Hurrengo urteko jaiak «bereziak eta mundialak» izateko hasi dira lanean | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Hurrengo urteko jaiak «bereziak eta mundialak» izateko hasi dira lanean

(0 comments)

Badira hilabete batzuk Jai Batzordea lanean hasi zela datorren urteko San Pedroak antola­tzen. Bereziak eta mundialak izatea nahi dute, «izan ere, badira bi urte Covid-aren ondorioz, jaiak muga askorekin egin behar izan ditugula». Egitarau oparo bat antolatzeko, ordea, dirua ezinbestekoa dela nabarmendu dute eta hori dela eta, urtean zehar ekintza puntualak egingo dituzte dirua lortu asmoz.

Dagoeneko hasi dira. Alde batetik, Gabonetako saskiaren zozketa antolatu dute Kooperatibarekin eta Herri Kontseiluarekin batera, besteak beste. Aurten, bertatik ateratako dirua Jai Batzordea­rentzat eta IKOrentzat izango da. Bestetik, Gabonetako kopa elegante batzuk atera dituzte. Kaja bakoitzean 6 kopa datoz eta 25€ balio du kaja bakoitzak. Jai Batzordeko kideei egin behar zaie eskaera.

Ekintzak norberak proposatu eta egin
Azken urteetan, taldearen dinamika aldatu egin dela gaineratu dute Jai Batzordeko kideek: «Izan ere, ikusten genuen San Pedro jaien antolaketa Jai Batzordeko taldearen eskuetan ia ehuneko ehunean geratzen zela: ekintzen antolaketa eta prestaketa, presentzia, Udalarekin harremana, materialaren kudeaketa etab. Gehiegizko lan karga zela iritzita, taldea handitu eta lan egiteko eredua aldatzeko apustua egin genuen».
Norabide horretan azken urteetan urratsak eman dituztela azaldu dute, batez ere ekintzen ardura eta kudeaketari dagozkion lanak modu egokiagoan banatzeko. «Ekintza zehatz bat egin nahi duenak Jai Batzordearekin harremanetan jarri eta proposamena egin duena/dutenak arduratu beharko da/dira ekintza prestatzeaz eta horrek eskatzen duen kudeaketaz. Ezin baitugu ahaztu, Jai Batzordea festen antolaketa orokorraz arduratu arren, herriko jaiak herritik eta herriarentzat sortu behar direla», diote.
Animatzeko dei egin dute: «Horiek esanda, adi egon eta ez harritu Ttonttorro Jai Batzor­dearen logoa ikusten baduzue ekintza ezberdinetan! Eta ez ahaztu, Jai Batzordeko ateak irekita dituela parte hartu nahi duen orok!! Zaindu eta laister arte!!!».

Currently unrated

Comments

There are currently no comments

New Comment

required

required (not published)

optional

required

captcha

required

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom