JABIER IRAOLA GABILONDO: «Altxor bat egitea lortu dugu» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

JABIER IRAOLA GABILONDO: «Altxor bat egitea lortu dugu»

(0 iruzkin)

Igeldoko historia eta istorioak biltzen dituen argazki liburua osatu du Jabier Iraola Gabilondok hainbat herritarren laguntzarekin. Bertan bildu dituzte orain dela 50 urte arteko baserri eta familien bizipen eta argazkiak. Nondik gatozen ezagutzeko igeldoar guztiok etxean eduki beharreko liburua, dudarik gabe. Urtetako lanak udan ikusiko du argia. Edizio bakarrekoa izango da eta maiatzaren 16ra arte erdi prezioan eskuratzeko aukera dago.

Azkenean, udaran argitaratuko da liburua. Ze sentitzen duzu?
Poz handia noski, baina tristura puntua ere sortzen dit egia esan. Hainbeste ordu pasa ditut honekin, egunero... orain pentsatzen dut, eta bukatzean, zer? Hori dena bukatuko da eta pena pixka bat ere ematen dit. Baina aldi berean, sekulako lasaitua hartuko dut. Oso neketsua izan da. Etxekoek ere eskertuko dute.

Hainbeste buruhauste eta gero, sinesten zenuen aterako zela liburua?
Zerbait aterako genuela bai, baina ez horrelakoa. Krixton altxorra egitea lortu dugu. Baserri bakoitzaren, bertako familia bakoitzaren konposaketa eta bizimoduaren inguruko informazioa biltzea lortu dugu. Familian bertan ezezaguna zena ezagutzeko balio izan du. Denok ezagutu beharreko istorioak azaltzen dira... sekulako balioa du.

Jendeak orokorrean liburu honen berri orain dela 2-3 urte jakin du, baina proiektua lehenagokoa da. Nolatan bururatu zitzaizun?
Esango nuke orain dela 5 urte inguru hasi ginela proiektu honekin. Baina aurretik lan bat ere egina zegoen. Auzolan garaian, adibidez, baserrien argazki batzuk biltzen ibili ginen eta ordukoak baneuzkan album batean. Gerora, Auzolan desagertu eta Herri Kontseilu garaian, baserrien argazki erakusketa bat antolatzeko ekimena sortu zen eta argazkiak biltzen aritu ginen. Hor konturatu nintzen baserriak galtzen ari zirela eta ez zegoela horiek biltzen zituen ezer. Orduan hasi nintzen baserrien argazkiak biltzen, eskaneatzen eta jasotzen.

Baserrien argazkiak biltzea zen asmoa orduan?
Bai, horrela hasi nintzen, baina jendeak baserriez gain, beste argazki zahar batzuk ere pasatzen zizkidan eta azkenean erabaki nuen baserriz baserriko argazki guztiak bilduko nituela. Konturatu nintzen krixton materiala neukala eta laguntza eskatu nuen. Horrela, proiektua aurrera eraman duen taldea sortu zen pixkanaka. Argi utzi nahi dut lan kolektiboa izan dela.

Eta pixkanaka, beste aldaketa bat: argazki liburuari testua sartzea.
Hasieran argi nuen argazki liburu bat izango zela, baina jendea hasi zitzaidan esanez baserri bakoitzaren historia kontatu behar nuela eta berotu egin nintzen!

Jabier Iraola Gabilondoren liburua deitzen diogu denok, baina lan kolektiboa izan dela aipatzen duzu.
Dudarik gabe. Alde batetik, taldea egon da: Iker Zinkunegi Arrillaga, Alex Aisa Alberdi, Larraitz Dorron­soro Aierbe, Karmele Garmendia San Sebastian, Iñaki Enbil Lobera eta Ainhoa Uranga Uzkudun. Bakoitzak bere mailan egin du lan. Eta gero David Gil de Montes Etxaide aritu da diseinuan eta Iñaki Iturain Azpiroz idatziari forma ematen eta zuzentzen.
Horrez gain, hainbat idatzi egiteko ere laguntza izan dugu. Antton Dorronsoro Gaztañaga, Xabi Iraola Larraia, Jose Jabier Alberdi Irizar eta Aratz Urruzmendi Lizeaga aritu dira.
Eta ezin da ahaztu argazkiak eta informazioa eman didan jende guztia. Beraiek gabe ezingo genuen liburu hau egin. Aipatzekoa da informazio iturri oso onak izan direla Jose Mari Kruz Martikorena eta Anjela Alberdi Arrillaga. Informazio asko eman digute Igeldori buruz.
Argazkiak, berriz, herritarrek eman dizkigute gehienak, baina nik ateratako batzuk badira eta Kutxatekatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik lortutakoak ere bai.

Herritarren erantzuna ona izan da orduan?
Oso ona. Etxe bakoitzak eman duen argazki kopuruaren media 12 argazkikoa da. Jendea prest azaldu da argazkiak uzteko eta informazioa emateko. Eta ez bakarrik gaur egun Igeldon bizi direnak. Kanpora bizitzera joandako familia askorekin egon naiz baita ere. Asko lagundu dute.

Argazkiak, eta testua dagoela esan dugu... zer da zehazki aurkituko duguna?
Igeldoko historia eta istorioak; 120 baserri edo etxetakoak. Hasieran, Igeldoren historia; noiz eta nola sortu zen. Gero, baserriak. Baserritzat hartu dugu orain dela 50 ute arte baserri bizitza izan duena, gutxi gorabehera. Azaltzen diren guztietan hazienda izan zuten. Eta %90ak astoa; etxeko kotxea zen. Mugatik kanpo gera­tzen diren baserri batzuk ere sartu ditugu Igeldorekin lotura izan dutelako. Eta gaur egun desagertuta daudenak ere azaltzen dira. Baserri hauek izan dira guk jakin ditugunak, agian baserriren bat falta da guk ez dakiguna. Eta informazioarekin berdin. Kontatu digutena jarri dugu, agian zerbait ez da zuzena izango.
Bestalde, baserri ez diren etxe edo eraikin batzuk ere azaltzen dira Igeldon izan duten pisu edo eraginagatik: Monte Igeldo (nahiz eta mugaz kanpo egon), Gudamendi eta Akelarre.
Horrez gain atal hauek ere badaude: arrokak, eliza eta elizkizunak, eskola, gerra eta soldaduska, harrobiak, iturriak, jaigiroa, kirolak, lana eta bizimodua, ondarea, plaza...
Bildutako argazkiak 1880 urte inguruan hasi eta orain dela 50 urte artekoak dira. Dokumentu bat ere badago 1830ekoa dena.

552 orri ditu liburuak, baina ez ziren argazki guztiak kabituko...
Erdiak baino gehiago gelditu dira kanpoan! 1.000 argazki inguru ditu liburuak eta beste 1.500 geratu dira argitaratu gabe. Horren pena daukat. Jendeak argazki asko eman dizkit eta oso gutxi argitaratu dira. Agian batzuk triste jarriko dira bere familiako argazki gutxi doazelako. Eta bada pertsona edo gai jakin baten inguruko argazkiak lortu gabe geratu naizena ere. Pena ematen dit.

Argazki horiei bide emateko asmorik bai?
Gustatuko litzaidake zerbait egitea horiekin, baina ikusiko dugu nola eta noiz.

Laguntza ekonomikorik izan duzue?
Herri Kontseiluak eta Jubilatuen elkarteak hasieratik lagundu dute proiektu hau aurrera eramaten. Eta aparte, Donostia Kulturaren laguntza izan dugu. 15.000 euro bideratu ditu proiektura. Laguntza handia izan da liburua argitaratu ahal izateko.

Udaran argitaratuko da liburua. Datarik ba al dago?
Aurkezpena San Juanetako astean izango da. Ekainak 19ko astean. Donostian eta Igeldon aurkezpen bana egingo dira. Behin aurkezpena eginda liburudendetan salgai egongo da. Elkarren bidez argitaratu eta zabalduko dugu liburua.

Horren aurretik, liburua erreserbatzeko aukera jarri duzue eta erdi prezioan eskuratuko litzateke. Zergatik?
Esan bezala, liburu hau lan kolektibo bat da. Herritarrak ere badira modu batean liburuaren egileak eta laguntza hori eskertu nahi izan dugu. Modu egokia iruditu zaigu.

Zer moduz doa? Ze kopurutara iritsi nahiko zenuke?
Momentuz ondo doa, baina gustatuko litzaidake 300 ale erreserbatzera iristea. Beraz, animatu dadila jendea! Kontuan izan dezatela ez dela liburu hau berriz argitaratuko inoiz. Elkarren argi esan digute; edizio bakarrekoa izango da.

EZAUGARRIAK
Igeldoko historia eta istorioak biltzen dituen liburua.
552 orrialde
1.000 argazki baino gehiago
Gaiak: baserri eta etxeak, astoak eta igeldoarrak, arrokak, eliza eta elizkizunak, eskola, gerra eta
soldaduska, Gudamendi, harrobiak, iturriak, jaiak eta jaigiroa, kirolak, lana eta bizimodua, ondarea, plaza.

Current rating: 5

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom