«Udalak txalet ilegal bat eraikitzea onartu du» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Udalak txalet ilegal bat eraikitzea onartu du»

(0 iruzkin)

Txalinen eraiki duten txaletaren inguruan prentsaurrekoa eman dute Herri Kontseiluak, Ieltxok, Haritzaldek eta hainbat igeldotarrek gaur (azaroak 24). Bertan salatu dute Donostiako Udalak txalet ilegal bat eraikitzea onartu duela Igeldon eta jakinarazi dute epaitegietara jo dutela Ieltxok eta Haritzaldek.

Gertatutakoa azaldu dute: «Martuteneko baserri baten espropiazio batetik dator obra. 2/2006 Lurzoru Legearen 30. artikuluan oinarriturik, Igeldon eraikitzeko baimena ematen die Udalak jabeei. Baina Legearen 30.4 artikuluak exigitzen duen justifikazio txostenik ez dago. Eta Udalak baserria berreraikitzeko baimena ematen die honakoa jakinik: Martutenetik 8 km-ra dagoela, partzela baserriko jabeena ez dela, enpresa inmobiliario batena dela eta bertan etxebizitza izateak sekulako balioa izango duela. Argi eta garbi negozioa egiteko helburuarekin. Inmobiliariak, lurren jabeak, lizentzia erosi zien baserriaren jabeei eta ondoren egungo jabeei saldu zien 700.000 eurotan. Nola da posible hori baimentzea?».

Beraien esanetan, Lurzoruaren Lege hori ez da helburu horrekin sortu eta lotsagarria egiten zaie txeke zuri moduan eta espekulaziorako erabiltzea: «Hasierako etxebizitzaren aurrekontua 419.000 eurokoa zen; egin dutenak 1.250.700 euroko aurrekontua du; HIRUKOITZA! Eta horri lizentziaren 700.000 euroak gehitu behar zaizkio».

Tipologia, bolumetria, pistina… ilegalak

Kezkatuta azaldu dira honek ireki dezakeen bidearekin: «Udalaren teoriaren arabera, espropiatu den edozein baserri eraiki daiteke babes berezirik ez duen nekazal lurretan. Hori horrela, Igeldon bukatuko dute espropiatu ondoren berreraiki behar diren ustezko baserri guztiek, eta hau onartezina da. Igeldoko lurrak babestu nahi ditugu, eta baita Euskal Herriko beste inguruetakoak ere».

Gainera, Udalak baserria berreraikitzeko baimena ematen duela eta horren ordez, txalet moderno bat egin dutela salatu dute, igerileku eta guzti: «Eta pistina ere ilegala da. Eraiki ezin den nekazal lurretan, ezin da pistinarik eraiki». Legeak bolumetriaren inguruan dioena ere ez dutela errespetatu azpimarratu dute: «Martuteneko baserriak 406,8 m2 zituen bizitoki bezala eta ez zuen sotorik. Udalak 1.145 m2 dituen etxebizitza bat egiteko baimena ematen die soto eta guzti». 

Bi lizentzia ilegal eta txaleta lizentziarik gabe

Espedientea irregulartasunez betea dagoela argi utzi dute, bi lizentzia ilegal eman direla eta txaleta lizentziarik gabe eraiki dela: «bi lizentzia ilegal eman ditu Udalak eta bi lizentzia horietako proiektuek leku desberdinean kokatzen dute etxea. Ba hori gutxi balitz, azkenean, etxea beste kokaleku batean egin da, inongo lizentziarik eskatu gabe eta jaso gabe. Ez gaude ados ezta kokaleku batekin ere, baina nola onartu du Udalak lizentziarik gabe eraikitzea?».

Lizentziak ilegalak izatearen arrazoia azaldu dute: «Sarbiderik ez duen partzela batean eman dira lizentziak, legea erabat urratuz. Eta partzela horretara sartzeko, okupatzen ari dira udal partzela bat inongo baimenik gabe. Eta horrez gain, depositura doan udal bidearen sarreran atea jarri dute».

Ur depositua handitzeko traba

Txalinen Udalaren ur depositua dago txaleta eraiki duten zonaldean eta obra honek eragin zitzakeen kalteen inguruko txosten bat prestatu zuen Uraren Udal Zerbitzuak. Esandakoak ez dituzte aintzat hartu: «Alde batetik, atearena aipatzen da, atea bidearen goiko aldean jarri beharko dela esanaz, deposituaren ondoan. Baina bide hasieran jarri dute. Eta bestetik, ez da egoki ikusten depositutik hain gertu eraikitzea etxea etorkizunean depositua handitzeko aukera oztopatzen duelako».

Salatzaileek eskaera argia egin dute: «Eskatzen dugu Txalingo obrak bertan behera utzi ditzatela, etxebizitza bota dezatela eta ingurua lehengora bueltatu dezatela. Eta horrez gain, Udalak emandako lizentzia horiek baliogabetzea. Eta eskatzen dugu baita ere Udal arduradunek azalpenak eman ditzatela. Zergatik onartu da hau dena?».

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom