Historia

Jasota dagoen Igeldoren (“Iheldo Bizchaya”) lehenengo aipamen historikoa, 1141 urtekoa da. Urte horretan, Gartzia errege naparrak inguruko bere jabetzak Iruñako Katedralari eman zizkion. Ondasun-emari horretan azaltzen denez, “Iheldo Bizchaya” gaur egun baino haundiagoa zen, Ibaetako, Usurbilgo edo Orioko lurraldeetaraino zabaltzen baitzen. Ingurune honetan aurkitutako Hilobi eta Trikuarriek, zonalde horrek artzai komunitatearentzat zuen garrantzia frogatzen du.
X. mendetik eta XIII. mendera, lurgintzaren zabalkuntzarekin, giza komunitateak sendentarioak bihurtzen hasi ziren. Giza komunitate horiek elizen inguruan eratu eta osatu ziren. Igeldoren kasuan, X. mendetik XI. mende bitartean sortu zen San Pedro Parrokiak, komunitate sendo baten izatea erakusten digu.
Abeltzaintzatik nekazaritza sendentariora igarotzean, Igeldon, Gipuzkoa osoan bezala, harrobiak izandako garrantzia azpimarratu behar da. Igeldoko harrobiek eta bere harri famatuak garrantzi estrategikoa izan zuten eta ziurrenik harriaren erauzketak Igeldoko biztanleentzako lan eta diru iturri oparoa izan ziren.
Description du Rouyaume de Navarre,Petrus Bertius,1615 .
Donostia sortzean, bere jurisdikziopean
Antso VI.a Jakitunak bultzatutako Donostiako sorrerarekin, Igeldo, hiriaren jurisdikziopean geratu zen, Usurbil, Orio, Zubieta edota Hernani bezalako lurraldeekin batera. Kasu gehienetan, herrixka hauek izaera desberdin eta autonomi maila handia mantendu zuten; Igeldoren kasuan, 1578an Gipuzkoako Batzar Orokorrak “Universidad de Igeldo” izendatzeak frogatzen duen bezala.
1379 urtean, Gaztelako Enrique II. Erregeak Igeldo, Ibaeta eta Andoaingo “Kolazioak” Donostiako jurisdikziopean mantendu zitezen agindu zuen. Dirudienez, “Kolazio” horiek independentzia eskaera luzatu zioten Erregeari, Donostiatik banandu berriak ziren Orio, Hernani eta Usurbilen pausoak jarraitu nahiean.
1845 urtean, Igeldoko udaletxeak Alkatea, Alkateorde bat eta lau Regidore zeuzkan. Hala ere, 1857 urtean desanexioa eskatu zuen. Eskaera hau ukatu eta gero, 1963 urtean, bi herriak batzen dituen errepidea eraikitzearen truke, Donostiara guztiz anexionatuta geratu zen Igeldo.
Garai berriak
Aurrez aipatu bezala, historian zehar entengabekoak izan dira Igeldo Donostiatik banatzeko ahaleginak. Dena dela, gaur gaurkoz desanexioa lortzeko bidea etenda dago juridikoki. Eta 2024ko abendutik Igeldo Toki Entitate Txikia da; Gipuzkoako hirugarrena.