CLAUDIA FERNANDEZ: «Ametsa lortu nuen iaz lehenengo mailan debutatuta, eta etxean gainera» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

CLAUDIA FERNANDEZ: «Ametsa lortu nuen iaz lehenengo mailan debutatuta, eta etxean gainera»

(0 iruzkin)

Claudia Fernandez pauso handiak emanez ari da futbolean ibilbidea egiten. Realaren bigarren taldetik Athleticen bigarren taldera egin du salto orain eta bigarren mailan dabil lehian. Dena dela, lehenengo mailan jokatzeko aukera izan zuen Realarekin, eta baita Championserako sailkatzea lortu ere. Gudamendik izar bat gehiago duela esan dezakegu.

Zure ibilbide ofiziala Añorgan hasten da, baina betidanik jokatu izan al duzu futbolean?
Bai, oso txikitatik. Añorgan 10-11 urterekin hasi nin­tzen eta mutilekin jokatzen nuen orduan. 3 neska ginen taldean. Infantiletan jada nesken taldea genuen eta hor jokatzen nuen, baita Eskola Kirolan ere. Eta astean behin, Añorgako mutilekin entrena-tzen nuen. Egia esan, mutilekin jokatze horrek asko lagundu dit, ondo etorri zaidala iruditzen zait. Gero kadeteetan, futbol 11n hasi nintzen eta Ohorezko Kadete arte egon nintzen Añorgan.

Añorgatik Realera, eta han lau denboraldi egin zenituen bigarren taldean (2018-2022).
Hori da, 15 urterekin hasi nintzen Realaren bigarren taldean. Zain egon nitzen 15 urte bete arte, Real Sociedad B taldeak joka­tzen zuen mailan jokatu ahal izateko. Kontuan izan behar da urte horretan sortu zela Realaren bigarren taldea.

Eta berehala, taldearen bigarren denboraldian, ligako txapeldun izan zineten eta igoera lortu zenuten Lehenengo Nazionalera.
Esan bezala, bigarren taldea 2018-2019 urtean sortu zen eta oso maila baxuan hasi zen jokatzen. Hasierako bi urteak gehiago izan ziren entrenatzen ikastea eta taldea egitea. Baina Gipuzkoa osoko jokalari onenetakoak geunden taldean eta ia partidu guztiak irabazten genituen. Gainera, esperientziadun jokalariak zeuden. 15 urteko lau jokalari geunden eta 20 urte ingurukoak ere bazeuden. Bi urtetan, Lehenengo Nazionalera iritsi ginen.

Realean, lehenengo taldearekin jokatzeko aukera ere izan zenuen. Zer moduzko esperientzia?
Bai, azkeneko bi denboralditan bi taldeetan aritu nintzen (2020-2021/2021-2022). Dinamika lehenengo taldearekin egiten nuen, baina gero partiduak jokatu, gehienetan, bigarren taldearekin. Esperientzia aldetik sekulakoa izan zen. Tokatu zi­tzaizkidan Realaren urterik onenak. Championsa joka­tzeko ere sailkatu ginen. Egia da oso partidu gutxi jokatu nituela eta oso gogorra izan zela pila bat entrena­tzea eta ezin jokatzea, baina adin horretako jokalari baten papera horixe da, prestatzen joatea, eta horixe tokatu zitzaidan. Hala ere, asko ikasi nuen bai teknikoki eta baita pertsonalki ere. Espainiako jokalaririk onenekin aritu nintzen.

CLAUDIA FERNANDEZ AZPEITIA
2003-07-11
Zenbakia: 33
Postua: Aurrelaria

2017-2018 Añorga KKE kadetea
2018-2022 Real Sociedad B
2021-2022 Real Sociedad
(hainbat partidu eta 
Championserako sailkapena)
2022-Gaur egun Athletic Club B
2022 aurredenboraldia Athletic Club

Udaran, Athletic B taldera joatea erabaki zenuen. Zergatik?
Lehenago ere etorri zitzaidan eskaintza, baina 2. Batxilergoa egiten ari nintzen eta ikasketak etxean bukatu nahi nituen. Gero, baiezkoa esan nuen aukerarik onena zelako; hemen baino aukera gehiago inon ez. Kontuan izan behar da Real B Athletic B baino bi maila beherago dagoela. Realean, bi taldeetan aritzen nitzen. Entrenatu, jokatu, talde dinamika… gehiena lehenengo taldearekin egiten nuen, baina gero partidu gehienak bigarren taldearekin, hau da, 4. mailan jokatzen nuen. Sekulako aldea dago eta ez zen ona niretzat, horrek ez zidan lagun­tzen konpeti­tzeko maila ona lortzen.

Zer moduz Athleticen?
Oso gustora nago. Oso ondo zaintzen naute hemen. Egia da hasiera zaila egin zaidala, mailara egokitzea alegia. Sekulako maila dago, denak dabiltza lehenengo mailara igotzeko lehia horretan eta gu oso talde gaztea gara. Athleticen filiala gara, gure helburua jokalariak prestatzen joatea da, ahaztea, eta ahal dela mailari eustea.

Zaila egongo dela dirudi, azken postuetan zabiltzate… (otsailak 9)
Bai, hala da. Dena dela, puntutan berdinduta gaude batzuk eta gure asmoa bada urtea salbatzea. Bigarren buelta hasi besterik ez da egin eta partidu asko geratzen dira aurretik.

Taldea ez doa nahi bezain ondo… eta zu?
Ba ni lesio batetik nator, hilabete eta erdi egon naiz lesionatuta, baina gogotsu bueltatu naiz. Lehen esan bezala, hasiera gogorra egin zait, erritmoa hartzea kosta egin zait. Lehenengo urtea izanda, presioa ere sentitzen duzu, zure maila emango ote duzun, taldea ere ez duzu ezagutzen… Denbora behar da. Geroz eta erosoago nago, baina oraindik ez naiz lasai joka­tzera iritsi. Pixkanaka.

Athleticen lehenengo taldearekin egin zenuen aurredenboraldia. Aukera ikusten duzu leku bat izateko?
Orain ez dago nire burutan hori. Lehenengo urtea da hemen eta lan egiteko momentua da. Etorri behar badu, etorriko da. Aurredenboraldikoa oso ondo etorri zait, lehenengo taldearen lezioa jasotzea baliagarria da.

Gizon/emakume konparaketan sartuta. Zure maila berean egongo balitz mutil bat, inguruan ezagun izango litzateke, medioetan emango zen bere berri… Zure kasuan nola izan da?
Ba nire kasuan, uste baino gehiago zabaldu da sare sozialak direla eta! Baina bai, ez da konparagarria inondik ere. Diferentzia oso handia da, klubetan ere bai, eta horrek haserretu egiten zaitu eta amorrua ematen du. Lan gehiago egin behar izaten dugu, demostratzeko, baloratzeko, eta lorpenak txikiagoak dira. Pauso txiki batzuk eman dira, baina maila berdinera heltzearena ez da erreala. 20 urteko neska bat 12 urteko mutil batekin konparatzen da edo gure mailako jokalari bat 14 urteko batekin.

Eta profesionalki, soldata eta baldintza aldetik nola dago egoera? Emakumeek futboletik bizitzeko aukerarik ba al duzue?
Orain liga berri bat sortu dute emakumeetan eta estatutuak ere berritzen ari dira. Orain arte, lehenengo mailako jokalari baten urteko soldata minimoa 16.500 eurokoa zen. Orain, 18.000-20.000 artean jarriko dute. Horrek bizitzeko ematen dizu? Ez dakit… bakoitzaren egoeraren arabera ere izango da. Bizitzeko aukera ikusten dut goizetan lan eginez gero eta arratsaldetan entrenatu. Gizonezkoen soldatak urruti geratzen zaizkigu.

Gaztea zara, 19 urte dituzu, ikasketekin jarraitzen duzu?
Magisteritza egiten ari naiz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 2. maila. EHU Donostian ari naiz distantzian. Hasita nengoen eta ez nuen lekuz alda­tzen hasi nahi.

Orain Bilbon edo inguruan bizi zara?
Bai, Galdakaon bizi naiz hiru taldekiderekin. Horretan klubak laguntza ematen digu ez ditzagun galdu gure irabaziak pisuan edo eguneroko ohiko gastuetan.

Etorkizunari begira, zer nahiko zenuke lortu? Zein da zure ametsa?
Nire ametsa bete nuen iaz lehenengo mailan debutatzearekin, eta etxean gainera. Lehenengo mailara iristea zen txikitako ametsa eta lortu nuen. Gainera, Championsen sartu ginen. Gurasoek hainbeste urtetan egindako esfortzu horren ordaina ere izan zen eta oso pozik nago horrekin.
Aurrera begira, karrera bukatzea da nire helburua alde batetik, eta bestetik, futbolean nire mailarik onena ematea. Noski lehenengo mailan jokatu nahiko nukeela, baina prest nagoen momentuan iri­tsiko da. Hortik aurrera, oreka, egonkortasuna eta jarraikortasuna lortu nahiko nituzke. Karrera buka­tzean ikusiko dut futbolean jarraitzeko moduan nagoen edo ez. Momentuz, lau urtetarako nago Athleticen.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom