Meteorologia zentrua | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Meteorologia zentrua

1905. urtean Aita Juan Miguel Orkolagak jarri zuen abian Igeldoko zentroa, itsas ekaitzez ohartaraztea xede nagusi hartuta. 1927an hasi ziren lanean lehen meteorologo profesionalak, eta 1928tik hona datu bilketan aritu da etengabe. Ez, ordea, gorabeherarik gabe. 1936ko gerran bizi izan zituen zailtasunik larrienak.

Egun, betiko metodoak erabiliz eguneko 24 orduetan eguraldiaren inguruko datuak biltzen jarraitzen du Igeldoko meteorologia zentroak.

Kantauri itsasoari begira dago Igeldoko meteorologia behatokia Donostian, itsaslabarraren gainean. Hartarako sortu zen, itsasoaren gora-beherak behatu eta arrantzaleei eguraldiaren arriskuez ohartarazteko. Zeregin horretan ehun urte egin zituen orain dela bi, eta eguneko 24 orduetan meteorologia datuak biltzen jarraitzen du.

Datuak biltzen aritzen diren sei lagunetako bat da Eduardo Gonzalez. Bost urte daramatza Igeldon. Egun osoko txandak egin ohi ditu. «Luze egiten da, baina latzagoa da aireportuetan. Han ordu erditik behin jaso behar dira datuak; hemen bi-hiru ordutik behin biltzen ditugu». Eguzki orduaren arabera egiten dituzte datu bilketa guztiak, mundu osoko datuak bat etor daitezen. Jasotako informazioa Madrilera igortzen dute, kodetuta, bertan azter dezaten. Espainiako Meteorologia Institutuaren baitan dago egun Igeldoko zentroa.

Eraikinaren teilatuan daude datuak biltzeko tresnetariko batzuk. Erradiometroa baliatzen du Gonzalezek eguzki energia neurtzeko eta heliografoa, berriz, eguzki orduak zenbatzeko. Antena moduko altuera handiko hiru tresna daude, halaber, teilatuan: anemometroak eta haize-orratzak dira, haizearen indarra eta norabidea neurtzen dutenak. Teilatuko tresnek jasotako informazioa pisu bat beherago dauden beste tresna batzuetan biltzen da. Egun osoa daude martxan, grafiko moduan bildutako daturik gal ez dadin. Pisu bat beherago, beste gela batean, ordenagailuak dituzte, txostenak-eta prestatzeko.

Eraikinetik atera gabe, beheko solairuan, barometroaren gela dago. Unean uneko presio atmosferikoa neurtzen du merkuriozko gailuak, eta alboan duen barografoan etengabe jasoko dira datuak.

LORATEGIA. Barometroaren gelaren alboko atea tresneria gehien dagoen tokira begira dago: lorategira. Teilatuan bezala, tresna bakoitzeko gutxienez bi ale dituzte bertan; bata nagusia, eta bestea, «badaezpada», nagusiak huts egingo balu daturik ez galtzeko. Etxolen barruan dauden termometroek jasotzen dute tenperatura: arrunta da bata, unean uneko tenperatura neurtzeko, eta tenperatura maximoa eta minimoa jasotzen dituzten beste bi termometro ere daude. Etxola barruko termohidrografoaren bidez paperean jasota geratuko dira tenperaturak eta hezetasuna. Etxolaren alboan, berriz, beste bost termometro daude, horietako bakoitza 5, 10, 20 eta 50 zentimetrora eta metro bateko sakoneran lurperatuta. Gonzalezen hitzetan, lurraren tenperatura neurtzeak garrantzia handia du nekazaritzan.

Lorategian aurrera egin ahala hainbat plubiometro daude. Sei orduro behatzen dituzte euri neurgailuak. Plubiografoan euri kopuruak ez ezik, une bakoitzean botatakoaren intentsitatea ere paperean jasota geratuko da. Eta apur bat aurrerago dago lurrunketa-tanga. Beste tresnak ez bezala, egunean behin baino ez dute begiratzen atmosferaren lurrunketa neurtzen duen urez betetako ontzia. Termometro eta haize-neurgailu bana ditu ontziak, tenperaturak eta haizeak eragina baitute lurrunketan. Ur kopurua ere neurtua dute, ontzira erortzen den euri kopuruarekin alderatu behar izaten dutena.

Horiez gain, beste hainbat ohar ere hartzen dituzte Gonzalezek eta haren lankideek, fenomeno bereziren bat sumatuz gero --hodei motak, txingorra, lainoa...--. Hiru orduro Madrilera bidaltzen dituzten datuez gain, hilabete bukaeran txostena prestatzen dute bildutako informazio guztiarekin.

MAPAK ETA IRAGARPENAK. Igeldon eta beste hainbat behatokitan jasotako datuen azterketa, aldiz, Donostiako Intxaurrondo auzoan Igeldoko meteorologia zentroak daukan eraikinean egiten dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zehar datuak jasotzeko hainbat estazio automatiko ditu zentroak. Baina horietan ez dago datuak jasotzen dituen lagunik. Bai ordea, Loiu, Hondarribiko eta Forondako aireportuetan, Igeldon bezala. Haiekin batera Intxaurrondoko eraikinean klimatologia sailean eta tresneriaren mantentze lanetan diharduten lagunak 45 dira orotara. Halaber, egunero neurketak egin eta bidaltzen dizkion 55 lagunek osatutako kolaboratzaile sarea du zentroak, hiru herrialdeotan sakabanatuta. Informazio guztiarekin eguraldiaren mapak, iragarpenak eta ikerketak osatzen dituzte.

Klimaren aldaketak aztertzeko zenbat eta neurketa segida luzeagoak, orduan eta hobeto. «Eta Igeldokoa bezalako segidarik ez dago», Miguel Angel Manjon meteorologia teknikoaren hitzetan. Izan ere, urte askotako datuak izateaz gain, horiek lortzeko erabilitako tresneria ez da ia aldatu, eta hori ere oso garrantzitsutzat jo du Manjonek. Halaber, beste hainbat behatokirena ez bezala, Igeldokoaren ingurunea ere deus gutxi aldatu da azken urteotan, eta datuen segidan aldaketarik eragin duen kanpo faktorerik ez da izan. Hartara, sumatutako aldaketak «naturalak» direla esan liteke, ez gizakiak eraginak. Pertsonek bildutako datuak estazio automatikoek jasotakoak baino fidagarriagoak dira, hainbatetan tresneria matxuratu egiten delako. Eta Igeldon beti aritu da norbait datuak biltzeko lanetan.

Euskal kostalde osoko behatokia da Igeldokoa, Margarita Martin zentroko zuzendariak nabarmendu duenez. «Kostalde osoko zentroen datuak biltzen ditugu, eta informazioa etengabe jasotzen ari den programa bat dugu». Haizete indartsuak edo olatu handiak sumatzen badituzte, portuei eta itsas salbamenduari abisu ematen diete. Horretarako sortu baitzen, hain zuzen ere, Igeldoko meteorologia zentroa.