Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Viewing posts from uztaila, 2025

Ikastaro berriak proposatzeko momentua da

Irailetik aurrera 2025-2026 ikasturteko ikastaroetan apuntatzeko epea irekiko da eta orain guztia antolatzen ari dira Ieltxo elkarteko kideak. Hori horrela, orain da momentua ikastaro berriak proposatzekoa.
Dagoeneko hainbat proposatu dituzte: dantza garaikidea, helduentzako euskal dantza, antzerkia, xakea eta frantsesa berreskuratzea. Aurreko ikasturtean bezala, honako ikastaroak egongo dira aukeran ziurrenik: joskintza, pianoa, trikitixa, panderoa, ingelesa, euskal dantza, yoga eta mintzapraktika.
Ikastaro labur moduan Autodefentsa Feminista eskaintzeko asmoa ere badago.
Matrikulazioa iraila hasieran egin beharko da (irailean egingo da deialdi zehatza). Proposamenak egiteko edo za­lan­­tzak argitzeko helbide honetara idatzi behar da:
ieltxokulturelkartea@ymail.com.

Murgildik gora igoko dira Donostiako Klasikoan

Abuztuaren 2an Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketa jokatuko da eta ohiko ibilbidea izango du oraingoan Igeldon. Hau da, Murgildik gora igoko dira txirrindulariak. Arratsal­deko 16:15 aldera hasiko dira igoerarekin. Ondoren, Donos­tia­rako bidea hartuko dute Bule­barrean helmugara­tzeko.
Edizio honetan, txirrindulariek 211,4 km egin beharko dituzte. 6 mendate puntuagarri igoko dituzte: Andazarrate, Urraki, Alkiza, Jaizki­bel, Erlaitz eta Murgil. Trafikoan izango duen eragina ez du jakinarazi oraindik Donos­tiako Udalak. Infor­ma­zio gehiago izatean, Herri Kon­tseiluak zabalduko du ohiko bideetatik.

Azken asteetan ere ekintza ugari izango dituzte Udalekuetan

Ohi bezala, uztailean zehar Udalekuak izaten ari dira herriko umeak. Lehenengo hamabostaldian ekintza ugari egin dituzte: eskulanak, jolasak, herri kirolak, irteerak... eta bigarrenean ere primeran pasatzeko tartea izango dute. Denera 26 umek hartuko dute parte aurtengo udalekuetan. Eta begiraleak ere hainbat izango dira: Aroa, Maddi, Elene, Lur, Maialen, June eta Naroa.
Uztailaren 28an udako eskain­tza aprobetxatuz, uretako puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute.

Gau giro ederrak protagonista

Euri aitzakiarik ez da izan behintzat aurtengo San Pedroekin gozatzeko. Majo portatu zaigu! Egunez bero egin du, baina iluntze eta gau giro ederrak izan ditugu. Ekainaren 21ean hasi eta uztailaren 2ra bitarte, ekintza desberdinak egon dira eta oso giro onean joan dira. Azpimarratzekoa da San Pedro eguneko parranda. Bide Batez taldearekin, gogotik gozatu zuten herriko gazteek!

Beharrak jasota geratu dira

Kaxkoa hobetzeko beharrak eta ideiak biltzeko bi ibilalditxo egin ziren maiatza eta ekainean. Bertan elkartutako herritarrek proposamenak adierazi zizkieten Hiritik At-eko kideei. Horrez gain, herriko eragileen eta Eskolako ikasleen proposamenak ere jaso dituzte. Orain, jasotakoak diagnostiko txosten batean bilduko dituzte eta irailean talde motorrarekin hurrengo fasea zehaztuko dute. Berri gehiago izatean, zabalduko diete herritarrei.

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom