Partehartze ederrarekin ospatu da Udazken Festa | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Partehartze ederrarekin ospatu da Udazken Festa

(0 iruzkin)

Urriaren 21, 22 eta 23an Udazken Festa ospatu da Igeldon. Antolatutako ekintzetan partehartze ona izan da antolatzaileen esanetan eta giro ederra sortu da herrian, hiru egunetan zehar.

Ostiralean, Herri Batzarra egin zen Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren inguruan hitz egiteko. Siadecok prestatutako hasierako proposamena (borradorea) aurkeztu zuten Herri Kontseiluko eta TET Batzordeko kideek. Eskumen eta zerbitzuak, langileak, aurrekontua, ekarpenak, zalantzak... horien inguruko azalpenak eman zituzten, argi utziz, oraindik proposamena besterik ez dela eta zalantza asko argitzeke daudela. 60 herritar inguru gerturatu ziren batzarrera.

Larunbatean punta-puntako dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen eta herritarrek ederki aprobetxatu zuten aukera. Asko izan ziren Haatik dantza konpainiaren "Errimak bi oinetan" ikustera gerturatu zirenak. Frontoiko armailak bete egin ziren eta txalo zaparrada artean bukatu zen emanaldia.

Ondoren, sardinjate mundiala egin zen Itsas Aurren. 50 bat herritar ibili ziren kontu-kontari sardina eta sagardo artean.

Igandean, berriz, ohikoa den azokarekin hasi zen eguna. Barazkiak, txerrikia, esnekia, gozoa, ogia, pitxiak, poltsak, liburuak... eskaintza zabala izan zen erosketak egiteko. Haize zakarrak ez zuen postuetan zeudenen lana errextu, baina pozik geratu ziren izandako erantzunarekin. Azokaz gain, herriko jubilatu eta zaharrenak omentzeko bazkaria egin zen frontoian. 152 lagun elkartu ziren bertan: 146 heldu eta 6 haur. 

Ohi bezala, aurten 85 urte betetako aiton-amonek bastoi bana jaso dute omenaldi moduan. Aurtengo omenduak honakoak izan dira: Unai Astigarraga, Maria Estanga eta Juan Jose Arzallus.

Bestalde, bazkalondoren, azokako produktuez osatutako saski eder bat zozketatu zen eta Amaia Navascues izan zen saritua. 

Eguna borobiltzeko, taloak jateko aukera izan zen. 

Maria Eskibelek 100 urte

Aurtengoan izan da aipamen berezia jaso duen herriko amona bat ere: Maria Eskibel. Izan ere, aurten 100 urte bete ditu. Hori horrela, oparitxo bat eskaini zion Herri Kontseiluak egunean bertan Joxe Dorronsorok egindako bertsoekin batera. Bertso horiek bazkarian abestu zituzten Joxe eta Juantxo Dorronsoro anaiek.

 

 

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom