«Sinetsita gaude gauzak beste modu batera egin daitezkeela» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Sinetsita gaude gauzak beste modu batera egin daitezkeela»

(0 iruzkin)

2019ko Foru Hauteskundeei begira, Juan Karlos Izagirre izango da EH Bilduren hautagaia Gipuzkoako Diputatu Nagusi izateko. Gogotsu dagoela azaldu dio Orri Informatiboari eta helburuen berri ere eman dio.

Jarraian, egin dioten elkarrizketa:

EH Bildun berriro…
Beti egon naiz EH Bildun, ez da etenik egon. Hori bai, udaletxea utzi eta gero, egindako lana puntuala izan da, arlo zehatz batzuetara mugatua eta, batez ere, foku mediatikoetatik kanpokoa. EH Bilduren proiektuaren aldeko lana pertsona askok egiten dute, arlo eta maila ezberdinetan, batzuetan ezagunagoak, eta gehienetan itzalean, eta esango nuke hauek direla benetan inportanteak, besteak guztiz zirkunstantzialak baitira.

Nolatan eman duzu pausua?
Kostata. Ez da erabaki erraza izaten, askok imajinatuko duzuen bezala. Ez dakit beste alderdi politikoetan nola izango den, baina EH Bildun jendeak badaki honek zer suposatzen duen: arlo pertsonalean, familian, lanean… gauza asko utzi behar dira, eta onura pertsonalik gabeko erabakia da. Pentsatzen duenak dirua, boterea edo antzekoengatik ematen dela urratsa, oso oker dabil. EH Bildun inork ez du lan egiten interes per­tsonalengatik, militantzia eta konpromiso kolektiboengatik baizik.

Gogotsu al zaude?
Noski! Gauza bat da erabakia har­tzea kostatzea, berriro ere fokuak gainean edukitzeak ematen duen pereza izugarria sentitzea; eta beste bat, behin erabakia hartuta, zure %100a ematea. Oraintxe lanean tope gabiltza, eta gero eta gehiago egin nahian. Indarra eta gogoa ez dira falta.
Badakigu zenbat jende dabilen lanean proiektu honen alde, benetan sinetsita gaude gauzak egin daitezkeela beste modu batera, eta gozada bat da jende guzti honekin lan egitea.

Zer helburu edo asmo dituzue?
“Dituzue”? nahiago dut “ditugu”. Proiektua denona behar duelako izan. Nik beti esaten dut gure herriak, lurraldea, Euskal Herria, mundua… hobe bat eraikitzeko bi gauza behintzat argi eduki behar ditugula. Bat, bakoitza bere auzoan, herrian, lantokian hasi behar dela mugitzen; kaleko indarra eta herri antolatua ezinbestekoak baitira gauzak aldatzeko. Eta bi, ordezkaritza politikoa izatea egokitzen zaienei garbi eduki behar dutela, zintzotasunez, gertutasunetik, egiari beldurra eduki gabe, informazioa eman eta partekatuz, ezer ezkutatu gabe… egin behar dutela lan. Eta inoiz ahaztu gabe, herriaren nahia gauzatzeko tresna bat besterik ez direla.
Gainditu behar ditugu betiko politikariak eta politika egiteko ohiko manerak. Aspertuta gaude ustelkeriaz (egun ezagutzen direnak eta egunen batean ezagutuko ditugunak), anbizio pertsonalaz, interes partikularrak eta partidistaz, klientelismoaz, diru publikoa esku partikularretara berbidaltzeaz, gauza bat esan eta kontrakoa egiteaz, politika mafiosoaz, mehatxuaz eta mendekuaz…

Lehen helburua hauxe orduan: herritarrekin lan zintzoa egitea.
Herriak markatuko ditu egin beharrekoak, baina garbi daukagu honakoak behintzat mahai gainean izango direla, beste askoren artean: aberastasuna ondo bana­tzea; kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea; zerbitzu sozialetan (laguntzak dependentzia duten pertsonei besteak beste) emandako murrizketekin bukatzea eta zerbitzuak hobetzea; bertako komer­tzioak supermerkatu erraldoien aurretik jartzea; lan eta erretiro duinen alde egitea; gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna bultzatzea; apustu ekologikoak aurrera ateratzea ez ku­tsatzaileak eta osasunerako ez kaltegarriak; azpiegituren errepasoa egitea, herritarren beharretara egokituz eta ez interes partikularrei erantzunez,…

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom