«Disko honetako abestiak jendea gu adina hunkitzeko gai balira, izugarri poztuko ginateke» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Disko honetako abestiak jendea gu adina hunkitzeko gai balira, izugarri poztuko ginateke»

(0 iruzkin)

Urtz taldeak disko berria kaleratu du, “Zabaldu ateak” izenekoa. Martxoan aurkeztu zuten BilboRocken eta ordutik hainbat emanaldi eskaini dituzte. Udan zehar buru belarri ibiliko dira zeregin horretan. Xabier Camarero igeldotarrak (1971, Irun) Urtz taldeko gitarra eta ahotsa denak, tarte bat eskaini dio Orri Informatiboari.

Urtz taldea 1988 urtean sortu zuten, Pasaian. 2003 urtera bitartean, sei disko argitaratu zituzten. Sekulako arrakasta lortu zuten batez ere, lehenengo biekin (“Ekaitzaren garrasia” eta “Hautsa astinduz”). Horko abestiak dira hain ezagunak egin diren Negua datorrenean, Zelatan, Gau ilun, Kaixo, Hautsa astinduz edota Bizitzarekin dantzan, besteak beste. 2003tik 2013ra etenaldia izan zuen Urtzek eta 10 urteren ostean bueltatu ziren “Astiro” izeneko disko berriarekin. Orain, berriz, euren zortzigarren diskoa aurkeztu dute: “Zabaldu ateak”.

Aurtengo martxoan lan berria argitaratu duzue: “Zabaldu ateak”. Zabaldu ateak zeri? Zer aurkituko dugu lan honetan?
Berez diskoaren kanta baten izenburua da “Zabaldu ateak”. Itsaser­tzean bizitza galtzen duten mi­gran­teen drama du hizpide. Men­debaldeak immigrazioari lapurtutako gizatasuna salatu nahi genuen kanta honen bitartez. Gure “zibilizazioaren” alde iluna bere gordintasun osoan erretratatu, alegia.
Azaleko “Zabaldu ateak” horrek, ordea, zentzu zabalagoa du… etengabe ateak ireki eta itxi egiten ditugu… Ate bat zeharka­tzen dugun bakoitzean, aukera berri baten aurrean aurkitzen dugu gure burua. Gauza askori ireki diezaiokegu atea: maitasunari, berdintasunari, askatasunari…
Lan honetan, azaleko begirada batean, abesti kasik guztiek maitasunari buruz hitz egiten dutela dirudi. Eta, neurri batean, halaxe da. Nolanahi ere, komeni da beti lerro artean irakurtzea. Maita­sunetik haragoko mezuak ere ezkutatzen dira-eta abesti askotan. Laburbilduz, esan daiteke bizitzari buruz hitz egiten dutela gure abestiek. Ezin da, ordea, dena biluzi… Hala, beti gogoko izan dugu iradokizunari garrantzia ematea, bakoitzak bere interpretapena egin dezan.

10 abestiz osatua dago eta letrak zerorrek idatzi dituzu hain ohikoa den Iñaki Lazkanoren kolaborazioarekin. Horrez gain, Pello Ramirez eta Alex Sardui musikariak ere izan dituzue lagun bi kantutan.
Bai. Iñaki Lazkano beti izan da presente gure lanetan. Txiki-txikitatik lagun mina dut, eta ordu asko sartu izan ditut berarekin, dexente eztabaidatzen dugu, baina azkenean, ohi legez, portu onera iristen gara. Sentiberatasun handia du Iñakik.
Pello Ramirez, berriz, musikari aparta da eta estudioan gurekin edukitzea esperientzia zoragarria izan da. “Argia” izenburuko abestian parte hartu du, oso gertuko bizipen baten isla da eta hunkitzeko moduko kanta bat sortu nahi genuen. Uste dut, azkenean, sentiberatasun hori adieraztea lortu dugula.
Eta Alex Sardui aspalditik ezagutzen dut. Exkixu-ren sasoitik, alegia. Sarritan partekatzen genituen plazak eta “Aurpegi hori” abestia sortu zenean berea izan zen burura etorri zitzaidan lehen izena. Oso gustura egon ginen estudioan.

Disko berria bakarrik ez, taldekideak ere berriak dira. Zu bakarrik mantentzen zara hasierako laukotetik. Urtz berri baten aurrean gaude beraz?
URTZ taldeak sasoi ezberdinak bizi izan ditu. Jatorrizko taldearen kideak joan eta itzuli izan dira. Oraingo honetan, baterian Ander Hurtado de Saratxo, gitarran Dani Vicente eta baxuan Jorge Sanchez ditut bidaide. Sonoritate berritzaileak antzematen dira, taldekide bakoitzak bere ekarpena egin duelako. Hala ere, taldearen esentzia mantentzen dela esango nuke.

Lan berriarekin, BilboRocken eskaini zenuten aurreneko kontzertua martxoaren 22an. Elizondon ere jo zenuten
hilabetea bukatzerako. Zer moduzko harrera izaten ari da?
Bilbon egin genuen diskoaren aurkezpena eta kontzertu hunkigarria izan zen. Jende asko hurbildu zen bertara, oso gogotsu, eta betiko abestiez gain, berriak ere jo genituen gure zaleen aurrean. Esperientzia ederra izaten ari da… emandakoagatik eta jasotakoagatik.

Eta orain uda dugu aurretik. Kontzertu asko eta herriz herri ibiltzea tokatuko zaizuela pentsatzen dugu... Gogotsu zaudete?
Bai, oso gogotsu eta ilusio handiz. Udari begira zenbait kontzertu ixten ari gara.

Igeldotik gertuen, non izango dugu aukera Urtz entzun eta ikusteko?
Donostian, oso hurbil, jotzeko aukera izango dugula dirudi… baina momentuz ezin dugu data zehatzik eman...

Urtz 30 urtetik gorako taldea dela kontuan hartuta, zer nolako zaleak topatzen dituzue? Garai batekoak, gazteak...?
Batez ere, gure garaiko jarraitzaleekin egiten dugu topo kontzertuetan, askotan euren seme-alabekin batera. Hala ere, jende gazteagoa ere ikusten ari gara. Ederra da 25 urte dituzten zenbait abesti, oraindik ere bizirik mantentzen direla ikustea.

Hamar urteko geldialdiaren ostean, 2013an bueltatu zinetela esan dugu. Garai hartan­txe, 2014 urteko San Pedrotan jo zenuten Igeldon. Zer oroi­tzapen duzu kontzertu hartatik?
Igeldokoa kontzertu ederra eta ahaztezina izan zen. Garaiko “Astiro” diskoan Igeldoko eskolako haurrek parte hartu zuten “Gaur pozik nago” abestian eta oholtza gainean gurekin abesten egon ziren. Oso eskertuta sentitu nin­tzen Igeldon jotzeko aukera izan genuelako, giro ederrean.

17 urterekin hasi zinen Urtzen eta 48 urterekin sasoian jarraitzen duzu oraindik halako talde baten erritmoa jarraitzeko... Zenbait momentutan ez da erraza izango, ezta? Oraingo ardurak eta bizimodua ez dira garai hartako berak izango... Zertan aldatu da Xabier Camarero?
Ez da erraza izan, inolaz ere. Egia esan, duda asko izan ditut. Taldean aldaketa asko izan dira eta, zuk esan bezala, dagoeneko ez ditugu 17 urte. Nolanahi ere, azken urte hauetan Urtzentzat propio prestatutako hainbat abesti nituen eta jendearekin partekatu nahi izan ditut. Ez nituen armairuan ahaztuta gelditzen diren berokien antzera erabili gabe utzi nahi. Aitortu behar dut, baina, lan honekin aurrera jarraitzea erronka handia izan dela niretzat.
Pertsona berbera naiz, baina bizipenek ematen dizkiguten esperien­tziek mundua beste modu batean ikusten, sentitzen, irakasten digute. 17 urte nitueneko inozentzia eta ilusioa gogo biziz oroitzen ditut, garai hartan ez genuen ezer espero eta gertatutako guztia opari bat izan zen. Gaur egun, 48 urterekin, erritmoa ez da berdina, noski, eta zuk esan bezala, familia kontuak, lanak, ardurak… han­diagoak dira. Edoze­lan ere, denok badugu haur bat barnean eta nik, kasu honetan, banuen eskaintzeko zenbait abesti. Hala,“Zabaldu ateak” diskoaren bidez nire barnean nuena entzun nahi izan duenarekin partekatzeko aukera izan dut...

Luzerako izango al dugu Urtz?
Denborak esango du luzerako edo epe laburrerako izango den... Orain, lan berria aurkezteko dauzkagun aukerak aprobetxatzen saiatuko gara. Disko honetako abestiak jendea gu adina hunkitzeko gai balira, izugarri poztuko ginateke. Kantek norbaiten bihotzera heltzeko aukera baldin badute, honek guztiak merezi izango du.

TALDEKIDEAK:
Dani Vicente (gitarra), Jorge Sanchez (baxua), Xabier Camarero (gitarra eta ahotsa) eta Ander Hurtado de Saratxo (bateria).

DISKOGRAFIA:
Ekaitzaren garrasia (1992)
Hautsa astinduz (1994)
Hain urrun (1996)
Lur gazian ametsak ereinez (1998)
Aingeru (2001)
Azken eguna (2003)
Astiro (2013)
Zabaldu ateak (2019)

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom