Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Festa ederra, Inauteriak ospatuz

Otsailaren 18an ospatu ziren Inauteriak Igeldon eta eguraldiak lagunduta, festa ederra bizitu zuten elkartutako haur, gazte eta helduek. Goizean, herriko gazteek antolatuta, jolasak eta altxorraren bila izan zituzten umeek. Pri­meran pasa zuten eta neka-neka eginda ere bukatu zuten askok, altxorra aurkitzea ez baitzen lan errexa izan!

Santa Agedako koplak kantari

Otsailaren 4an, Igeldoko Jubila­tuen ekimenez, herriko etxe eta tabernetan lehen aldiz Santa Ageda koplak kantatzen atera ziren jubilatuen Kantujirako taldekoak. Euskal Herriko beste herri askotan bezala, beren makilekin lurrari kolpeka, neguko lozorrotik udaberriari ate joka aritu ziren. Santa martiriari egindako koplak eta jendearen egunerokotasunari jarritako ber­tsoen arteko oroimen nahasia izan zen. Eusebio bertsolariaren alaitasunarekin, Iker eta Gurutze trikitilarien giroarekin, pozik ibili ziren parte hartu zuten zahar eta gazteak.
Ondoren, Dindin Elkartean afari ederra eta dantzaldi biziak eginez bukatu zuten Santa Ageda bezperako eguna.

Lan egiteaz gain, primeran pasatzen ari dira Eskolan

Bigarren hiruhileko honetan, zien­tzia arloa lantzen ari dira Eskolan, bakoitza bere mailara. Haur Hez­kuntzako ikasleak, zentzumenak eta gorputza ikertzen ari dira. Lehen Hezkuntzako ikasleak berriz, gorpu­tza, sukaldaritza eta materiarekin hainbat ikerketa egingo dituzte.

Errigorako produktuak eskatzeko aukera

Bat egin Errigora balioekin leloa izango du aurtengo udaberriko kanpainak. Errigoraren zutabeak baitira balio horiek: bertakoa izatea, euskara, auzolana eta nekazariarekiko bidezko harremanak.
Izan ere, kanpaina honetan eskainiko diren produktuek ‘errigora balioak’ identifikatzailea eramango dute; etiketak ziurtatzen du produktuak Nafarroako erdialdeko eta Erriberako jatorria duela, produktu hori elaboratu duen ekoizleak euskara normalizatzeko plana abian jarri duela eta garatzen ari dela, ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela eta ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela, bitartekaritzarik gabekoa, gertukoa eta elkarlanean oinarritutakoa.
Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, eta hastapenetan 5 ekoizle baziren ere, gaur egun 23 dira bat egin dutenak.
Beste berritasun bat ere izango da aurten, eta produktu berriak eskatu ahal izango dira: lekak kontserban, arroz integrala eta arbendolak.

Loiolako Hipikak Igeldon izango du jarraipena

Prentsan azaldutako albistearen ostean, Herri Kontseilua Loiolako Hipikarekin jarri zen harremanetan. Bertako arduradunek jakinarazi diotenez, Hipikak Igeldon izango du jarraipena. Muntozabal ondoan lortu dituzte lurrak, Gudamendi bidearen ondoan, eta leku aldatze lanetan ari dira orain. Beraien asmoa da lehenbailehen jarduera baimena lortzea udaletxean eta martxan jartzea: «Lizentzia eskaera aurkezteko lanean ari gara». Momentuz, kontsulta egin dutela eta zaldiak edukitzeko, ikuiluak jartzeko (desmontagarriak) eta pistako hondarra botatzeko ez dutela baimenik behar adierazi diote Herri Kontseiluari.
Loiolako kuartelen salerosketak eraginda, Hipikak Loiola utzi behar izan du. Hipikako instalazioak militarren lurretan zeuden eta orain militarrek lur horiek erabili nahi dituzte kuartel txiki bat eraikitzeko.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom