IRATI ETA LAIDA ARRILLAGA CALONGE: Ametsak betetzen | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

IRATI ETA LAIDA ARRILLAGA CALONGE: Ametsak betetzen

(0 iruzkin)

Irati eta Laida Arrillaga ahizpek, bizitza osoa daramakite hockeyan jokatzen. Ikastolan hasi ziren, Santo Tomas Lizeoan, kirol hau sustatzen duen inguruko eragile garrantzitsuenetakoa izanik. Hortik Realera egin zuten salto, 9 urte eta 8 urte zituztela. Iaz, urte historikoa izan zen bientzat. Irati Europako azpitxapeldun izan zen Realeko lehenengo taldearekin eta Laida Espainiako txapeldunorde Euskadiko selekzioarekin, Sub18 mailan.

Irati, azken urtean, asko en­tzun dugu zuen berri (Realeko Ohorezko Mailako taldea). Eta arrazoia, 2017-2018 denboraldia oso ona izan zela eta 2019an Europako txapeldunorde geratu eta historia egin zenutela.
IRATI: Egia esan, denboraldian ez ginen hain ondo ibili. Erregu­lar­tasun ligan 6garren geratu ginen 10 taldetatik, baina ligako titulua jokatzeko sailkatu ginen (lehenengo 6 taldeak sailkatzen dira) eta liga irabaztea lortu genuen! Semifinaletan penaltietara irabazi genuen eta finalean ere bai.

Sorpresaz hartu zenuten orduan?
IRATI: Bai, bai. Ez genuen espero. Sailkapen sistema aldatu zuten eta zorte pixka bat ere izan genuen. Sistema kritikatu zuten ondoren punta-puntan ibiltzen diren taldeek eta aurten berriz aldatu egin dute. Erregulartasun Ligan lehenengo geratzen diren 6 taldeen artean jokatuko da, baina lehenengo bi postuetan dauden taldeak zuzenean sailkatuko dira semifinaletara. Gainerako lauen artean jokatuko litzateke klasifikatoria.

Liga irabaztea sorpresa izango zen, baina Europako Txapel­ketan ere ez zaretela nolanahiko taldea erakutsi zenuten.
IRATI: Liga irabazita, Europako Txapelketa jokatzeko sailkatu ginen eta krixton torneoa egin genuen. Ligan hainbestean ibili ostean, hau bai izan zela sorpresa. Azpitxa­peldun geratu ginen eta partidu historikoa izan zen, lehenengo aldia baitzen Realaren talde batek Europako finala jokatzen zuela.

Eta hortik etorri dira iazko Aste Nagusiko Kanoikada zuen eskutik joatea eta aurtengo Urrezko Danborra jasotzea (emakumeen futbol taldearekin batera biak). Nola hartu dituzue bi omenaldi edo aitor­tza horiek?
IRATI: Guretzat sari handia izan da. Futboleko neskekin batera izan dira biak eta beraiek bidea ireki digute gu eta hockeya ezagutzera emateko. Nesken futbola indarra hartzen ari da eta beraiengatik gerturatzen ziren zaleak. Eta argazkiak atera­tzen zizkiguten gu nor ginen jakin gabe ere! Baina modu batean, gu ezagutzeko modua izan da.

Ez dago dudarik, ondo daude halako ekimenak eta zuen lana eta emakumeen kirola bistaratzeko balio dute, baina nahikoa al da?
IRATI: Ez, baina egia da hemen hockeya kirol amateurra dela. Ez du dirurik ematen eta emakume eta gizonen artean ez dago diferentziarik. Hori bai, urteak daramazkigu zelai bat eskatuz eta gu­txienez, hori egitea ondo legoke. Anoeta berritzerakoan egingo zutela esan ziguten, hipodromoaren ondoan, baina ez dugu berririk. Nik behintzat ez dut exkabadorarik ikusten han. Bera Beran entrena­tzen dugu (Atletico San Sebastian) zelai erdi batean, eta hori Ohorezko Mailako taldea izanik. Hockeyan jokatu nahi duten umeak ere gero eta gehiago dira, baina izen-ematea itxi behar izaten dugu ez dugulako lekurik.

Hemen, belar-hockeya kirol amateurra dela esan duzu.
IRATI: Beste zona batzuetan garrantzi gehiago du, baina hemen ez. Katalunian, adibidez, fama handia du eta dirua mugitzen du. Eta gero, Holandan, Belgikan, Argentinan... indar handia du. Hemen, esan bezala, emakume eta gizonen artean ere ez dago diferentziarik. Ez da futbolean bezala. Hockeyan gustatzen zaizulako jokatzen duzu, ez diruagatik. Ez da profesio bat. Guk hockeytik atera­tzen dugun dirua entrenatzaile lanetan aritzeagatik izaten da.

Zuen taldean badaude fitxajeak, ezta? Eta horiek kobratzen dute?
IRATI: Bai, bost fitxaje daude Argentina eta Italiatik ekarriak eta horiek kobratzen dute, bai. Eta galdetu izan didate ea ez zaidan gaizki iruditzen, baina zer egin behar dugu? Dirurik sortzen ez duen kirol bat bada, nondik atera behar dugu dirua? Nik hockeyan jokatzen dut gustatzen zaidalako. Eta gutxienez, fitxajeek balio dezatela taldea ondo ibiltzeko eta tituluak lortzeko.

Nolako taldeak dauzkazue?
IRATI: Gurea oso oso gaztea. Aurreko urtean baja asko izan genituen eta oso talde gaztea daukagu.
LAIDA: Lehenengo Mailako taldea ere oso gaztea da. Bi taldeen artean adin media 18 urtekoa izango da.

Irati, aurtengo Ligari begira, otsailean bigarren bueltarekin hasi zineten 9garren postuan. Ze helburu dauzkazue? Iazko titulua errepikatu edo hobe­tzeko aukera ikusten al duzue?
IRATI: Lehenengo bueltan ez gara batere ondo ibili eta gure helburua da ligan mantentzea. Hemendik aurrera ahalik eta partidu gehien irabaztea eta ahal bada, seigarren postuan geratzea. Ligako titulua jokatzeko sailkatuko ginateke horrela. Europako Txapelketa ezingo dugu jokatu aurten, iazko denboraldian ez genuelako liga irabazi, baina aurtengo liga irabaztea ez dugu deskartatzen!

Zuek hobeto zabiltzate... ze helburu dauzkazue?
LAIDA: Gu nahiko ondo gabiltza, bai. Hala ere, gure helburua partiduak jokatu eta esperientzia har­tzea da, gure taldea lehenengo taldearen oinarria baita.

Laida, aurreko urtean Espai­nia­ko txapeldunorde geratu zinen Sub18 autonomikoan. Euskadiko selekzioarekin jokatu zenuen, zer moduzko esperientzia?
LAIDA: Oso ona. Urte pila bat ziren Euskadik ez zuela finala jokatzen. Beti hirugarren geratzen ginen eta mentalitate horrekin joan ginen, finala Katalunia eta Madrilen artekoa izango zela pen­tsatuz. Lehenengo partiduan, ordea, Kataluniari irabazi genion, talde indartsuenari, eta hor finala ikusten hasi ginen. Jarrera aldatu genuen. Azkenean, finalera iritsi ginen eta gero finala galdu egin genuen Kataluniaren kontra.

Selekzioarekin jokatu izan duzue lehenago ere?
IRATI: Nik 6 aldiz jokatu dut Euskadirekin, baina inoiz ez dut medailarik lortu. 16 urterekin, Espainiako selekzioarekin ere entrenamendu batzuk egin nituen. Sudurra puskatuta neukan eta kareta moduko batekin aritu nin­tzen. Orain nire entrenadorea denak (Jorge Perez) hartu ninduen selekziorako.
LAIDA: Nik 7 aldiz jokatu dut Euskadirekin eta lau domina lortu ditut: zilar 1 eta 3 brontze.

Poza emango du aukeratua izateak, ezta?
LAIDA: Bai, asko. Gainera, gogora­tzen dut, lehenengo aldiz hartu nindutenean, Iratiren azken urtea zela Sub16an eta elkarrekin joka­tzeko aukera genuela. Azken entrenamenduan, ordea, sudurra hautsi zuen eta ezin izan zuen txapelketa jokatu. Pena handia hartu nuen.

Bestela, jokatu izan duzue elkarrekin?
LAIDA: Bai, Realeko bigarren taldean eta ikastolan. Gainera, Santo Tomasekin Espainiako Txapelke­ta­rako sailkatu ginen 2018an. Kluben artean izaten da eta 8 onenak sailkatzen dira. Gero, partidu guztiak galdu genituen baina... Eta 2019an berriz sailkatu nintzen ni Santo Tomasekin, eta kasu honetan ere ez genuen gauza askorik lortu. Hala ere, esperientzia polita izaten da.
IRATI: Jendea harrituta geratzen da. Realeko jokalari bezala ezagu­tzen gaituzte eta naranjaz ikusten gaituztenean ze ekiporekin joka­tzen ari garen galdetzen digute. Egia esan, Santo Tomasetik asko sustatu izan da kirol hau eta Realeko ohorezko mailako ekipo erdia baino gehiago Lizeokoa da. Txapeldun olinpikoak eta Espainiako txapeldunak ere asko izan dira Santo Tomasen hasiak.

Ze asmo eta amets dituzue etorkizunera begira?
IRATI: Nire ametsa beti Realeko lehenengo taldean jokatzea zen eta hori lortu dut. Ikasketak egitera kanpora joateko aukera banuen, baina hemen geratzea erabaki nuen hockeyaren aldeko apustua egin nuelako. Txikitan, Olinpiade­tan jokatzea ere bazen nire ame­tsa, baina aukera hori aspaldi baztertu dut!
LAIDA: Lehenengo taldera igo eta Iratirekin jokatzea. Horrez gain, tituluren bat lortzea ere bai. Iratik-eta lortu dute... berriz ere, posible da!

Bukatzeko, ezin zuen osabaren kirol ibilbidea aipatu gabe utzi. Erremontista profesionala izan zen. Kirolerako sen hori Calongetik datorkizuela esan daiteke?
BIAK: Ba ez dugu sekula pentsatu... (pentsakor biak). Osabarena bai, baina amona, aitaren ama ere, sokatiran ibili zen... baina aitona Joxe Kruz ere esku pilotan ibili zen! Calongetik izango da, kirolari ibilbidea ikusita... Hala ere, konpetibitate puntu hori aitarenetik dudarik gabe! (parrez)

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom