HERRI GALDEKETA IGELDON | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

HERRI GALDEKETA IGELDON

(0 iruzkin)

Apirilaren 14an igeldotarrok aukera izango dugu Toki Entitate Txikia sortzea nahi dugun edo ez erabakitzeko. Azken urte hauetan Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak adostu duguna balorean jartzeko momentua izango da.  Donostiako udaleko ordezkari politikoen gehiengo zabalarekin onartu ondoren, orain, proposatu denari Igeldoko herritarrek babesa erakustea garrantzitsua da. Igeldok egitura administratibo berri bat izango du eta orain arteko ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat gehiago izango da; gure ustetan, Igeldoko egoera hobetzeko oso baliagarria izango dena. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan bidelagun izan ditugun Siadeco elkarteko kideei eta Udal teknikariei.

Historian zehar Igeldoren ibilbidea luzea eta anitza izan da. Herri, udalerri, auzo….bai, egitura ezberdinak baliatu ditugu historian zehar. Baina bide horretan zehar bada zerbait urteetan berdin mantendu dena eta egun garena izatera ekarri gaituena. Gure nortasun propioa izateak donostiarrengandik beti bereizi gaitu. Eta egitura berri honen sorreran Donostiako ordezkari politiko guztiek aitortu digute hori horrela dela. Horregatik, TET sortzea, nortasun eta izaera berezi horren aitortza da.

Igeldotarrok zer izan nahi dugun lehen ere adierazi dugu horretarako aukera izan dugun bakoitzean, azken 30 urtean hiru alditan gutxienez. Orain baino lehen egindako galdeketa eta iritzi emateek arrakastarik izan ez bazuten ere, urte hauetan eskatzen genuena beharrezkoa zela frogatua geratu da. Igeldok herri izaeraren aitortza eta  bertako herritarrek kudeatutako administrazioa eta eskumenak nahi eta behar dituela, alegia. Azken lau urte hauetako negoziaketen ondoren, TET sortzea adostu dugu eta  udalerri izateko ukatzen zitzaizkigun argudio asko, Tokiko Entitate Txikiaren sorrera arrazoitzeko proiektuaren txostenean jaso dira. Orain herritarrok aukera dugu heldutasun ariketa egin eta gure etorkizuna hobetuko duen tresna honi baiezkoa emateko.

Bai, baiezkoa herritarron artean adostu dugulako eta urteetan Donostiako udaletik ukatu zaizkigun beharrak aitortu direlako. Bai, behingoz, zerbitzuak hobetzeko eta berriak sortzeko. Bai, behar sozialei erreparatu eta erantzunak ematen hasteko. Bai, gure behar eta lehentasunen  arabera  inbertsioak egiteko.

Ziur gaude Toki Entitate Txikia sortzeak igeldotarrontzat onura asko ekarriko dituela. Hala ere, garbi eduki behar dugu hemendik aurrera ere, Donostiako Udalaren jarrerak zerikusi handia izango duela prozesua arrakastatsua izateko, hau da, hartutako konpromisoak betetzeko.  Aldi berean, hau guztia kudeatzeko lan asko egin beharko dugu, baina Igeldon beti horren garrantzitsua izan den auzolana ardatz hartuz, ziur gaude guztion artean lortuko dugula.  Ilusioz hartu dezagun datorkiguna eta pazientziaz jarraitu herria kudeatzen. Orain arte egin dugun bezala, baina eskumen eta baliabide gehiagorekin.

Hori horrela, dei egiten diegu igeldotar guztiei igandean bozkatzera gerturatzeko!

IGELDOKO HERRI KONTSEILUA

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom