Hegaztiak
Igeldoko mendigunean 138 hegazti espezie erregistratu dira, 48 familiatan banatu direnak. Gainera, azpimarratzekoa da horietatik 38 espezie Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan ageri direla eta beste 66 Mehatxatutako Espezieen Espainiako Katalogoan.
Animalia ornodunei dagokienean, hegaztiak dira aberastasun gehien ematen diotenak Igeldori. Eta horien artean, uretako hegaztiak zein lurrekoak aurkitu ditzakegu. Hori horrela, migrazio garaian asko ugaritzen da hegaztien kopurua, baina ez hainbeste negu garaian edo ugalketa garaian.
Igeldo-Mendizorrotzek duen kokapenagatik, hau da, Kantauri itsasoari lotua, bere altitudea (0-417m), bi isurialdeak -ozeanikoa eta kontinentala-, eta bere gertutasuna Donostia bezalako hiri jendetsu batetik, ezaugarri interesgarriko habitatak dauzka eta eragina dauka inguruko hegaztiengan. Esaterako, Igeldoko itsaslabarrak eta baso mixtoak oso egokiak dira berauen ugalketarako.