Igeldon ere, erabakitzera goaz! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Igeldon ere, erabakitzera goaz!

(0 iruzkin)

Gure Esku Dago herri ekimeneko taldetxo bat martxan dago Igeldon. Adin ezberdineko 8 lagun elkartu dira eta otsailaren 25ean egin zuten aurkezpena, herri kirol eta hamaiketakoarekin batera. Erabakitzeko eskubidearen inguruan urte garrantzitsua izango da aurtengoa eta Igeldon ere olatu horretara igo behar dugula diote. Ekimen ugari izango dira eta garrantzitsuena, galdeketa. Ekainaren 17an izango da Igeldon. Orain, sinadurak biltzen ari dira galdeketa egin ahal izateko.

Gure Esku Dagotik, galdeketa egiteko asmoa dago Igeldon.
Bai, hori da. Udara hasieran egingo dugu, ekainaren 17an hain zuzen ere.

Udazkenean Donostian egingo da galdeketa, guk hasieratik garbi genuen Igeldok prozesu propio bat behar zuela. Azken finean hemen desanexioari loturiko beste galdeketa bat egon zen eta emaitzak oso argiak izan ziren, herritarren gehiengoak Igeldo udalerri izatearen alde bozkatu zuen, beraz, borondate hori kontuan harturik, prozesu propioa burutuko dugu. Eta hori horrela, galdeketa Donostiakoarekin batera ez egiteak, Igeldoren izaera berezitua agerian uzten du.

Sinadurak biltzen ari dira
galdeketa egin ahal izateko.
Datozen igandeetan plazan izango dira: 
Apirilak 15 (12:30), Apirilak 22 (18:00)
eta Apirilak 29 (12:30)

Zer lortu nahi da? Zein da helburua?
Erabakitze eskubidearen aldeko olatura Igeldo ere batzea eta erabakitze eskubidea era orokor batean aldarrikatzetik harago, guk ere praktikan jartzea. Finean, Igeldoko herritarrok ere, erabakitzea Euskal Herrian estatu bat nahi eta behar dugun ala ez.

Zein izango da galdera?
Galdera ez daukagu itxita. Gure Esku Dagok protokoloan idatzita dauka galdera adosteko prozesu parte-hartzaile bat martxan jarri behar dela. Beste herrietan ere hala egin da, herri bakoitzak bere galdera hautatu du eta Igeldon ere horrela izango da. Aukera egongo da galdera ezberdinak proposatzeko eta guztion artean aukeratuko dugu zein izango den galdera zehatza.

Nolako parte-hartzea espero duzue?
Parte-hartze altua espero dugu. Kontuan hartu behar da herrian galdeketa gehiago ere egin direla eta jende askok parte-hartu zuela. Bestetik, Igeldo herri aktibo, bizia eta parte-hartzailea dela uste dugu, oro har parte-hartzearen kultura nahiko errotuta dugula esan daiteke. Jende askok parte-hartzen du herriko eragileetan eta orokorrean antolatzen diren ekimenetan, beraz jende asko joango dela bozkatzera aurreikusten dugu.

Beste hainbat herritan egin dira galdeketak eta parte-har tze txikia izaten dela diote kritiko direnek...
Ez gaude ados parte hartzearen inguruan egiten diren hainbat irakurketekin. Parte-hartze txikia dela diotenean, komeniko litzateke egiten diren beste erreferendum batzuekin datuak aldera tzea, instituzioek herri konkretu batean gai konkretu batez galdetzeko erreferendumak egiten dituztenean ez dira parte-hartze datu altuagoak ematen, kasu askotan Gure Eskuk deitu dituen galdeketetan baino jende gutxiagok bozkatzen du.
Azken 3 urteetan Gure Eskuren galdeketetan 180.000 pertsona inguruk eman dute bozka, kontuan hartuta galdeketak ez direla lotesleak, ez dutela balio legalik, kopurua handia dela iruditzen zaigu. Adibide batzuk aipatzeagatik Oreretan 5000 pertsonak bozkatu zuten, Getxon 8000k, Durango eta Zarautzen 5000k ere... milaka eta milaka pertsona dira, pentsaezina da herri horietan pertsona kopuru bera beste arrazoi
batengatik mobilizatzea. Katalunian galdeketak egiten hasi zirenean, herri gehienetan hemen baino pertsona gutxiagok parte-hartu zuten eta begira zer nolako mugimendua sor tzeko gai izan diren.
Aipatzekoa da ere, GED herri mugimendu bat dela, eta beraz baliabide ekonomiko gutxirekin eginiko galdeketak izaten direla. Hau guztia kontuan harturik, ez dugu uste jende gutxi ari denik partehartzen galdeketetan eta gainera uste dugu balioan jarri behar dela orain arte egindakoa eta egiten ari dena. Honekin lotuta, aspektu kuantitatiboaz gain, kualitatiboari ere garrantzia eman behar diogu. Galdeketekin eta oro har egiten ari den lanketarekin, herri honen gehiengo oso zabala erabakitze eskubidearen alde jartzea lortzen ari gara.

... eta bozkatzera joaten direnak independentistak bakarrik direla.
Independentistena aipatzean, neurri batean egia izan daiteke eta normala ere bada, baina ziur gaude noizbait nazio mailako galdeketa bat egiten bada independentistak ez direnak ere mobilizatuko direla eta bozkatuko dutela, eta gainera guri ongi iruditzen zaigu. Garrantzitsua da jabetzea, hemen dagoen auzia ez dela independentista eta ez independentisten artekoa, auzi demokratiko baten aurrean gaude. Herri honek
zer izan nahi duen erabaki dezake ala ez.

«Gure Esku Dagoren
galdeketetan
180.000 pertsona inguruk
eman dute
dagoeneko bozka»

Igeldon aurretik ere egin dira beste bi galdeketa, herritarren erabakia errespetatzen ez dutela eta, agian batzuk pentsatuko dute alperrik dela herriari hitza ematea.
Herriak hitza hartu eta iritzia ematea beti da garrantzitsua, horrela sortzen da parte-hartzearen kultura.

Aipatzen den bezala, lehenago ere herri honetan egin dira bi galdeketa, azkena instituzioekin adosturiko prozesu baten ostean. Oraingoa ordea ezberdina dela uste dugu, ez digu inork hitza eman guk geuk hartu dugu, eta hori da galdeketekin Euskal Herri osoan egiten ari dena. Inori baimena eskatu gabe martxan jarri eta gure etorkizunaren inguruko erabakiak hartzen hasi gara. Uste dugu filosofia aldaketa bat ematen ari dela Euskal Herrian, erabakitze eskubidea termino orokorretan aldarrikatzetik praktikan jartzera igaro gara.

Behin galdeketa eginda, zein da hurrengo pausoa?
Guk ezin dugu definitu zein izango diren hurrengo pausoak. Orain galdeketa egitea da gure helburua, eta behin hori eginda, herriak erabaki beharko ditu zein diren hurrengo urratsak.

Asko jarraitzen ari gara kataluniako prozesua. Hemen tokian tokiko galdeketez aparte lortuko ahal dugu nazio mailako erreferendum batedo galdeketa bat egitea?
Konbentzituta gaude lortuko dugula.
Azken urteetan erabakitze eskubidea eztabaida politikoaren erdigunean dago, eta egun, oso jende gutxi dago nazio mailako galdeketaren aurka. Inkestek behin eta berriz erakusten dute gizartearen gehiengoa erabakitze eskubidearen alde dagoela. Aipatu beharra dago kontsentsu hau lortzeko Gure Esku Dago egiten ari den lana. Lehen esan bezala, auzia demokratikoa da, herriari hitza eman behar
zaio eta gero atera dadila atera behar duena.

«Hemen dagoen auzia
ez da independentista eta
ez independentisten artekoa,
auzi demokratiko baten
aurrean gaude. Herri honek
zer izan nahi duen erabaki
dezake»

Gure Esku Dago mugimenduak beti utzi izan du argi, bakoitzaren iritziak iritzi, herritar guztiak bildu nahi dituen mugimendua dela, erabakitzeko eskubidea oinarri duena. Igeldon ere egin al da halako lanketa mugimendua anitza izateko?

Saiatu gara taldea ahalik eta anitzena izaten, egia da Igeldoren ezaugarriak kontutan hartuta beste herri batzuetan baino zailagoa dela taldea oso anitza izatea, baina saiatzen ari gara. Ideologia aldetik ez ezik, adinari dagokionean ere taldea anitza izatea nahi dugu.

Zeintzuk osatzen duzue taldea?
Oraingoz 8 pertsona hauexek egon gara biltzen: Itsaso Zurutuza, Mikel Urruzola, Jon Iñaki Zendoia, Nekane Lizarazu, Aizkorri Maiztegi, Iñaki Imaz, Oihane Arruti eta Aratz Urruzmendi. Hala ere, taldean edonork partehartu dezake eta gure asmoa da galdeketari begirako lanketarekin hasten garenean jende gehiago inplikatzea. Inplikazioa diogunean, ez dugu esan nahi ekarpena egin nahi duenak taldean parte-hartu behar duela. Mila modu daude ekarpena egiteko eta asmoa dugu inplikazio maila ezberdinak praktikan jartzeko.

Ekainak 10ean ere hitzordu garrantzitsua dugu, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea egingo da.
Bai esan bezala, ekainak 10ean EAEn inoiz egin den mobilizazio handiena egin nahi da. Bestetik, alderdi politikoak autogobernu ponentziaz eztabaidatzen ari dira eta erabakitze eskubidearen gaia eztabaida honen erdigunean dago. Beraz, esan daiteke, 2018a urte oso garrantzitsua izango dela, bai kalean eta bai instituzioetan gaia pil-pilean egongo baita.

Eta ez hori bakarrik...
Esan bezala, Igeldon ere gure aletxoa jarri nahi dugu, eta ekainak 17an egingo dugu galdeketa, baina galdeketa bitarte hainbat hitzordu edukiko ditugu. Otsailaren 25ean, aurkezpena eta herri kirolak egin genituen.
Bestetik, martxoa-maiatza bitarte sinadurak bilduko dira eta igandetan plazan egongo gara. Galdeketari begira ere, lanketa egingo da
herri guztian zehar, galdera adosteko prozedura ere martxan jarriko dugu. Egiten diren ekimen guztietan parte-hartzeko gonbita luzatzen dugu; orain da momentua, herritarron garaia da.

Herri Kirolak: argazki guztiak hemen

  

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom