Gudamendi eta Etumeko bizilagunen eskaerak jaso ditu Herri Kontseiluak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Gudamendi eta Etumeko bizilagunen eskaerak jaso ditu Herri Kontseiluak

(0 iruzkin)

Gudamendi bidean argiteria jartzea eta Etumeko egoerari konponbidea ematea dira bertako bizilagunen eskaera nagusiak.

Apirilean zehar, Herri Kontseiluak bilera bana egin zuen Gudamendiko eta Etumeko bizilagunekin eta beraien auzunearen egoera hobe­tzeko hainbat eskaera egin dituzte. Herri Kontseiluak eskaera horiek plazaratuz, idatzi bat aurkeztu du Donostiako Udal Erregistroan Udalak kontuan har ditzan.
Gudamendin martxan jartzera doazen Adikzioak Tratatzeko Zentrua­ren inguruan informazioa eman eta gaiaren inguruan hitz egiteko beharra ikusten zuen Herri Kontseiluak eta hortik abiatuta, bertako bizilagunen kezkak, kexak, beharrak eta proposamenak biltzeko aprobetxatu zuen.

Argiteria Gudamendi bidean
Bileretara gerturatutako bizilagun guztiak bat etorri ziren Gudamendi bidean argiteria jartzeko beharra azaltzerakoan. Eskaera hau aspaldikoa dela gaineratu zuten, orain dela 10 urte pasatxo, Odon Elorza alkate zela lortzear egon zirena. Gaiari berriz heltzeko eskatzen diote egungo Udalari. Gainera, orain, Adikzioak Tratatzeko Zentrua martxan jarriko dela eta, segurtasun aldetik inoiz baino beharrezkoagoa dela azpimarratu dute. Kezkatuta daude.

Etumeko egoera konpontzea
Etumeko bizilagunak oso kezkatuta daude bizi duten egoerarekin. Linbo juridiko batean bizi direla azaldu diote Herri Kontseiluari, sekulako arazoak dituztela eta ez dutela inolako babesik. Bi etxebizitza blokeak nekazal lurretan eraiki ziren orain dela 60 urte inguru eta lur horien jabeak elkarte desberdinak dira. Diotenez, gaur egun "elkarte fantasmak" eta kiebra jo dutenak. Beraien etxebizitzetara doan bidea ere jabe horien esku dago eta abenduan izan zen lur-jausi baten ondorioz, bidea kolokan dago oraindik. Zuhaitzak ere erori ziren martxoan eta mendi-magalak oso ezegonkor daude. Horri guztiari konponbidea emateko, ezin dute ezer egin, ezin dutelako jabeekin harremanetan jarri ere egin. Horrez gain, etxebizitzak nekazal eremuan daudenez, horiek erre edo eroriko balira, ezingo lituzkete berriro eraiki. Egoera ezegonkor honekin bukatzeko, Udalari laguntza eska­tzen diote. «Adikzioak Tratatzeko Zentrua interes publikokoa dela esan da, eta Etume ez?» adierazi dute.
Bi eskaera nagusi horiez gain, Gudamendi bidea konpontzea eta auzunea garbitzea eskatzen dute.

Adikzioak Tratatzeko Zentruari jarraipena
Bizilagunak kezkatuta daude laster martxan jarriko den Adikzioak Tratatzeko Zentroarekin. Hainbat eskaera egin dizkiete Virtuss-Adicciones enpresako kideei eta Udalari ere eskatzen diote nolabaiteko kontrola izatea auzoko elkarbizitza egokia izan dadin:
- Pazienteen irteerak zaintzapean izatea.
- Eraikin kanpoan kotxe pilaketak egon daitezkeela ikusten dute eta segurtasun aldetik arazoak sortu daitezkeela. Lursail barruan aparkalekua jar dezatela eskatzen dute.
- Udalak interes publikoko jarduera zela onartu zuen eta adostasuna azaldu du horrelako zentru bat martxan jartzea nekazal lurzorua izanda ere. Prezedentea sortzen duela ikusten da eta kezka sortzen du etorkizunean zer eragin izan dezakeen honek.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom