Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: maiatza, 2022

DESAPIYUA: Presoen aldeko topaketa

Urte askoren ostean, Añorga-Antiguo-Igeldo topaketa egin zen apirilaren 23an Añorgan. Euskal Presoak etxeratzeko aldarria zabaltzeko baliatu zen eguna. Giro ezin hobean manifestazioa, herri bazkaria, herri  kirolak  eta kontzertuak egin ziren. Bazkarian 180 lagun elkartu ziren. Desafioan, berriz, lehia bizia izan zen eta azkenean añorgatarrak izan ziren nagusi. Igeldoarrak azken postuan geratu ziren, antiguotarren atzetik.

Banatzaileen lana eskertuz, afaria

Orri Informatiboa edo bestelako ohar eta eskuorriak etxe guztietara banatzeko, banatzaile talde bat dago eta egiten duten lana eskertuz, afari eder bat eskaini zien Herri Kontseiluak martxoaren 25ean. Banatzaile talde horretan 12 lagun aritu dira azken urteetan borondatezko lan hori egiten. Afariaren aurretik, taldearen eta tadekideen egoeraz hitz egiten aritu ziren eta batzuk errelebo edo laguntza beharra adierazi zuten. Baja bat izan da, baina hiru lagun berri lortu ditu Herri Kontseiluak taldea sendotzeko. Kaxkoko banaketarako kide gehiago lortzea da orain asmoa.

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraz azalpenak eman zituen Rekondok

Apirilaren 6an, Igeldoko EH Bilduk gonbidatuta, Txente Rekondo izan zen kultur etxean, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra, nola iritsi dira egoera honetara? izenburupean hitzaldia eman zezan.
Rekondo nazioarteko analista da. Komunikazio Zientzietan lizen­tziaduna, politologoa, eta komunikabide desberdinetan ibilitakoa.
Errusia eta Ukraina artean sortutako gatazkaren eta honen ondorioez aritu zen, ordu pare batez, bertaratu ziren 20 lagunei horren gakoak eskainiz. Izan ere, denbora tartea motz gelditu zen eman nahi zuen informazio guztia azaltzeko.
Parte hartu zutenen iritziak en­tzunez eta egindako galdera ugariei erantzunez amaitu zen saioa.

Jubilatuen ekintza berriak: oinezko ibilaldiak eta eskursioak autobusez

Jubilatu Elkarteak otsailean egindako galdetegiaren emaitzak jakinarazi ditu. Galdetegi honekin, aurtengo urtean zer ikastaro eta ekintza antolatu jakiteko informazioa jaso dute eta baita elkarteko bazkideen gustuko gaiak eta beharrak zeintzuk diren ezagutzeko ere. Ia Elkarteko bazkide guztiei zabaldu zieten galdetegia, 102 bazkidetatik 98ri, hain zuzen ere, eta hauetatik %75en erantzuna jaso dute.
Bazkideen iritziak oso baikorrak izan direla ondorioztatu dute eta ekintza ezberdinetan interesa azaldu duten guztiek errealitatean ezingo dutela parte hartu ere jakitun dira. Beraz, aurtengo urteari dagokionean, jadanik martxan dituzten ikastaroez aparte, ekintza arrakastatsuenak burutuko dituztela azaldu dute: oinezko ibilaldiak eta eskursioak autobusez.

Azken txanpan sartuta, opor aurrekoari errepasoa

Aste Santuetako oporretatik bueltan, proiektu berriarekin burubelarri dabiltza berriz eskolan. Azken txanpa geratzen zaie ikasturtea bukatzeko. Baina oporren aurretik ere, lan eta lan ibili ziren eta bigarren hiruhilekoaren berri eman diote Orri Informatiboari.
Talde guztiek hiruhileko amaieran beraien proiektuaren ondorioak aurkeztu zituzten "ExpoIgeldo"-n. Honakoak ikusi ahal izan ziren: gurasoen lanbideen aurkezpenak, sortutako inbento bereziak, asmakizunak, objektu zaharren erakusketa, asmatzaileen biografien poster eta liburuxkak, robotikan egindako aurrerapausoak eta performance eder bat.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom