Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Igeldotik edo Iturriotzetik

Urteroko ohiturari eutsiz, Igeldotik Erniora oinez joateko plana egin zuten hainbat herritarrek maia­tzaren 6an. Goizeko 5:00tan elkartean hitzordua jarri eta eta 9 lagun animatu ziren ibilbide osoa egitera. Bigarren hitzordu bat ere jarri zuten Iturriotzen eta handik abiatuta beste 19 lagunek egin zuten tontorra. Ondoren Zelatungo bordan geratu ziren guztiak bazkaltzen. Denera, 30 ume eta heldu elkartu ziren. Oso giro onean ibili ziren eta egun pasa ederra egin zuten. Datorren urtean errepikatzeko gogoz geratu ziren.

IGELDOKO JAIAK 2023

JABIER IRAOLA GABILONDO: «Altxor bat egitea lortu dugu»

Igeldoko historia eta istorioak biltzen dituen argazki liburua osatu du Jabier Iraola Gabilondok hainbat herritarren laguntzarekin. Bertan bildu dituzte orain dela 50 urte arteko baserri eta familien bizipen eta argazkiak. Nondik gatozen ezagutzeko igeldoar guztiok etxean eduki beharreko liburua, dudarik gabe. Urtetako lanak udan ikusiko du argia. Edizio bakarrekoa izango da eta maiatzaren 16ra arte erdi prezioan eskuratzeko aukera dago.

Hainbat deialdi Guraso Elkartetik

Ikasturte bukaera iristen ari da eta hainbat hitzorduren berri eman dute Guraso elkartetik. Alde batetik, ekainaren 11n Eskola Txikien Festa izango dela gogorarazi dute. Lizartzan izango da oraingoan eta egun osoko festa ederraz gozatzeko aukera izango da. Herritar guztiei dei egiten diete Lizartzara gerturatzeko eta parte hartzeko.
Bestetik, ekainaren 17an Eskolako jaialdia izango da. Kasu honetan ere, egun osoko festa izango dute, ikasle, irakasle, langile eta gurasoek ikasturtea agurtzeko.

Frantziako Tourra Igeldotik pasako da

Uztailaren 1etik 23ra Frantziako Tourra txirrindulari lasterketa jokatuko da eta lasterketako hirugarren etapa Igeldotik pasako da. Uztailaren 3an izango da, astelehena, eta errepidea itxita egongo da hainbat orduz. Hirugarren etapa horretan Amorebieta-Etxanotik abiatuko dira txirrindulariak eta Euskal Herriko kosta zeharkatuz Baionan izango dute helmuga. Bezperako etapa, bigarrena, Donostian bukatuko da eta Igeldoko errepidea irekita egon arren, baliteke Antigua eta inguruan eragina izatea. Informazio zehatza izatean, Herri Kontseiluak zabalduko du ohiko bideetatik.
Tourrarekin lotuta, asfaltatze lanak egin ditu Udalak Igeldoko errepide nagusian. Hainbat zati konpondu dituzte.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom