Ireki dute denda | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Ireki dute denda

(0 comments)

Kooperatibaren salmenta guneak uztailaren 17an ireki zituen ateak. Bertan, denetariko produktuak daude erosgai eta herritar guztiei irekia da.

Poza eta ilusioa sumatzen dira azken egunetan igeldotar askoren artean. Azkenean, hainbeste lan egin ostean, lortu dute Kooperatibaren salmenta gunea irekitzea. Uztailaren 11n egin zuten inaugurazio ekitaldia eta 17az geroztik, zabalik dago denda. Bertan, denetariko produktuak daude erosgai: barazkiak, frutak, kontserbak, esnekiak, ogia, edaria, etxeko produktuak, erremintak, pentsua...
Oraindik bertara gerturatzeko aukerarik izan ez duenarentzat, hementxe aurrerapena.

Edonorentzat irekia
Denda herritar guztiei irekia da, beraz, edonork egin ditzake erosketak. Hiru erabiltzaile mota egongo dira: bazkideak, erosle laguntzaileak eta erosleak. Bazkide eta erosle laguntzaileek kuota ordainduko dute eta deskontuak izango dituzte.

Goiz eta arratsalde irekita
Ordutegiari dagokionean, goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera. Goizez 09:30-13:30 bitartean; eta arratsaldez 17:00-20:00 bitartean. Larunbate­tan, berriz, goizez irekiko ditu ateak: 09:30-13:30.
Hiru langile ariko dira dendan lanean: Amador Criado, Jexux Albeniz eta Estibalitz Arbelaitz.

Denda bakarrik ez
Kooperatibako bazkideek argi adierazi duten bezala, orain denda jarri dute martxan, baina Igeldoko Kooperatiba edo IKO, denda bat baino gehiago da.

BIHOTZETIK SABELERA: IKO, DENDA BAT BAINO GEHIAGO

20 urteko bidaia luzearen ondoren, Igeldoko Kooperatibak edo “Sindikatuak” ateak zabaldu ditu berriro, uztailaren 17an. 112 bazkidek bultzatu dute etorkizunera begira sortu den herri-proiektu dinamiko, erronka zale, herrikoi, dotore eta hurbil hau. IKO du izena eta ilusioa eta auzo-lana oinarri-oinarrian ditu, herriak herriarentzat sortua delako, bihotz-bihotzez, eta gure sabelak asetzen hasiko bada ere, begirada etorkizunean ipini du, ildo estrategiko zabala eta dinamikoa bere izenean baititu. Eta izena duena, da. Bai horixe!
Horregatik lan handia egin dugu, izena aukeratzen. IKOk asebete ditu gure baldintzak: euskalduna, gurea eta bakarra, Igeldokoa, ausarta, laburra, indar handikoa. Bere logoa ikusgai jarri da, Bentalegreko pelukeria zaharraren parean, IKO-dendak ateak zabaltzearekin batera. Astetxo bat lehenago bazkideek ikusteko aukera izan zuten, auzo-lanean eraikitakoaren fruitua. Fruta, barazkiak, lanabesak, pentsua, garbitzekoak… kooperatibaren izaerarekin bat datozen produktuak, bertakoak, ekologikoak, jasangarriak eta herritarron beharra asetuko dutenak.
Baina IKO denda bat baino gehiago da. Ekainaren 28an, bazkideek egin zuten azken batzarrean argi ikusi genuen. IKO-festa, IKO-laborategia, IKO-turismoa, IKO-azoka… ilusioa, ideiak, etorkizuna. Indar eta esfortzu handiarekin sortu dugu, eta hemendik aurrera ere, mimo handiz zainduko, osatuko eta garatuko dugula ziur gaude; guztion artean, orain arte egin dugun gisan.
Uztailaren 17tik aurrera, beraz, zerbitzu berria dugu herrian, nahi duenari zabalduta. Itzultzeko gogoa biztuko digun topagunea izango delakoan gaude. Eta hala bada, proiektu honetan interesa duenak izena eman dezake, dendan bertan galdetuz, edo junta kideren bati eskatuz. On egin eta gozatu Igeldoko Kooperatiba.

LANGILEAK GOGOTSU

Zergatik aurkeztu zinen? Zer duzu eskaintzeko?

AMADOR CRIADO (45 urte, Igeldo)
Kooperatibako bazkidea naiz eta oso proiektu interesgarria iruditzen zaidalako.
Uste dut proiektu honi gauza asko eskaini ahalko dizkiodala. Hilabete batzuk daramatzagu lanean eta dendaz aparte, nekazaritzari loturiko beste proiektu batzuk sor­tzeko ideiak darabilzkit buruan. Azken batean, niretzat proiektu hau ez da denda bakarrik, zerbait zabalagoa dela iruditzen zait, herriarentzat zerbitzu bat. Eta ikusiko dugu hemendik aurrera nola garatzen den.

JEXUX ALBENIZ (48 urte, Igeldo)
Kooperatiba irekitzeko asmoa zegoela ikusi nuenetik, ilusio handia egiten zidan proiektu honek eta apuntatzea erabaki nuen. Aukeratu nindutela jakitean poz handia hartu nuen.
Ilusio handiarekin nator, eta nire ekarpena esperien­tzia izango da. 19 urterekin hasi nintzen lanean supermerkatu batean, harakina izan naiz eta komertzio munduko esperientzia dut eskaintzeko.

ESTIBALITZ ARBELAITZ (40 urte, Oiartzun)
Proiektu honen berri bertan bizi den auzotar baten bidez jakin nuen eta arrunt proiektu polita iruditu zitzaidan. Herri txiki bateko denda bat, bertako produktuak eta nekazaritza bultzatuko duena. Ezagutzen ditut antzeko proiektu batzuk, Oiartzundik nator eta han ere bada antzeko bat eta aukera polita ikusi nuen holako proiektu batean parte hartzeko.
Egia esan oso gustora etortzen naiz, jendearen harrera oso ona da, asko zaintzen gaituzte eta antolaketa maila ere izugarria da. Nik eskaini nezakeena, bere garaian esan nuen moduan, nekazari ingurutik natorrela, baserrikoa naiz eta ikuspegi hori ere eman nezake. Bestalde ere, biologia mundutik datozen ezagutzak eskaini nitzake eta baita ekologia aldetik dauden ikuspuntu batzuk.

 

  

  

  

 

Current rating: 5

Comments

There are currently no comments

New Comment

required

required (not published)

optional

required

captcha

required

Recent Posts

Archive

2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom