Haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko? | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Haurrek badituzte baliabide psikiko egokiak pantailen aurrean aritzeko?

(0 iruzkin)

Igeldoko eskolan Alvaro Beñaran Pedagogo eta Psikomotristaren bisita izan genuen. Beñaranek pantailek haurren lehen urteetan (0-6 urte), helduen eta haurren arteko harremanetan duten eragina izan zuen mintzagai.

Alvaro Beñaran pedagogo eta psikomotrista Igeldoko Eskolan izan zen urtarrilaren 11n. Pantailek haurrengan duten eraginaz aritu zen.
Beñaranen arabera, gizakien arteko harremanak gure artean sor­tzen ditugun lotura eta binkuloen bitartez garatzen dira, beraiekin eraikitzen baititugu identifikazioak, gure identitatea eraiki arte. Beraz, haurraren garapenean, bera zain­tzen dutenekin harremanen garran­tzia argi badago, ze eragin izan lezake pantailen erabilerak?
Zer da ume batek mundura etortzen denean behar duena gizakiaren izatea garatzeko? Gizakien arteko harreman afektiboa, gizaki bezala sentiaraziko duena, maitasuna, komunikazioa, haserrea, solasaldia… Beñaranen hitzetan zaintza ez da teknikoa ezta metodo bat ere, harremana baizik.
Umearen eta helduaren arteko harremanak sentsazioetan eta bizitzen diren esperientziatan oinarritzen dira (hauek ekintzak izanik): Keinuak, kontaktuak, hitzak, soinuak, irriparra, ahotsa…
Hau da, umeak bere lehen 5-8 hilabeteetan, bestea “aurkitzen” duenean, lotu egiten ditu bere sen­tsazioak eta emozioak bizitzen dituen beste horrekin. Beste horrek lasaitu egiten duelako urduri dagoenean, bere begiradarekin, bere besoetan egonda, bere abestiekin…
Beñaranek dioenez, bizitza aurrera doan heinean, atxikimendu eta banaketa bizi behar dute, zaintzen duten helduekin adostasuna eta desadostasunak biziz eta adieraziz, baita alaitasun eta haserreak ere eta lasaitasun eta tentsioak. Denak gizakion harremanak dira eta gizaki bezala garatzen gaituzte.
Baina, lasaitzen nauen beste hori pantaila bat baldin bada? Eta harremana izan nahi dudan pertsona hori pantaila bati begira baldin badago? Eta zer dira heldua eta nire artean presentzia fisikorik gabe agertzen diren ahots horiek? Beraz, ahots horiek al dira nire segurtasuna bermatzen dutenak? Pantaila hori? Horiekin atxikitu edo binkulatu behar al naiz? Edo pantaila da helduaren zati bat?

Errealitatetik kanpo
Haur baten segurtasun sentsazioa sortzen duena helduaren afektua ez baldin bada, haurraren identitatearen garapenean non gelditzen dira heldu hauek? Esan dugun bezala, gizaki izateko, gizakien arteko harremanak ezinbestekoak dira; aldiz, gizaki batek begiratu, ikusi eta sentitu beharrean pantaila batek begira­tzen, laguntzen eta lasaitzen banau, gizaki pantaila izango al naiz?
Bere ahotan, haurrarentzat pantailak presentzia esanguratsu bihur­tzen badira, beraiekin egingo dute beren identifikazioa, presentzia birtual horiekin identifikatuko direlarik. Pantailak hain goiz agertzen direnean, helduaren presentzia ordezka­tzen dute, fantasiazko mundu paraleloan sartuz umea, errealitatetik urruntzen dutelarik.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom