Talde berria aurkeztu eta azken egunetako gaien berri eman zuten batzarrean | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Talde berria aurkeztu eta azken egunetako gaien berri eman zuten batzarrean

(0 iruzkin)

Honako bederatzi herritarrek osa­tzen dute egungo Herri Kontseilua: Ainhoa Uranga, Asier Sota, Iraitz Santa Kruz, Jexux Albeniz, Iñaki Imaz, Eneko Dorronsoro, Jaione Dorronsoro, Aratz Urruzmendi eta Pello Galarragak. Irailaz geroztik, martxan da Herri Kontseilu berria eta urriaren 13an Herri Batzarra egin zuen talde berria herritarren aurrean aurkeztu eta eskuartean dituen azkeneko gaien berri emateko.
Talde berriak gogoan izan zituen aurreko Herri Kontseiluko kideak eta eskerrak eman zizkien lau urtetan egindako lanagatik. Hain zuzen, honakoek osatu dute orain arteko Herri Kontseilua: Ainhoa Gorostidi (lehendakaria), Iker Zinkunegi (idazkaria), Aitziber Alzua (diruzaina), Maider Illarramendi, Aitziber Gabilondo, Miren Zinkunegi, Ander Zubeldia, Ioritz Galparsoro eta Iñaki Aizpurua.

Hurrengo hauteskundeetan zer?
Herri Kontseilua berritzeko azken hauteskunde hauetan, zailtasunak egon direla gogorarazi zuten batzarrean: «Hautagai izateko proposamen pila egin zituzten herritarrek, baina bederatzi lagun bakarrik agertu ginen prest konpromiso honi aurre egiteko». Hori horrela, taldean aurkeztea erabaki zuten. Eta talde horrek %32,8ko babesa jaso zuen maiatzaren 26ko hauteskundeetan.
Sortutako egoerak hausnarketa merezi duela uste dute Herri Kontseiluko kideek eta herritarrekin lanketa egin behar dela hurrengo hauteskundeei begira. Horrez gain, orain arteko hauteskunde sistema ere Igeldorako egokia ote den zalantza dute eta landu beharra ikusten dute. Beste herri txikietako ereduak aztertzeko asmoa azaldu zuten.

Lan egiteko modua, aurrekoen jarraipena
Herri Kontseilu berriak nola egingo duen lan ere azaldu zuen. Printzipioz, aurreko kideek zuten lan egiteko moduari eutsiko diotela adierazi zuten eta hiru batzordetan banatuta ariko direla:
1.- Hirigintza eta lurralde antolaketarako batzordea (obrak, zerbitzuak, azpiegiturak...); Ainhoa Uranga eta Iraitz Santa Kruz dira batzordekideak. 2.- Garapen sozialerako batzordea (Kultura, komunikazioa eta Partehartzea); Aratz Urruzmendi, Jaione Dorronsoro, Iñaki Imaz eta Asier Sota dira batzordekideak. 3.- Garapen sozioekonomikorako ba­tzordea (musa, festak, diru iturriak aztertzea...); Jexus Albeniz, Eneko Dorronsoro eta Pello Galarraga dira batzordekideak.

Zein batzordetan edo  proiektutan ikusten duzu zure burua?
Batzordeei lotuta, argi azaldu zuten herritar guztien beharra dutela proiektu eta ekintza guztiak aurrera ateratzeko eta guztiz zabalik daudela laguntza jasotzeko. «Geroz eta kide gehiago bildu batzorde bakoitzean, orduan eta eraginkorragoak izango gara», azpimarratu zuten. Herri­tarrek laguntza emateko, batzordeetan sartu beharrean, proiektu jakinetan bakarrik inplikatzeko aukera ere badute. Horretarako, orri batzuk prestatu zituzten honako galdera luzatuz: Zein batzordetan edo proiektutan ikusten duzu zure burua?
Batzarrean egon ez arren, interesa izanez gero, batzordeetan edo ekintza puntualetan sartzeko aukera dago Herri Kontseiluko kideren bati edo dinamizatzaileari esanda.

Zer egingo dugu Eskola Zaharrarekin?
Talde berriak eskuartean duen lehentasunezko gai bat Eskola Zaharrarena dela nabarmendu zuten. Gogorarazi zuten Eskola zaharrean teilatua eta fatxada konpondu zirela, baina oraindik proiektua zehaztu gabe dagoela; hau da, zer erabilera eman nahi zaion. Ondoren, udaletxean aurkeztuko li­tzateke proiektu hori aurrera eraman dezaten.
Aurreko Herri Kontseilua gaia lantzen hasi zen eta egindako parte hartze prozesuko ekarpenak jaso, eta ondoren batzar ireki bat deitu zuen. Proposamen ezberdinak jaso zituzten: kafetegia, eguneko zentroa, erabilera anitzeko gelak, gazteentzako eta haurrentzako txokoa.
Herri Kontseilu berriak batzarrean azaldu zuen, aurreko kideekin elkarlanean ari direla eta erabaki dutela proiektua ondo landu eta hurrengo urrian aurkeztea. Horretarako, asmoa da talde zabal bat sortzea. Talde honek izango du ardura eztabaida prozesua herrira zabaldu eta proiektua osa­tzekoa. Lehenengo bilera zehaztu dute. Urriaren 28an izango da, 19:00etan, kultur etxean.

Kooperatibak itzuli du mailegua
Diru kontuak ere izan zituzten hizpide. Jakinarazi zuten, Kooperatibak itzuli dituela Herri Kontseiluak mar­txoan maileguan utzitako 30.000 euroak. Kooperatibak jabetza erregistroan arazoa zuen eta hori konpondu bitartean ezin zuen bankuko mailegua jaso. Arazoa konpondu du, bankuko mailegua jaso du, eta ondorioz, Herri Kontseiluak utzitako mailegua itzuli du. Hain zuzen, irailean itzuli zuen.
Balantze ekonomikoa orain egiteak ez zuela zentzurik azaldu zuten, urtea oraindik bukatzeke baitago, eta 2020ko lehenengo batzarrean egingo dela gaineratu zuten.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom