Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Frantziako Tourra Igeldotik pasako da

Uztailaren 1etik 23ra Frantziako Tourra txirrindulari lasterketa jokatuko da eta lasterketako hirugarren etapa Igeldotik pasako da. Uztailaren 3an izango da, astelehena, eta errepidea itxita egongo da hainbat orduz. Hirugarren etapa horretan Amorebieta-Etxanotik abiatuko dira txirrindulariak eta Euskal Herriko kosta zeharkatuz Baionan izango dute helmuga. Bezperako etapa, bigarrena, Donostian bukatuko da eta Igeldoko errepidea irekita egon arren, baliteke Antigua eta inguruan eragina izatea. Informazio zehatza izatean, Herri Kontseiluak zabalduko du ohiko bideetatik.
Tourrarekin lotuta, asfaltatze lanak egin ditu Udalak Igeldoko errepide nagusian. Hainbat zati konpondu dituzte.

«Igeldon ere komunitate energetikoa martxan dago; animatu!»

Azken urte hauetan, gizartean asko zabaltzen ari da bizitzen ari garen larrialdi klimatikoari aurre egin behar diogunaren kontzien­tzia. Energiaren garestitzearen ondorioz, betiko enpresa energetikoek izan dituzten izugarrizko mozkinak ikusita, zenbait sektoreetan energiaren ekoizpena maila lokaletik kudeatzen hasi behar dugunaren ideia ere indarra hartzen joan da. Honi, Europatik bideratzen ari diren dirulaguntzak ere transizio energetikoa azeleratzeko eta, komunitate energetiko herritarren bidez, energiaren kudeaketa demokratikoago bat lortzeko helburuarekin garatzen ari diren proiektu asko martxan jartzen ari direla eransten badiogu, batzuei bururatu zaigun galdera hauxe izan da: Igeldon ere saiakera egingo al dugu, bertako baliabideak kontuan hartuz komunitate energetiko bat sortzeko? Eta, orain arte egin ditugun bi bileren emaitza ikusita, erantzuna baietz da, merezi duela eta egingo dugula!
Dagoeneko denok garbi daukagu energiaren deskarbonizazioa lortzeko, teknologia berriak gara­tzeaz aparte gizartearen eta ingurumenaren aldeko ereduak bultzatu behar direla, gaur egun dugun dependentzia energetiko handia murriztu behar dugula (GFAko datuen arabera Gipuzkoako energiaren %8a bakarrik da berriztagarria!) eta herrietako komunitate energetikoak irteera bat izan daitezkeela arazo horiek guztiak konpondu eta beste eredu energetiko batzuk eraikitzeko bidean, komunitate energetiko baten helburuak onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak eskaintzen dituelako komunitate osoari.
Beraz, eraginkortasun neurriak hartuz energia-faktura murrizteko, herriko gizarte-kohesio handiagoa sustatzeko eta betiko energia enpresa handietatik aparte energia berriztagarriak erabiliz klima aldaketaren aurka egiteko gogoz bazaude, oraintxe duzu aukera Igeldon bertan. Animatu eta parte hartu!

Eguzki plakak jarri ditu Udalak Eskolan

Aste Santuan, autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa jarri du Donos­tiako Udalak Igeldoko eskolan. Energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko programaren barruan, Europako diru lagun­tzaren bidez egin da. Aurrekontua: 32.724,45 €. Bertatik ateratzen den energiaren kontsumoa honela banatuko da: Eskola %40, Igeldoko bonbak % 35 eta kultur etxea %25.

Azken detaileak lotzen ari dira jaietarako

San Pedro jaiak antolatzen burubelarri ari dira lanean hainbat herritar. Egitaraua ia osatua daukate eta detaile txiki batzuk lotzea bakarrik falta zaie.
Festa egunak ekainaren 23tik uztailaren 2ra izango dira. Hain zuzen, egun hauetan izango dira ekintzak: ekainak 23, 24, 25, 29 eta 30, uztailak 1 eta 2. San Juan bezperarekin berotu, kross, futbol eta pelotarekin jarraitu eta San Pedro egunarekin etorriko dira egun nagusiak.
Aurtengoan ere ez dira faltako adin eta gustu guztietarako ekin­tzak: herri kirolak, umeen eguna, kontzertuak, DJak, Umore Horiya, antzerkia, dantza, bertsolariak... Prestatzen joan, gutxi geratzen da eta!

Eskerrik asko Aitor!

Apirilaren 1ean izan zen Aitor Etxeberriaren azken lan eguna IKOn. Bezperan, ostiralean, plazaren bueltan zeuden ume, gazte eta gurasoak elkartu eta kalejiran joan zitzaizkion agurtzera. Bere ibilbidean egindako lana eta izandako jarrera eskertu nahi izan zioten denek.
Kooperatibak martxoaren 19an egin zuen batzarra eta diru kontuak aztertuta, neurriak hartu behar izan dituzte egoera hobetzeko. Langileen berrantolaketarena izan da horietako bat. Bazkideak gehiago kontzientziatzea ere bai. Apirilaren 2az geroztik, Iraia Altuna ari da lanean Aitorren ordez, jardunaldi murritzagoan.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom