Dorronsoro anai-arrebak, Gure Esku Dagoren abestian | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Dorronsoro anai-arrebak, Gure Esku Dagoren abestian

(0 iruzkin)

Donostiako Gure Esku Dagok galdeketa egingo du azaroaren 18an, Igeldon eta beste hainbat herritan egin bezala. Eta aurretik, kalejira erraldoia egin dute (urriak 28). Egun horri begira, abesti bat prestatu zuten, kalejira bat, eta abesti horretan, Iker eta Gurutze Dorronsoro anai-arreba igeldotarrek hartu dute parte trikitixa eta panderoarekin. Donostia eta inguruko musikari ugarik hartu dute parte. Musika Joserra Senpe­re­nak sortu du eta letra Harkaitz Cano­rena da. "Hatz puntetan" izena du abestiak.

"HATZ PUNTETAN"

Esku artean duguna,
gure esku da benetan?
Nahiago nuke egongo balitz
eskuen ordez hatz puntan...

Hatz puntetan egon dadin,
bai azal eta bai mami,
iritzi eta boza batera
plaza erdira ekarri.

Enbata badator, aizu,
segiko dugu jo ta su!
Mundua aurka omen daukagu:
gu ez al gara ba mundu?

Elkar entzuten ikasi
genuen guk adi-adi:
oihu bakar baten ordez
milaka deiadar txiki;
gure esku egon dadin
bai azal eta bai mami.

Behingoagatik gurea
izango da albistea:
sutan jartzean probatutzen da
nolakoa den eltzea!
Hamaikatxo izateko
ekarri bi hamarreko:
zortziko hauxe osatu dugu
bostekoari bosteko.

Enbata badator, aizu,
segiko dugu jo ta su!
Mundua aurka omen daukagu,
gu ez al gara ba mundu?

Asko entzun, asko mintza,
bizitzeko da baldintza.
Esku hutsik gatoz baina,
eskuetan dugu giltza:
biluzik gatoz mundura,
janzteko daukagu hitza.

Enbata badator, aizu,
segiko dugu jo ta su!
Mundua aurka omen daukagu,
gu ez al gara ba mundu?

Ahotsetik dator poza
eta pozetik ahotsa:
ahots ozen bereiziak,
ez artalde, ez ardiak...
Gurea baita doinua,
ta gu gara dantzariak.

Enbata badator, aizu,
segiko dugu jo ta su!
Mundua aurka omen daukagu,
gu ez al gara ba mundu?

Iritzi aske batera
eskutik helduko gera,
eskuetan daukaguna
sinetsiz badaukagula:
hatz puntetan egon dadin
bai azal eta bai mami.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom