabarmena da; hau besteak beste, Igeldok berezkoa duen nekazal giro euskaldunaren ondorioa da. Igeldoko ohiturak, ezaugarri kulturalak, sentimenduak eta antolatzeko moduak, nekazal giroko herri txiki batenak dira. Igeldotarren gehiengoa ezaugarri hauekin bat dator eta gainera Igeldoko biztanle gehienek (agian beste leku batzuetatik etorritakoek modu heterogeneoagoan) ezaugarri hauek ikusi eta positiboki baloratzen dituzte.
Antolaketa propioa ere izan du. Autogestioa, auzolana… Igeldoren ezaugarriak izan dira. Bide horretan, Herri Kontseilua sortu zen 1994 urtean.
Urte hauetan zehar, bere eginkizun nagusia herritarren nahiak eta beharrak zeintzuk diren ezagutu eta erantzun bat ematen saiatzea izan da. Horrez gain, herrian eta herritik kanpora organo erreferente izan da; Igeldoko Entitatea sortu den arte. Herri Kontseiluko ordezkariak lau urtez behin hautatzen dira, hauteskunde bidez.
Gaur egun, herritarren partehartzea, inplikazioa eta kohesioa bultzatzea du helburu eta administrazioa herritarrengana gerturatzea. Zentzu horretan, Igeldoko Entitatearekin zubilana egiten du.
Donostiatik banatzeko ahaleginak
Historian zehar entengabekoak izan dira Igeldo Donostiatik banatzeko ahaleginak. Azkenekoak 90. hamarkadan du hasiera. Donostiako Udalak aurkeztutako Plan Orokorrak igeldotarren artean sortutako nahigabeak eta Igeldotik luzatutako deszentralizazio eskaerak jasotako ezezkoak, 93-94 urteetan eztabaida prozesua bultzatu zuten igeldotarren artean. Bertan, Igeldorako aukera ezberdinak aztertu ziren: deszentralizazioa, desanexioa... Prozesuari galdeketa batekin eman zitzaion bukaera.
1995 urtean, Itxas Aurre elkarteak, herritarren gehiengoaren babesarekin (%62,5), desanexio eskaera aurkeztu zuen. Donostiako Udala eskaeraren bide administratiboa gelditzen saiatu zen prozesu juridiko luze bat irekiz. 2013 urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaia berriz aztertu zuen. Igeldon galdeketa egin ondoren eta desanexioren aukera igeldotarren gehiegoaren hautua zela ikusita, Igeldori udalerri izaera onartu zion. Horren aurrean, Donostiako Udalbatzak bide juridikora jo zuen prozesua eteteko. 2019an Madrileko Auzitegi Gorenak azken sententzia eman zuen, 2013ko Foru Araua bertan behera utziz, eta Igeldo berriro administratiboki Donostiaren menpeko auzo bihurtuz.
Toki Entitate Txikiaren sorrera
2015-2019 legegintzaldian Eneko Goia alkate zela, Donostiako Udal gobernuak aukera bakarra adierazi zuen Igeldoren auziari erantzuteko: Tokiko Entitate Txikia bihurtzea. Lehenik Ereñotzuk eta ondoren Itziarrek hartutako bidea.
Herri Kontseiluak argi adierazi zuen Igeldoren afera konpontzeko beharrezkoa zela Igeldoko herritarren borondatea errespetatzea. Hala ere, Herri Kontseilua prest azaldu zen, ordura arte bezala, herriko zein herritarren egoera hobetzeko baliagarri izan zitezkeen proposamenak aztertzeko. Herri Kontseiluak hainbat batzar egin zituen herritarrekin bide berriaren inguruko jarrera zehazteko. Momentuz, desanexioaren bidea etenda zegoela ikusita, Tokiko Entitate Txikiaren bidea lantzea erabaki zen. Hala, prozesu bati hasiera eman zitzaion Donostiako Udalarekin batera.
Ofizialki 2021eko maiatzean jarri zuen martxan Donostiako Udalak Igeldoko Toki Entitatea sortzeko prozesua, Herri Kontseiluarekin elkarlanean. Azkenean, 2024ko abenduaren 17an argitaratu zuen Foru Aldundiak sorrera dekretua.
Ordutik, Igeldo Toki Entitate Txikia da; izaera juridiko propioa duen erakunde publikoa. Hainbat eskumen ditu eta horiei lotutako aurrekontu propioa. Poliki-poliki ibilbide berri honetan pausoak ematen doa Igeldo, sortuz doazen erronka eta helburu berriei erantzunez.