Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

MARTXOAK 8

  

Jolasak egongo dira martxoko ostiraletan, Parketarrak programarekin

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Parketarrak izeneko programa jarriko du martxan berriro Igeldon.
Programa honen helburua da parke eta jolaslekuetan euskaraz jolasteko ohitura indartzea. Igeldoko kasuan, 6-9 urte bitarteko haurrei egongo da zuzendua, batez ere. Saioak martxoko hiru ostiraletan izango dira: mar­txoak 10, 17 eta 24an. Plazan izango da hitzordua 17:45etan eta euria egingo balu, kultur etxean egingo lirateke jolasak.
Programa hau martxoan, maiatzean eta urrian egiten da eta 3-5 urte bitarteko haurrei eta gurasoei eskainitako jolasak ere izaten dira. Aurrerago txikienei zuzendutako saioak eskaintzeko aukera aztertzen ari dira.

Errigorako produktuak eskatzeko aukera

Bat egin Errigora balioekin leloa izango du aurtengo udaberriko kanpainak. Errigoraren zutabeak baitira balio horiek: bertakoa izatea, euskara, auzolana eta nekazariarekiko bidezko harremanak.
Izan ere, kanpaina honetan eskainiko diren produktuek ‘errigora balioak’ identifikatzailea eramango dute; etiketak ziurtatzen du produktuak Nafarroako erdialdeko eta Erriberako jatorria duela, produktu hori elaboratu duen ekoizleak euskara normalizatzeko plana abian jarri duela eta garatzen ari dela, ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela eta ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela, bitartekaritzarik gabekoa, gertukoa eta elkarlanean oinarritutakoa.
Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, eta hastapenetan 5 ekoizle baziren ere, gaur egun 23 dira bat egin dutenak.
Beste berritasun bat ere izango da aurten, eta produktu berriak eskatu ahal izango dira: lekak kontserban, arroz integrala eta arbendolak.

Batzarra egingo dute jubilatuek

Martxoaren 11n, Igeldoko Jubila­tuen Elkarteko batzarra izango da. Goize­ko 10:30etan eta 11:00etan jarri dute hitzordua, Itsas Aurren. Jubila­tuen Elkarteko azkeneko batzarra 2021ko urriaren 24an egin zen.
Batzarraren gai-zerrenda honakoa izango da:
- Elkartearen izen aldaketa eta logotipo berriaren proposamena.
- Aurreko batzarreko aktaren irakurketa.
- 2022an egindako aktibitateen oroitz-txostena eta hauetan izan den bazkideen parte hartzea.
- 2022ko balantze ekonomikoa.
- 2023ko aktibitateen proposamena eta ekimen berrien bilketa.
- Beste gaiak eta galderak.
Elkarteko batzordeak gonbidapena luzatzen die bazkide guztiei ba­tzarrean parte hartu dezaten. Ahalik eta bazkide gehien gerturatzea nahiko lukete.

Loiolako Hipikak Igeldon izango du jarraipena

Prentsan azaldutako albistearen ostean, Herri Kontseilua Loiolako Hipikarekin jarri zen harremanetan. Bertako arduradunek jakinarazi diotenez, Hipikak Igeldon izango du jarraipena. Muntozabal ondoan lortu dituzte lurrak, Gudamendi bidearen ondoan, eta leku aldatze lanetan ari dira orain. Beraien asmoa da lehenbailehen jarduera baimena lortzea udaletxean eta martxan jartzea: «Lizentzia eskaera aurkezteko lanean ari gara». Momentuz, kontsulta egin dutela eta zaldiak edukitzeko, ikuiluak jartzeko (desmontagarriak) eta pistako hondarra botatzeko ez dutela baimenik behar adierazi diote Herri Kontseiluari.
Loiolako kuartelen salerosketak eraginda, Hipikak Loiola utzi behar izan du. Hipikako instalazioak militarren lurretan zeuden eta orain militarrek lur horiek erabili nahi dituzte kuartel txiki bat eraikitzeko.

Azken postak

Artxibategia

2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom