ATZERA BEGIRA: San Isidro eguneko prozesioa | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

ATZERA BEGIRA: San Isidro eguneko prozesioa

(0 iruzkin)

San Isidro eguna, baserritarren eguna dugu eta maiatzaren 15ean ospatzen da. Gaur egunean, Udaberri Festaren barruan ospatzen dugu egun hori, baina lehen eguna bera izaten zen ospakizun eguna. Garai batean herritar asko ziren baserritik bizi zirenak eta baserriak garrantzi handia zuen Igeldon. Bestalde, elizaren presentzia ere handia izaten zen herriko ospakizunetan eta hortik, San Isidro egunean egin ohi ziren meza, prozesio eta bedeinkazioak.

Nahiz eta azken 50 urte hauetan herrian elizak antolaturiko prozesiorik ezagutu ez, urte batzuk atzerago joanez gero, San Isidro egunean ohikoa izaten zen. Goizean aurrena, meza izaten zen eta ondorenean San Isidro santua eskuetan hartu eta Pakone atzeko eskaileretatik gora abiatuta, Kalbarioko mendi tontorreraino egiten zen prozesioa. Goian apaizak herriko lurrak bedeinkatzen zituen. Herriko alde guztietara banatzen zuen bedeinkazioa, bai iparraldeko eta baita hegoaldeko lurrak bedeinkatuz. Eta bide batez, bedeinkazio eta errezoekin baserritarrei uzta ona izan zezaten opatzen zien, baita eurite eta lehorteak uxatu ere. Bedeinkazioa amaitzean, mendiaren ekialdeko aldetik jaisten ziren eta bidez elizaraino jarraitzen zuen prozesioak. Ondorenean, baserritarrek euren aldetik hamaiketako edo bazkariak egin ohi zituzten.

San Isidro egunaz aparte, lehorte handiren bat izaten bazen, errogatibak egin ohi ziren. Errogatiba hauek egiteko ere, elizatik kanpora ateratzen ziren errezoak egitera prozesioa eginaz. Errezo hauen bidez, santu guztiei eta jainkoari eskatzen zieten euria egin zezan, baserritarrek ondorenean uzta jaso ahal izateko.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom