Negoziaketa faseari begira, herritarren laguntza eskatu du Herri Kontseiluak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Negoziaketa faseari begira, herritarren laguntza eskatu du Herri Kontseiluak

(0 iruzkin)

Herri mailan TET gaia lantzeko Batzorde bat dago, irekia, eta indartu beharra ikusten dute: «arlo ezberdinetan egin beharko da lan».

Herri Kontseiluak Herri Batzarra antolatu zuen maiatzaren 9an Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren (TET) inguruan hitz egiteko. Azken hilabetean, etxe guztietara informazioa banatu dute orain arte emandako pausuen berri emanaz eta hemendik aurrera eman beharrekoak azalduz. Batzarrean ere zentzu berean hitz egin zuten.
Ekainean negoziaketa fasean sartuko dela prozesua azaldu zuten eta herritarrei laguntza eskatu zieten fase honetarako: «Herritarrak inplikatzea eta prozesuan parte hartzea behar beharrezkoa da. Denon artean erabaki behar dugu nolako Entitate Txikia nahi dugun. Orain adostuko dira eskumenak, ondarea eta aurrekontua». Gai hau herri mailan lantzeko, Batzorde bat dago, irekia, eta indartu beharra ikusten dute fase honetarako: «Lan asko dago egiteko. Arlo ezberdinetan egin beharko da lan eta jendea behar da: arlo ekonomikoan, juridikoan, hirigintzan, komunikazioan, herri dinamikan... Lantalde desberdinak sortuko dira. Eta horretaz aparte, beste hainbat modu ere egongo dira laguntzeko. Norbait prest badago, etor dadila gugana», egin zuten dei.

Negoziaketa Mahaiko kideak
Negoziaketa Mahaia osatuko da orain, parekidea, Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkari banarekin (5 kide), Igeldoko ordezkariekin (5 kide) eta presidentearekin (Alkatea). Igeldoko ordezkariak ez dira zehaztu oraindik (5 titular eta 5 ordezko izendatu behar dira), baina Batzordeko kideak izatea onartu zuen Herri Batzarrak.

Orain arte egindakoa
Batzarrean, orain arte egindakoaren berri eman zuten. Negoziaketarekin hasi aurretik, joko arauak zehaztu dituztela azaldu zuten. Hau da, negoziaketan landuko diren edukiak zehaztu dituzte, Negoziaketa Mahaia nola osatuko den eta ze funtzionamendu izango duen ere bai, eta ze plangintza jarraituko duen. Prozedura biltzen duen txosten bat prestatu dute eta Donostiako Plenoak horixe onartzea falta da prozesua martxan jartzeko. Maiatzaren 27an izango da.

Aldundiak TET izendatzeko, justifikazio txostena
Negoziaketa fasean justifikazio txosten bat prestatu behar da ondoren Foru Aldundiak ebatzi dezan Igeldoko TET eratzea edo ez. Justifikazio txosten hori osatzeko, arlo ezberdinak landu beharko dira: Arlo juridikoa, Hirigintza arloa, Arlo soziologikoa eta ekonomiko-finan­tzieroa, Komunikazio eta partaidetza arloa. Hor zehaztuko lirateke Igeldoko TETak izango lituzkeen eskumen, ondare eta aurrekontua, besteak beste.

Urte eta erdiko prozesua
Zehaztutako plangintzaren arabera, prozesua ekainean hasi eta 2022ko abenduan bukatzea aurreikusten da. Urte eta erdiko prozesua. Nahiz eta egutegi hori adostu, balitekeela ez betetzea azaldu zuten, baina ez dela arazo: «Igeldotik ez dugu presarik, gauzak ahalik eta ondoen egitea da gure helburua».

Herritarren partehartzea prozesu osoan
Negoziaketa Mahaiak 8 batzar egitea aurreikusten da eta batzar horietan hartuko dira erabakiak. Dena dela, erabaki horiek aurretik herritarrekin landuak izango dira. Prozesu osoan etengabeko hartu-emana izango dela nabarmendu zuten. Horrez gain, negoziatutako Tokiko Entitate Txikiaren gainean igeldotarrek erabakiko dute ados dauden edo ez. Foru Aldundiaren erabakiaren aurretik galdeketa egingo da.

Zertarako Igeldoko TET?
Tokiko Entitate Txiki bat izatearen onurak ere aipatu zituzten batzarrean. Donostiako Udalaren parte den entitate bat litzateke, baina izaera juridiko propioa duena. Aurrez adostutako eskumen, ondare eta aurrekontua gestionatzeko aukera izango luke eta aparteko diru laguntzak eska­tzeko aukera: Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Estatua, Europa... «Egungo egoera hobetzeko tresna baliagarria izan daiteke: geure beharrei erantzun hobea emateko, zerbitzuak gerturatzeko, burokrazia arintzeko, kudeaketa azkarragoa eta eraginkorragoa izateko, arazoei neurriko irtenbideak emateko...», gaineratu zuten.

Txostena eskuragarri
Prozedura guztia biltzen duen txostena eskuragarri dago euskeraz eta gazteleraz. Nahi duenak eskatu dezake. Zalantzak argitzeko, ekarpenak egiteko edo batzordean sar­tzeko ere harremanetan jarri besterik ez dago: herrikontseilua@igeldo.eus // 606311734.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom