IHK: «Onura batzuk nabarituko ditugu, baina erabatekoa izateko denbora beharko dugu» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

IHK: «Onura batzuk nabarituko ditugu, baina erabatekoa izateko denbora beharko dugu»

(0 iruzkin)

Igeldoko Toki Entitate Txikiaren inguruan herri galdeketa egin zen apirilaren 14an. 462 herritarrek eman zuten botoa eta %85a aldekoa izan zen. Hori horrela, Donostiako Udalak Foru Aldundiaren esku utzi du espedientea beronek erabakia hartu dezan. Ahalik eta azkarren izatea espero da. Herri Kontseiluko kideekin elkartu da Orri Informatiboa gaiaren inguruan hitz egiteko. Herri Batzarra deituko dute laister.

Hasteko, galdeketaren inguruan ze balorazio egiten duzue?
Positiboki baloratzen dugu 462 herritarrek parte hartu izana. Urte hauetan zehar hainbat batzar eta bilera egin ditugu, lanketa handia egin da, jendea gerturatu da, baina prozesu osoan konturatu gara askorentzat arrotza egiten zaiela oraindik Entitate Txikiaren kontua. Zaila egiten zaie zer izango den irudikatzea. Hori horrela, eta galdeketa ez zela loteslea kontuan izanik, benetan baloratzekoa egiten zaigu 462 herritar horiek beraien iritzia ematera gerturatu izana.
Horrez gain, urte hauetan egindako batzar eta bileretara jendea gerturatu da, baina galdeketara gerturatu zen jende asko batzarretara etorri gabea zen. Parte hartzea anitza izan zen eta hori ere oso baloragarria egiten zaigu.
Eta noski, %85ak Entitate Txikiari baiezkoa eman izanak, pisua eta indarra ematen digu bide honetan pausoak ematen jarraitzeko.

Foru Aldundiak hartu behar du orain erabakia. Noizko izan daitekeela aurreikusten da?
Donostiako Udalak apirilaren 19an utzi zuen espedientea Foru Aldundiaren esku. Azaldu dutenez, gehienez hiru hilabeteko epean hartu behar du erabakia legearen arabera, baina prozesua ahalik eta azkarren egiteko asmoa azaldu dute. Horiek horrela, ekaina ingurua daukagu burutan, baina datarik ez dago.

Igeldo Entitate Txiki gisa sortzea erabakitzen bada, zein da hurrengo pausoa?
Gestora bat izendatuko du Foru Aldundiak Entitate Txikia martxan jartzeko. Gestora horrek hurrengo Udal Hauteskundeak egin bitartean izango du Entitate Txikia gidatzeko ardura. 5 kidek osatuko dute eta azken Udal Hauteskundeetan aurkeztutako alderdiek Igeldon lortutako emaitzen arabera izendatuko ditu kide horiek Foru Aldundiak. Hau da, EHBilduko 4 kide eta EAJ-PNVko kide bat izango lirateke.

Alderdietako ordezkariak izango genituzke orduan?
Legeak hala dio, baina guk egokiagoa ikusten dugu herriko ordezkariak izatea. Beste kasuetan ere, dela Ereñotzun edo Itziarren, halaxe egin izan dute eta guretzat ere eraginkorragoa dela ikusten dugu. Gure kasuan, Herri Kontseilua aritu da Udal teknikariekin lanean hau dena aurrera eramateko. Eta oraindik ere lanean jarraitzen dugu behin TETa eratuta, berehala martxan hasteko. Lanketa guztia ez eteteko eta TETa behar bezala martxan jarri dadin, Herri Kontseilutik prest gaude gestora horretan sartzeko.
Aukera hori posible izan dadin, Donostiako Udaleko alderdi guztiekin bilerak izaten ari gara eta Foru Aldundiarekin ere hitz egitekoak gara.

Zer gertatuko da Herri Kontseiluarekin?
Urte guzti hauetan, Herri Kontseilua igeldotarron ordezkaria izan da eta oso funtzio garrantzitsua bete du. Orain TETa izango dugu eta zentzu askotan ordezkatu egingo duela ikusten dugu, baina ez erabat. Hemendik urte batzuetara ez dakigu zein egoeratan egongo garen, baina oraintxe bertan Herri Kontseiluak jarraitu behar duela ikusten dugu, nahiz eta beste funtzio batzuekin izan.
Gainera, gure ustetan eta azken batzarrean ere halaxe adierazi eta onartu zen, 5 kideren gain bakarrik ezin dugu utzi TETaren etorkizuna. Lan asko dago eta egongo da egiteko eta talde zabal bat behar dugu honek ondo funtzionatzea nahi badugu. Ordezkari ofizialak 5 izango dira, baina atzetik jende gehiago behar da lanerako. Herri Kontseiluko kideak prest gaude talde zabal horren parte izateko herritar gehiagoren laguntzarekin batera. Antolaketa horri forma eman nahian gabiltza.

TETa sortu eta berehala martxan jartzeko lanak aurreratzen ari zaretela azaldu duzue. Zertan ari zarete zehazki?
Alde batetik, zerbitzuetako kontratuak aztertzen ari gara: kale garbiketa, bideetako mantenua, lorategi eta berdeguneak, komunak... Berez gure eskumenak izango dira, baina kontratuekin lotuta daudenez, aztertu egin behar dugu noiz eta nola hasi, eta nola hobetu nahi dugun. Bestetik, badira eskumen batzuk azterketa sakonagoa eskatzen dutenak eta arlo desberdinetako teknikariekin biltzen ari gara eskumen bakoitzaren atzean dagoena ezagutzeko: planeamendua, hirigintza disziplina...
Horrez gain, TETaren egitura juridiko-administratiboa sortzeko pausoak zehazten ari gara eta ahal dena aurreratzen. Zeregin horretarako, Donostiako Udaleko langilea den eta Igeldon bizi den Administrazio Orokorreko Teknikari bat jarri digute gure teknikari propioa izan bitartean.
Bestalde, TETaren behin behineko egoitza Itsas Aurren izango da eta egokitzeko lanak ere aurrera doaz. Laister hasiko dira sarrerako koskak kentzen eta harrera gunea, bulegoak eta aterpea egiten.
Beste lan bat aurrekontua prestatzea da. Donostiako Udalak urte erdirako aurrekontua kalkulatu du ekainerako TETa sortu daitekeela aurreikusiz. Behin Foru Aldundiak TETa sortu eta gestora izendatzen duenean, lehenengo batzarra egin beharko du gestorak eta bere aurrekontua onartu beharko du. Aurrekontuak aurten gauzatu ahal izateko behar diren prozedura guztiak jarraituz maiatza erdirako prest izatea komeni da.

Aurrekontuak hain azkar prestatzea ez da erraza izango zuentzat...
Batere ez. Denbora tarterik ez dugu batzordeetan landu eta beharrak behar diren bezala aztertzeko. Egia da arlo asko lotuta daudela: kontratu bidezko zerbi­tzuak, diru laguntzak... horiek ezingo ditugu hasiera honetan TETaren bidez gauzatu beraz, Donostiako Udalari dirua itzuli beharko diogu. Baina beste partida batzuk guk exekutatzeko aukera izango dugu. Kasu horietan, orain egiten denari eutsi eta ahal den neurrian hobekuntza batzuk egitea da helburua.
Inbertsioaren atalarekin ere antzekoa gertatuko zaigu. Dirua izango dugu, baina gauzatu ahal izateko bete behar diren prozedurak direla eta urte erdian ezin dugu inbertsio handirik egin. Potoloak baldin badira, prozedurak luzatzen direlako eta ezingo genituzkeelako urte honetan gauzatu. Beraz, horrekin ere mugatuta gabiltza. Behintzat, remanentea izateko aukera dugu eta gastatzen ez duguna datorren urterako gorde dezakegu.

Baduzue zerbait aurreratzerik?
Asmoa da Itsas Aurre gehiago egokitzea: igogailua jarri, kanpoko mantenua egin, terraza estali espazioa irabazteko... Hortik aurrera, esan bezala, orain artekoari eutsi eta ahal dugun neurrian hobetzea izango da helburua. Hala ere, ahalik eta azkarren batzar bat egin nahiko genuke guztiaz hitz egiteko.

TETaren onurak nabaritzeko denbora beharko dugu orduan?
Onura batzuk segituan izango dira. Esan bezala, Itsas Aurre egokitzeko lanak laister hasiko dira. Horrez gain, TETaren egoitza (Eskola Zaharra) 2027rako konpontzeko konpromisoa hartu du Udalak eta hori TETaren sorrerarekin lotuta dago zuzenean. Eta esan bezala, dirua izango dugu urte honetan bertan gastatzeko eta zerbitzu batzuk edo arlo batzuk puntu batean hobetzeko: kultur eskaintza, aisialdia, parte hartzea...
Hala ere, egia da pazientzia eta denbora beharko dugula benetako onurak nabaritzeko. Egitura guztia hutsetik sortu beharko dugu eta eskumen askotan, nahiz eta gureak izan, kosta egingo da erabateko gestioa bertatik egitea. Eskumen batzuren aldaketak gauzatzeko denbora beharko dugu. Eta beste eskumen batzuk oraindik aztertzeke eta adosteke daude. Horrez gain, langileak hartzeko ere hautaketa prozesu bat jarraitu beharko dugu. Horregatik diogu denbora beharko dugula aldaketa sakonak ikusteko.

Bukatzeko, beste zerbait esan nahiko zenukete?
Lehen aipatu dugu lan talde zabal baten beharra ikusten dugula TETak behar bezala funtzionatzeko. Lan talde zabal hori osatu nahian gabiltza. Gure planteamendua da hiru batzordetan banatzea: Batzorde Orokorra (TETaren egituraketa, Udalarekin negoziaketa...), Zerbitzuetako Batzordea eta Batzorde Soziokulturala. Herritar batzuk prest azaldu dira ba­tzorde horietan sartzeko edo arlo batzuetan laguntza puntuala emateko. Aprobetxatu nahi dugu deialdia egiteko herritar gehiago gerturatu dadin.
Jendeak ilusioz hartzea nahi dugu. Lan egin beharko dugu, pazientzia izan beharko dugu, baina gauza asko lortzeko aukera izango dugula ikusten dugu. Igeldo hobetzeko aukera izango dugu!

AURREKONTUA 2024
(sei hilabete)
Gastu arrunta: 500.000€
Inbertsioak: 291.164€

2027KO HAUTESKUNDEAK
Alkatea: zuzenean aukeratuko dute igeldotarrek.
Juntakideak: 4 juntakide Donostiako Udalean aurkeztutako alderdiek Igeldon lortzen dituzten emaitzen arabera.

ESKUMENAK

A blokea:
-Bide publikoak
-Parkeak eta lorategiak
-Kale garbiketa
-Argiteria publikoa
-Hezkuntza arloa
-Eraikin publikoak
-Adinekoen sustapena
-Kultur jarduerak eta jaiak
-Euskara sustatzea
-Kirol jarduerak, ekipamenduak
-Parte-hartzea, berdintasuna, gazteria, aisia...
-Administrazio orokorra

B blokea:
-Hirigintza
-Etxebizitza
-Ingurumen zerbitzuak
-Turismoa eta garapen
ekonomikoa
-Hondakinak bildu eta
tratatzeko kudeaketa
-Ur hornidura eta
saneamendua
-Hilerri zerbitzua

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom